Ines Azpiazu, Usoa Zumeta eta Agurtzane Solaberrieta, erakusketako aurkezpenean.

Zumetaren alderdirik «garrantzitsuenetako eta ezezagunenetakoa» ezagutzeko erakusketa

Apirilaren 12tik 28ra Usurbilen ikusgai izango dira «artistaren ia ibilbide osoa hartzen duen pieza sorta» 1960tik 2018ra artekoak eta denak «figuratiboak»

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 22 de marzo 2024, 15:08

Jose Luis Zumetak Usurbilen egin zuen muralaren 50. urteurrena ospatzeko egindako programa zabalaren baitan azkena, 'Zumetaren Usurbil' erakusketa, aurkeztu dute ostiral honetan Usurbilen. Sutegiko erakusketa gelan izango da apirilaren 12tik 28ra eta horietatik hirutan, apirilaren 14an, 20an eta 28an Usoa Zumetaren azalpenekin ezagutzeko aukera izango da. Zumetarekin batera izan da agerraldian Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea, artistak eta herriak «binomio banaezina» osatzen dutela azpimarratuz.

Publicidad

Harremana, oroitu duten bezala, 1973an hasi zen eta ordutik ez da eten. Udalaren enkarguz ekin zion murala egiteko lanari eta 1974ko apirilean amaitu zuen. «Usurbil ezin da ulertu Zumeta gabe, ezta Zumeta Usurbil gabe ere, eta erakusketa honek, hain justu, hori islatuko du: Zumetaren obran Usurbilek eta usurbildarrek izan duten tokia», adierazi du Solaberrietak.

Erakusketa bera mintzagai izanda, artistaren alaba eta Zumeta Arte Estudioaren arduradunak aurreratu du «artistaren ia ibilbide osoa hartzen duen pieza sorta» dela, 1960tik 2018ra artekoa, denak «figuratiboak» eta «izanik, Zumetaren alderdirik garrantzitsuenetako eta ezezagunenetako batera hurbiltzeko beta» ematen duena.

Zumetaren esanetan, pieza bakoitzak diziplina jakin batez hitz egiteko aitzakia emango die. Azaldu duenez, iazko erakusketarako ikerketa egiten hasi zenean, hainbat ezusteko hartu zituen: «Esaterako, Zumeta dezente ibili zen kartelgintzan, baina ez nuen uste Usurbili lotutako sei kartel topatuko genituenik: eta nork daki, beharbada, gehiago ere topatuko ditugu aurrerago». Batzuk herriko festetarako egindako kartelak dira, eta beste bat, Usurbil herri izendatu zuteneko 600. urteurrenaren ingurukoa. Hori guztia jasoko duen katalogoa prestatzen ari da Zumeta: maketatzen ari dira, erakusketarako prest izateko.

Bere aldetik, Ines Azpiazu 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren dinamizatzaileak gehitu du museoaz harago herriko kaleetan murgiltzen denak hamaika artelan ezagutzeko aukera izango duela, Zumetak egindakoez gain Remigio Mendiburu, Irantzu Lekue, Judas Arrieta edo Ainara Azpiazu 'Axpi'-renak.

Publicidad

Gehienez 14 laguneko taldeak osatuko dira ordu eta erdi iraungo duten hiru bisita berezi horietarako, noski aurrez izena emanda, 12:00etatik 13:30era eta 3 euro ordaindu beharko dira, doakoa aldiz 18 urtetik beherakoen kasuan. Antolakuntzak aurreratu duenez bisitak euskaraz izango dira.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad