Ver fotos

Bi gaztetxo gaur goizean. Arizmendi

Taupada lasaiagoarekin ekin dio Durangoko Azokak 56. edizioari

Landako Gunean txanda bakoitzeko sar daitezkeen bisitarien kopurua 1.200 era mugatu izanak modu nabarmenean aldatu ditu Azokaren dinamika eta giroa

Sábado, 4 de diciembre 2021, 17:05

Landako Guneko ateak ireki eta bi ordura San Agustinen egin den irekiera-ekitaldi ofizialean, Durangoko Azoka zein garrantzitsua eta zein beharrezkoa den nabarmendu dute agintariek eta babesleek, eta aurrez aurrekoaren ezinbestekotasuna aldarrikatu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. Ordurako, ordu eta erdiko buelta eginda zeukaten aurreneko txandako bisitariek, eta amaitua zen Bulegoren ordu erdiko emanaldia Plateruenan.

Publicidad

Ordu erdiz aretoa aireztatu ondoren -txanda guztien artean uzten da tarte hori bisitaririk gabe, segurtasuna areagotzeko-, ordurako sartzen ari zen Landako Gunean bigarren tanda, 12etakoa, oraingoz arrakastatsuena, hartuta baitauzka plaza guztiak Azoka amaitu arte. Eneritz Furyak, berriz, 12:10etako emanaldia prestatzen ari zen tabernarik gabe eta Ahotseneak antolatutako disko aurkezpenetarako, eta soilik Azokaren egunetarako, zabaldu den kafe antzoki ohian. Aurretik izena eman beharrik ez dagoen gainerako guneak ere martxan zeuden, 11:00etan ekin diote aurtengo egitarauari.

Ofizialki inauguratu dutenerako, alegia, jendea ari zen frogatzen Durangoko Azoka guztiz ezohiko honek funtzionatzen duela. Desberdina dela eta desberdin funtzionatzen duela, baina betiko Durangoko Azokaren ohiko osagaiak dituela, eta hori behar zela iazko edizio soilik birtualaren ondotik. Beraz, hurrengo egunetara begira zalantzarik izatekotan, uxa daitezke: Durangoko Azokak, funtsean, betikoa izaten jarraitzen du, eta jende pilaketak gogoko ez dituzten horiek behingoz badute Landakon lasai ibiltzeko aukera.

Sortzaileak

Nahiz eta haien presentzia ez den iragartzen megafoniatik, eta ez diren azaltzen inongo egitarautan, egunero hurbilduko dira idazle eta musikariak

Nahiz eta haien presentzia ez den iragartzen megafoniaz eta ez den agertzen inongo egitarautan, idazle eta musikariekin topo egiteko aukera ere izango dute bisitariek, maila pertsonalean bada ere asko hasi baitira Azokara hurbiltzen euren lanak argitaratu dituzten argitaletxe eta diskoetxeen erakusmahaietara. 10etarako Susarenean zegoen, esaterako, nobela argitaratu berria duen Kirmen Uribe, eta musikarien artean eta goiztiarrak izan dira asko, hala nola Jabier Muguruza, Joseba Tapia eta Mikel Markez. Stand propioekin, han ziren halaber Kalakan eta Garikoitz Mendizabal txistularia.

56. edizio berezi honetan, gauza asko berdinak edo ia berdinak dira: erakusketarien, nobedadeen eta erakusmahaien kopurua, aurkezpenak, solasaldiak, adin eta zaletasun desberdinetako publikoei zuzendutako jarduerak arlo desberdinei emandako guneetan... Antolatzaileek indarrean dagoen araudira egokitu ahal izateko ezarri dituzten neurrien eraginez, Landako bisitatzeko modua aldatu da batik bat, eta horrek giroa eraldatu du.

