Borrar
Eta nola geratuko litzaioke txapela Oiartzungo alabari? IÑIGO ROYO
Zorionekoak
Pandemiatik gerrara

Zorionekoak

Puntako hiritarra izateko punta atera beharra dago denari, baita bertsolaritzari ere. Euskaldun izatea zein nekeza den...

Gaizka Lasa

San Sebastián

Domingo, 18 de diciembre 2022, 08:31

Puntako hiritarra izateko punta atera beharra dago parean jartzen den gai bakoitzari. Non zapaltzen duen jakiteko ardura du halako deitura jaso nahi duenak. Galderak egiteko hezten ditugu gure seme-alabak, kritikoak izateko, bizitzako etorbidetik tentuz ibiltzeko, zulo edo pu-tzuak non dauden antzemateko. Adi! Erne! Esna beti! Baina klaro, horrek ere bere albo kalteak ditu. Zoragarria den horren edertasunaz patsadaz gozatzeko eta lilura burbuila horretan erabat murgiltzeko, gure ganbaran sartu dizkiguten antibirus guztiak desaktibatzea da lehenengo baldintza. Biluzik geratuko gara orduan bai. Zirraratzeko, hunkitzeko eta malkotan bukatzeko arriskuan.

Txapelketaren izaerak kontrako iritziak jasotzen ditu. Kultura arloan gainera, lehia kontraesan gisa ulertzen duenik bada. Batak bestea irabazi beharrak utzi ditu historian zehar pasadizo xelebreak, bertsotan ere. Pentsa, Basarri handiaren haserrea ere eragin zuen 1962ko edizioko finalak, edo hobe esanda, bertan emandako puntuaketak. Ez zen gehiago itzuli txapelaren bila. Elegante bukatu ordea bere saioa: «Nere burura datorren dana esan bear det berela / ez gero pentsa fallo orrekin nik penik artu detela / urte askuan nebillen ta gaizkitxo nebillen, gaur billatu du epela / nere lagunik aitienari eman bai diot txapela». Bost urte beranduago Xalbador igaro zen Uztapiderekin batera buruz burukora, eta orduan entzun behar izan zuen publikoaren txistukada ezaguna. Baita dotore asko erantzun ere. «Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa neure gustura nagonik / poz gehiago izango nuen albotik beha egonik / zuek ezpazerate kontentu errua ez daukat, ez, nik / txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet oraindik!».

Txapelketak morboa pizten duela, bultzada mediatiko artifizial samar bat sortzen duela eta bertsoa merkantilizatu egiten duela entzuteaz gain, eraso teorikoak ere irakurri ditut. Atxagak berak idatzitakoak. Bertsolaritzaren gaindimentsionatze moduko bat ikusi zuen asteasuarrak. «Zergatik atera nahi da bertsolaritza bere ohizko lekuetatik eta eraman nahi da Unibertsitatera edo hirira, eta zergatik ematen zaio halako prentsa handia?». Era berean, azpimarratu zuen bertso-saioen kritika gero eta txikiagoa dela, eta publikoak ere antzera txalotzen dituela ale onak eta txarrak. Iritzi batzuk kuskizuna bera jendetsua bilakatzen denean bere benekotasuna galtzen duela diote. Zilegiak, noski, irakurketa guztiak, baina kontra egiteko besterik ez bada, eztabaida guztietan 'alde' azaltzea erabaki dut. Mundialeko finalari ere begi zeharka begiratuko diot tarteka, atera kontuak. Ruperren abestia ekarri behar ezinbestean. «Hori suertea nonnahikoak diren hoiena! Sasi guztien gainetikan dabiltza hegan. Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautazea munduko hiritar izatea».

Garai urrunetako euskaldun haiek esan behar izan digute 'Zorioneko' izatea dela hemen printzipala

Kontra egiteko besterik ez bada ere eztabaida guztietan ni 'alde' azalduko naiz hemendik aurrera

Aurreiritzirik gabe, antibirusik gabe, biluzik entzungo dut saioa. Iradokizun freskagarriena, irrifar maltzurrena eta neuronen dantza lizunenaren bila abiatuko naiz. Azken puntuaren adrenalina dosiaren bila. Hitzekin eraikitako katedralen handitasunaz txunditzen utziko naiz. Eta bertsoaren bideko iskinetan utzitako harri koskor distiratsu horiek ere begiestuko ditut. Gozatu!

'Zorioneko' omen da 2022 urteko hitza. Eta garai urrunetako euskaldunak etorri behar izan dira gurera (Irulegira zehazki) gomendioa ematera. Haiek ere bertsotan egingo al zuten? Seguru hitza idatzi zuenak gaur gozamena lehenetsiko zuela kritika alde batera utzita. Mundu nazkagarri honetan pena merezi duen bakarra edertasuna bilatzea dela esaten zuen egunero Ramon Trecet irrati esatariak 'Dialogos 3' saioa amaitzen zuen bakoitzean. Gaur izango dugu non aurkitu. Zorionekoak gu. Eta hori nahikoa ez duenarentzat, hona hemen Basarrik gaurko egunez 1989an Jon Lopategiri txapela jantzi eta bota zuena. «Ekarri naute garaileari txapel eder bat jaztera / bertsolariok jarrai gogotsu herri batetik bestera / gure lurrean guk ez daukagu zertan egon buruz behera / une honetan aitor dezagun bagera edo ez gera / bertsolaritza bizi dan arte biziko baita euskera». Amen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zorionekoak