Secciones
Servicios
Destacamos
Paregabea da 'Sutemose' filmeko arte zuzendaritza: agertzen den arma bakoitzak, jaten duten borsch platerkada bakoitzak, ogi beltzak, bala-zorro hutsean sartutako arkatz sinbolikoak («hau da nire arma»), kaxa ttipien barruko zigarro preziatuek... Guztiek garamatzate 1948ko partisano lituaniarren bizi-tza miserablera. NKVD –sobietarren polizia politikoa– zirkulua hersten ari da haien inguruan. Basoa da protagonista; ia plano orotan ageri dira makalak eta pinuak, izan zutun, etzanik edo erdi erorita. Suari eransteko apartatuak izan diren adarrak ere casting batetik atereak dirudite. Agian halaxe atzematen dugulako guk ere historia, arbolek ezkutaturik eta kodifikaturik, partzialki? Grisetik marroirako paleta nabarrean eta kandelen argitan egingo dugu bidea, zikoinek eta ardiek ere lokatz kolorea duten parajeotan. Partisanoen buru den ilegorriak tabako meta batekin egina dirudien bizar sarrian ezkutatzen du bere burua. Hain piktorikoa da dena ze, Hermitage museoan gaudela pentsatzeko arriskua izan bailezake ikusleak. Elementuak zenbatzeak lagun lezake film bat deskribatzen: zero irribarre eta hamar pospolo kontatu ditut nik pospoloak inportanteak direla jabetu naizenetik. Gerraoste gordinean gaude eta tragedia usaintzen da, baina lehen ordu eta erdian ez da tiro bakar bat ere entzungo.
Lurmendu da elurra. Ez dago, ordea, udaberri arrastorik, orbeletan lurperaturik gaude bekainetaraino. Gerra bortxa bortitz eta bat-batekoz tartekatutako itxaronaldi krudel bezain aspergarria dela onartzen badugu, gerraosteari buruz azken urteotan ikusi dugun film errealistenetako baten aurrean geundeke. Ze erritmo du zain egoteak? Nola eman bizitasuna zain gauden tarte horri ikuslea aspertu gabe? Posible da? Ekintza bat izan liteke zain egotea bera?
Basozainaren ifrentzua dira lituaniarrok: basoak zaintzen ditu haiek, patuari itxaroten dioten bitartean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.