Borrar
Urgente Las 10 noticias clave de la jornada

Intentzioa

Azken tangoa ·

Domingo, 20 de septiembre 2020, 09:54

Sail Ofizialeko epaimahaiburu Luca Guadagnino berak HBOrentzat telesail bat egin izana bada aski argigarri: geratzeko etorri dira telesailak jaialdietara. Plataforma digitalek sosa dakarte dirua falta den garaian, zertan uka. Errazagoa da telesail baterako aurrekontua lortzea film bat egiteko baino? Gogoan dut garagardo enpresa handi bateko marketing arduradunak behiala esandakoa: «Lehenago emango dizkizugu hirurogei mila euro festa bat antolatu eta liburu bat egiteko, festarik gabeko liburu bat argitaratzeko hiru mila euro ziztrin baino». Zer da nagusi eta zer osagarri? Adiskide argazkilari bati ere halaxe bota zion galeristak: «Ttipiegiak dira. Errebelatu metro eta erdiko argazkiak eta bihar bertan salduko dizkizut». Alferrik esango zion artistak ikusleak hurbil zitezen nahi zuela, bazela intentzio bat neurriaren hautuan. Gauzak handitasunez, handizka edo handikeriaz egitearen arteko aldea sotila da batzuetan. Ez dago artearen eta merkatuaren arteko ika-mika bezain eztabaida zaharrik, bestalde. Achero Mañasen azken filmeko protagonistaren arabera, telesailak «plastilina argumental luzatua» besterik ez dira. Zer lirateke orduan luzemetraiak? Paradisuko buztina? Arriskua hor dago: dirua izua da eta kontserbadore bihurtzen zaitu. Telesailen abantailak? Pertsonaiak etxekotu eta aztura bilakatzen direla. Liburu bat film bihurtzeko kimatu beharrean, nobelak jorratu gabe utzitako zidorrak lantzea ahalmentzen dizu formatu luzeak. Konplexutasuna irabaztea. Filmak, ordea, sintesiaren dotorezia dakar, ikusleen denbora doia preziatzea (gauza baterako erabiltzen den denbora ezin baita beste baterako erabili; bikote finkoen arteko sexu harremanak erruz jaitsi ei dira telesailen urrezko aroan).

Woody Allenek omentzen dituen Truffaut, Bergman, Buñuel eta enparauek telesailik egingo lukete bizi balira? Zein estrategia hautatuko lukete? Eta, batez ere, zein intentziorekin?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Intentzioa