Gauzatzear den fantasia bat da itsas-bidaia, eta halaxe izena du ontziak berak. Zineman eta literaturan askotan landu izan da gaia; hor ditugu Cortázarren 'Los premios', Foster Wallace-en 'Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat' edo Koldo Almandozen 'Sîpo Phantasma' bera. Aitor Merinoren filmean ere horixe da bizkarrezurra, zuzendaria eta bere arreba Amaia –zinemagilea berau ere– gurasoekin baitoaz kruzeroan. Edozein familiak hartuko lituzkeen oporretako irudi xumeak erakutsiz hasten da, baina filmak pisua eta sakontasuna hartzen ditu apurka-apurka, protagonisten dimentsio intimoaren taupadak erakutsiz eta haien arteko harremanaren erradiografia eginez, existentzia minorren unibertsaltasuna modu hunkigarri eta enpatikoan azalera-tzeko. Ez, jaun-andreok, ez da derrigorrezkoa familia disfun-tzional bat film on bat egiteko: elkar goxatzen dakien jendeari buruzko film ederrik ere egin daiteke. 'Fantasía' da horren froga.
Publicidad
Badira barreak, haserretxo domestikoak, konfesioak, oroitzapenak... Iktusaren ondoren gitarra jotzen asmatzen ez duen aitaren egokitu beharra. «Zertarako balio du erretratu batek, haren bidez gogoratuko zaituenik ez bada?», galdetzen du offeko ahotsak.
Itsas-bidaia, etxeko elkarbizitzaren irudiekin tarteka-tzen doa, familiaren memoria anekdota, argazki-album, zaletasun eta gaixotasunen bitartez osatuz. Jolasaren bertuteen gorazarre bat da film hau, pozak garaiz ospatzearen aldeko aldarria, eta Kontxi eta Iñaki gurasoei egindako maitasun gutuna. Naturaltasunez agertzen dira Iñakiren hortzaordeak, gorputz helduaren edertasunak eta ajeak. Xukadera horia soinean, dantza askean dabilen Kontxiren alegrantzia; bagarelako bakarrik dantzatzeko gai. Eta senar-emazteen dantza lotuaren ospakizun gogoangarria; hona elkarrekin egotera ere etorri garelako. Gutxien esperotakoan askatu beharko dugulako txikota.
Doitasun miragarriz eta gustu finez filmatu ditu Merinok aita-amen nortasun karismatikoen ertzak, gurasoei dien afektua bihurrikeria apur batez zipriztinduz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.