![Xabier Lete, geruzaz geruza](https://s3.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/202010/18/media/cortadas/59131265--1968x2850.jpg)
![Xabier Lete, geruzaz geruza](https://s3.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/202010/18/media/cortadas/59131265--1968x2850.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Koronabirusaren eraginez, atzeratu egin dute 'Xabier Lete, gezur eta egia gurea', aste honetan Donostiako Victoria Eugenia antzokian egitekoa zen omenezko ekitaldia. Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenaren harira, alegia, poeta eta kantari oiartzuarraren soslai ahalik eta osatuena, eta egiazkoena, aurkeztu nahi zen, hogeita hamarretik gora artista, idazle eta bertsolariren eskutik.
Data berria jarri eta iritsi artean, badago nora jo Xabier Lete nor zen gogoratzeko, hobeto ezagutzeko edo, kasuren batean, ereserki balioaniztun bilakatu den 'Xalbadorren heriotzean' kantaren egilea baino askoz ere gehiago dela deskubritzeko.
Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenaren atarian –2010eko abenduaren 4an hil zen Lete, 66 urte zituela–, haren inguruko hainbat lan kaleratu dira. Oiartzungo Udalak sustatzen duen Mugarri bildumako aurtengo ale monografikoa izan den 'Zerbitzu lanean. Lete kazetari, Lete prosagile' lanean, esaterako, haren prosazko zenbait lan bildu dituzte. Leteren alderik ezezagunari erreparatu dion liburua Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik osatu dute.
Badira beste bi lan, saiakera nahiko bereziak izateaz gain ezaugarri bat partekatzen dutenak. Gazteak dira egileak, Leteren ondorengo belaunaldikoak, eta ikuspegi berriz erreparatu diote haren legatu pertsonal eta literarioari. Alex Gurrutxagaren (Zarautz, 1988) 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' (Alberdania) ekainean aurkeztu zen. Irailaren amaieran ekarri zuen Ainhoa Urienek (Abadiño, 1995) 'Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan' (Pamiela).
Bi-biek jatorri akademikoa badute ere, lan oso pertsonalak direla esan daiteke, literatura-ariketak ere bai. Uztarri akademikotik libre, publiko zabala gogoan hartuta idatzita daude biak.
Alex Gurrutxaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da gaur egun, eta Literaturan doktore. Hain zuzen ere, 'Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat' doktore-tesian oinarrituta dago liburua, baina izaera propioa du.
«Tesitik aterako dira zatiak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko, hori da bide akademikoa, baina liburu hau egiten hasi nintzenean oso lurrean neuzkan hankak, eta oso argi neukan publiko zabalarengana heldu nahi nuela», argitu du, bi lanen arteko aldea nabarmenduz.
Hasieratik zeukan argi 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria'-ren xedea: «Nire ustez Xabier Lete euskal jendearentzat fundamentala da, eta jende ez espezializatuari ere eman nahi nion zerbait. Irakurle guztiek ezagutuko dute Leteren alderdiren bat, edo pentsatuko dute ezagutzen dutela. Gehienek batez ere ezagutuko dute kantari bezala, eta askok agian bi edo hiru abesti ezagutuko dituzte bakarrik... Baina hori baino askoz gehiago da Lete, alderdi asko ditu. Ni ikuspegi ahalik eta osatuena ematen saiatu naiz».
«Obsesio dibulgatiboak» bultzatuta idatzi du liburua, eta «ariketa kolektibo» gisa planteatu: «Saiakera dialogikoa da, ez lezio bat. Komuna den gai bati buruz ari garenez, irakurketa aktiboa eskatzen du, eztabaida ere egon daiteke. Jende askok ezagutu zuen Lete, askok esango dute 'ni han egon nintzen'... Horregatik esaten dut ez dela testu akademiko edo zientifiko bat, ariketa kolektiboa baizik, irakurlearekin elkarrizketa, denon artean sakondu dezagun Leteren ezagutzan».
Egiturari dagokionez, «hiru zati nagusi ditu, eta gero pusketaka antolatu dut, gauzak kronologikoki ordenatuz eta Leteren 20 bat poema sartuz». Izan ere, ohikoez gain «faktore asko hartu nahi izan ditut kontuan. Banekien ezin zela denetan sakondu, baina fundamentala iruditu zait denei buruz zerbait esatea, horregatik egin dut liburua pusketaka...».