Publicidad

Horren guztiaren ondorioz, beste taupada bat du aurten Durangoko Azokak. Taupada lasaiagoa du, isilagoa, lehen orduetako sentsazioen arabera. Egin dira ilarak kanpoaldean, banaka-banaka ziurtatzen baitziren erreserbak Azokako bihotza den Landakora sartzean. Hala ere, segituan banatzen ziren bisitariak inoiz baino zabalagoak diruditen kaleetan. Izan ere, olatu baten moduan sartzen da publikoa Landakon, eta erretiratu ere horrela egiten da, pixkanaka.

«Sorpresa atsegina»

Euskal Herri osoko ehunka haur eta gazte elkartzen zituen Ikasle Eguna bertan behera geratu izanak erabat aldatu du hasiera. «Ez da egon jende-olderik ateak irekitzean, ez da ikusten nerabe koadrilarik, sentsazio arraroa da», zioen Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk, «Kezka handiarekin etorri gara, eta ikusiko dugu zer gertatzen den, baina aurreneko inpresioa ez da txarra. Ideiak argi dituen jendea ari gara ikusten, erosle kualifikatuak, nolabait esateko, eta hori sorpresa atsegina da».

Publicidad

Durangoko Azokari leporatu izan zaion 'erromeria' izaeraren aldean, publikoaren kopuruari eta jarrerari dagokienez aurtengo edizioak antz handiagoa du liburu azoka 'arruntekin'. Aurtengo Azoka aurreko Azokekin alderatzen bada, berriz, Erein argitaletxeko Idoia Gonzalezen hitzetan gaurko lehen bi orduek ematen zuten «Azokaren azkeneko eguneko azken bi orduak».

Gustura hasi dute Azoka, dena den, eta iruditzen zaie jendea ere gustura dabilela. «Badakigu salmenten aldetik ez dela izango urte ona, askoz ere jende gutxiago ibiliko delako, baina online denda eta liburu-dendak ere hor daude», azaldu du Ereingo ordezkariak. Antolakuntzaren eta logistikaren aldetik, edizio 'normalak' baino konplikatuagoa izan dela diote Ereinen, erakusketarien jarduna baldintzatzen ari diren jarraibideak Azoka hasteko denbora gutxi falta zenean hartu direlako. Baina ari dira moldatzen, badute eskarmentua.

Publicidad

«Datorrena erostera dator»

Ohiko erakusmahai luzea jarri duen Txalaparta argitaletxeko Garazi Arrula editoreak ere alderdi hori nabarmentzen du: «Ez genekien nola asmatu, aldiro joan gara gauzak aldatzen. Zenbat liburu ekarri ere ez genekien ondo, hemen salduko ditugunez gain online salduko direnak ere geuk gorde behar ditugulako standean». Eragozpenak eragozpen, gogoko du irakurleekin hurbilagoko harremana izateko aukera eskaintzen duen patxada, eta iruditzen zaio «irakurle militanteak» direla Azokara hurbiltzen ari direnak, batez ere formula berri honek zer emango duen aurreikustea ezinezkoa izan den lehen egunean.

Hurrengoetan gertatuko dena ere «aurreikusezina» da, Susako Josu Landarentzat, bisitariak horrelakoxeak direlako. «Orain esango nuke txanda denak ez direla beteko, baina batek daki, Jendea, zorionez, inprebisiblea da». Zertara datorren ondo dakien bisitariaren ideia hori berak ere badu, baina sentsazioren bat nabarmetzekotan poza nabarmendu nahi du. «Pozgarria da hemen egotea, ilusio handiarekin etorri gara. Gogoratuko dugun beste esperientzia bat izango da».

Publicidad

Xabier Mendiguren idazle eta Elkarreko editoreak 34 urteko esperientzia dauka Durangoko Azokan. Lehen orduetan, faltan eman ditu gazteak –«akaso larunbat goiz bat ez da momenturik egokiena haientzat»–, eta ikusi du nola ari ziren jaisten liburu-pilaren batzuk. «Datorrena erostera datorrela ematen du», zioen, ziurgabetasunean baikor.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad