Borrar
Peru Magdalena, esku-barrenean kabitzen den liburuarekin. P. MARTÍNEZ
'Tantaka', ehun haiku eta aukera eskaintzen dituen «keinu poetikoa»

'Tantaka', ehun haiku eta aukera eskaintzen dituen «keinu poetikoa»

Formatu txiki eta bitxiko liburu batean bildu ditu Balea Zuria argitaletxeak Peru Magdalena idazle eta margolariaren haikuak

Nerea Azurmendi

donostia.

Martes, 10 de noviembre 2020, 12:16

Bere txikitasunean, konplexua da haikua. Mendetako historia du, tradizio handia Japonian, eta arau zehatzak egiturari dagokionez. Horiei men eginda, euskaraz eta euskaratik sortuak dira Peru Magdalena (Durango, 1980) idazle eta margolariak 'Tantaka'-n bildu dituenak.

Euskarazko haikugintzan baditu Peru Magdalenak aurrekariak, hala nola Juan Kruz Igerabide edo Karlos Linazasoro, baina zailagoa da Balea Zuriak argitaratu duen liburuaren (liburuaren?) antzekorik aurkitzea, 'Tantaka' objektu zeharo berezia baita.

Formatu txikiko argitalpena da, bi eratara erabil daitekeena: bizkarreko kolak ematen dion osotasunean, edo orri soltetan... Esan liteke edukitzailearen garrantzia ez dela edukiarena baino apalagoa, bereizezinak ematen baitute proiektuaren bi alde horiek.

Ez bakarrik poesia

Orain dela hamalau urte argitaratu zuen aurreneko liburua Peru Magdalenak: 'Lile' (Elkar) ipuin bilduma. Geroztik etorri dira beste narrazio bilduma bat, bi poesia liburu eta eleberri bat. Askotan jo du labur idaztera, eta «Japonia eta Ekialdeko kultura, espiritualtasuna eta kontenplazioa»-rekiko duen miresmenak ere utzi du lan horietan arrastorik, han aurkitu baitu gaztetatik «espiritualtasuna eta transzendentzia gogoa» asebetetzeko modua.

«Plak plak plak plak plak/biguntzen da tantaka/harri gogorra» haikuarekin hasten den 'Tantaka'-n erabat murgildu da jatorria ez ezik kutsua ere Ekialdekoa duen poesia mota horretan, haikua poesia baino gehiago bada ere. «Bada forma zehatz bat, neurri bat, baina haikua ez da hori bakarrik: poesia ulertzeko modu bat ere bada, naturaren behaketa bat, une jakin bat harrapatzea...», argitu zuen Aritz Gorrotxategi editoreak.

Peru Magdalenak urteak zeramatzan haikuak lantzen eta idazten, «ibilian, hausnarrean». 300 bat aurkeztu zizkion argitaletxeari, eta pospolo-kaxa baten tamainako argitapen bat proposatu zien. Argitaletxeak haikuen kopurua murriztu zuen, eta formatua, berriz, handitu. Azkenean 100 haiku argitaratu dira, 10x6,5 zentrimetroko 'mikroliburuan'. Artista liburutik liburu konbentzionaletik baino hurbilago dagoela onartu zuen editoreak.

Gaiei dagokienez, haikuak berezkoa duen naturarekiko eta naturaren kontenplazioarekiko lotura ia erabatekoari eusten dio. Aurreneko atalean, batik bat, bi baititu. Borobilak identifikatzen du lehena, naturan nagusia den formak. Horizontalean paratu dituzte haikuak atal horretan, non «ez dagoen giza arrastorik». Bigarren zatiko haikuak bertikalean jarri dituzte orrialdean. Naturan existitzen ez den «giza konstrukzio» batek identifikatzen du atal hori, hirukiak, baina hor ere natura da protagonista nagusia.

300 ale diferente

Mikel Sernaren eta Natalia Rubioren laguntza izan du Peru Magdalenak liburu bat baino gehiago «artefaktu txiki bat, keinu poetiko bat» den 'Tantaka' diseinatzeko. Esanda dago txikia dela; tirada ere laburra du, 300 alekoa. 1etik 300ra zenbatuta daude, eta azal denak desberdinak dira, banan-banan jarri baitituzte kolore bereko tanten pean.

Horren txikia izanik, eramangarria da erabat. Desegin ere egin daiteke, orriak erauzteko diseinatuta baitago. Horrek gauza asko egiteko bidea ematen du, batez ere kontuan izanik orrialde osoaren jabe dela haiku bakoitza: «Asko gustatzen zaizkizunak gorde egin ditzakezu; gustatzen ez zaizkizunak zaborretara bota; oparitu; alboetan marrazkiak egin, edo idatzi...». Eta haiku bakoitza dastatu, gozatu, mastekatu, meditazio edo inspirazio iturri bilakatu... «Gauza handia izan daiteke irakurkearen baitan sartzen bada», esan zuen egileak.

Argitaletxearen aldetik, bide berri baten hasiera ere bada 'Tantaka', formatu txikiko testu eta liburuentzako Urrezko Saila abiarazi baitu Balea Zuriak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Tantaka', ehun haiku eta aukera eskaintzen dituen «keinu poetikoa»