'Pusketa' asko bildu ditu liburuko 260 orrialdeetan, hirurogeita hamabost inguru, mota eta luzera desberdinekoak, askotarikoak gaiei dagokienez. Denen batuketak osatzen du, Anjel Lertxundiren hitzak erabilita, saiakera «bizi eta joria». Leteren «poesia eta pentsamendu poetikoa ezagutzeko» ez ezik, hori ondu zen garaietara hurbiltzeko ere oso lagungarria dena.
Proiektuak badu beste adar bat, Eusko Ikaskuntaren Gazte Saria beka jaso zuena: 'Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat' egitasmoa, Gurrutxagak Joana Otxoa de Alaiza piano-jotzailearen partekatzen duena. Disko-liburu bat osatzea eta errezitaldiak eskaintzea da proiektuaren helburua, baita Lete gazteei hurbiltzea ere. Emaitza, datorren urtean.
Filosofia ikasten ari zela –gaur egun irakasle da Donostiako institutu batean– egin zuen gradu amaierako lanarekin lotura zuzena du Ainhoa Urienen liburuak, baina aspaldikoak ditu benetako sustraiak. «Saiakera literario pertsonal eta poetikoa» da, egilearen hitzetan, 'Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan'. Izenburutik zauriak, izenburutik poesiaren izaera sendatzailea, «bizitza ia erdia gaixo, oinaze handiekin, eman zuen Leteren biografia ezagutzen baduzu askoz hobeto ulertzen dituzulako bere poemak».
Ainhoa Urienek umetatik idazten du, «beharrizanetik edo momentu ederretatik, gorputzak eskatzen didalako». Leterekin ere haurra zenetik du harremana: «Etxean asko entzun da beti. Txikia nintzenean asko hunkitzen ninduten bere abestiek, oso barneratuta neukan haren poesia. Gero, 14 urte egin nituenean, 'Egunsentiaren esku izoztuak' oparitu zidan amak, eta momentu hura mugarri bat izan zen Leteren poesiarekin izan dudan harremanean».
Ez zuen Lete ezagutu, baina haren inguruko lana egiten hasi zenean «konturatu nintzen baneukala bere zirkulu humanoa ezagutzeko beharra». Arreba Arantxa; Felix Zubiaga adiskide eta medikua: Santi Sánchez, Lourdesen garaietatik etxean laguntzen zien emakumea, etxekoa zutena; Joxean Goikoetxea; Antton Valverde... Leteren paisaietan ere murgildu zen: Oiartzunen, Urnietan, ospitaleko korridoreetan.
Xabier Leteren bilaketa horretan, geruzak altxatzen joan zen aurka-apurka, ahalik eta barruen iritsi nahirik. «Amets bat betetzea» izan da bidaia, eta ezusteko aurkikuntzak ere egin ditu. «Jende horrek guztiak transmititu didana da Lete, poema gehienek transmititzen dutenaren kontra, pertsona alaia zela; idazten zituela poema tristeak, baina bera txistosoa zela. Asko harritu ninduen», dio.
Proiektuari nondik heldu erabaki aurretik «buelta asko eman nizkion buruari. Azkenean, emozioei jarraika idatzi dut, bulkada pertsonaletik». Leterekin zeukan konexiotik, azken batean. «Nire ustez hor dago Leteren klabea, jendearengana iristeko daukan gaitasunean. Ez da gauza bat ondo edo gaizki esatea, baizik eta iristea. Aurkezpenean Joxerra Gartziak esan zuen Lete dela inoizko komunikatzailerik onena». Gartziak esan zuen, halaber, Ainhoa Urienen liburua «eredugarria» dela, besteak beste, «genero nahasketagatik. Hau mestizajea da, saiakera, prosa edo poesia da, bidaia kontaketa bat izan daiteke, eta dena zentzuz txertatuta ematen du».
Baliteke ez izatea Leteren inguruan egingo duen azken ekarpena, uste duelako asko dagoela oraindik deskubritzeko. Baditu gairen batzuk begiz jota, hala nola «kontzertuetan kanten aurretik egiten zituen aurkezpenak, enmarkatuta jartzeko modukoak».
Publicidad
Beñat Arnaiz | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro
Jon Garay y Gonzalo de las Heras
Julio Arrieta y Gonzalo de las Heras
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.