Borrar
Urgente Las 10 noticias clave de la jornada

JORDIREN LETRAK

Harkaitz Cano

Donostia

Viernes, 27 de septiembre 2019, 15:55

Film batzuk sekula ez amaitzea nahi zenuke; beste zenbaitetan, aldiz, besaulkiko pedal ikusezinei eragin nahi zenieke tramari bultzatu eta helmugara lehenbailehen heltzeko. Gutxi batzuetan, ikusten ari zaren filmaren erritmo posible bakarra filmak duen huraxe dela jabetzen zara, nekez egin zitekeela muntaia beste era batera. Maider Fernandezen 'Las letras de Jordi' dokumentala da horren adibide garbia. Jordik garun paralisia dauka eta elkarrekintzak ezin du harekin azkarra izan, denbora eskatzen du, bizitza modernoaren absurdoak batere ez izatera garamatzan gai ukiezin eta preziatu hori. Hatz puntaz mahai gaineko kartoian ageri diren hizkiak seinalatu ahala, zailtasunez baina determinazioz erantzuten die Jordik zuzendariaren galderei. Filma, alfabetoa den asmakizun goren horren gorazarrea ere bada, abezekiro jarritako hizki sorta xume batek lezakeen guztiaz ohartarazten gaitu. Honenbestez, antizipazio jolas bat sortzen da, Jordik seinalatzen dituen hizkien arabera hurrengo hitza nork lehenago atzemango, zuzendariak ala guk.

Filmaren bertute nagusietakoa ikuslea ordubetean komunikazio ikasketaren bihotzera eramatea da, hasieran soinu artikulatu gabeak diruditen horien baitan dauden ñabardura emozional eta semantikoak ulertzera iristea. Ez da komunikazioa posible ez denik, geure arretarekin zekenak izan ohi garela baizik. Jordiren adiskide ere baden zuzendaria, samur baina gurasokeriarik gabe mintzo zaio: konturatzen da Jordiri egiten dizkion zenbait galdera deseroso zaizkiola eta tristetu egiten dutela, agian urrunegi heldu dela batzuetan, baina azken muntaian utzi egin ditu irudi horiek, hauskortasuna eta mina zintzoki islatzen dutelako. Geure aurrejuzguen parean ipintzen gaitu Jordik, halako moldez non dokumentalaren ezusteko epilogoa mugak haustera datorren oihu aske bihurtzen den, bizitzak jarritako trabez hitz egin bezainbat, bizitza trabatua gozatzeko aukerak aldarrikatzen dituena.

Gogoan iltzatuta geratu eta egunek aurrera egin ahala ahazten ez den film horietakoa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco JORDIREN LETRAK