Borrar
350 pilotakadako txapela

350 pilotakadako txapela

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 1 de diciembre 2024, 11:53

Pasa larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan ikusi genuen partidak pareko gutxi dauka gure errekuerdotan. Zirraragarria egin zitzaigun Unai Lasoren eta Peio Etxeberriaren arteko lehia, gudua, borroka, erronka Lau eta Erdiko final hartan. 350 pilotakadatik gora jo zuten biek eta a zer nolako pilotakadak. Egun, 350 pilotakadetan, dago, bai, Lau eta Erdiko txapela. Eta a zer nolako pilotakada braboak, zailak, txundigarriak. Eta a zer nolako erritmoa partidarena. Eta a zer nolako emozioa galtzen hasi zena bere onera etortzen ikusterakoan. Eta a zer nolako bihotz-ikara, bihotz-lilura irabazten hasi zenak bereari, bere garaipen-ametsari, bortitz eta balent eusten ziola antzematean!

Galtzen hasi baitzen azkenean txapela jantzi zuen Nafarroako Bizkarretan jaioa den Unai Lasa. Aditu eta zale askok ('Berria'-ko Jon Eskuderok, kasurako) 'elektriko'-tzat hartu izan dute Peio Etxeberriaren partida hasiera hura. Erasorako prest agertu zen kantxan. Eta eraso egin zion Unairi era ikusgarri-dramatiko batez. Hain ikusgarria, hain dramatikoa, zer,300 inguru pilotakada eta gero txapelduna izango zenak 0-5 galtzen zuela konturatu baikinen derrepentean.

Finala kasik erabakita zela uste zuten amets egiten ez dakiten hainbatek. Unaik, ordea, partida hasi baino lehen lehiakideari esandakoari heldu zion ameskor, amesti. Zer nolako esaldia bota zion ba? 'Biok ezin dugu, ez, txapela jantzi'. Eta Zangoza aldeko semeak berarentzat nahi zuen. Aurkariak egin nahi ez zion baina, maleruski, egin zion erregalu bat probestuz, markagailua iraultzeari ekin zion. Ez zen iraultza gozoa latza baizik. Begi bistakoa zen fisikoki berean mantenduko zenak irabaziko zuela. Peiok partidari ezarri zion erritmoa zaila zen gordetzen 'kaiola' ez baita gozoa inorentzat.

Hasi zen markagailua Unairen alde jiratzen 6-2, 7-3 eta 8-6. Hasi zen Etxeberria tantoak gaizki amaitzen. 8-10ekoa ikaragarria suertatu zen. 34 pilotakadakoa, izan ere.

14koan iritsi zen berdinketa, atsedenetik bueltan. Indarrak agortzekotan zirela, hiru akats egin zituen Peiok eta ondorioz, txapela jantzi zuen Lasok, lehiatzeari inoiz ez baitzion uko. Ulertzekoak dira oso, finala eta geroko adierazpenetan berarekin la egiten duen psikologoari luzaturiko alabantzak.

Partida gogoangarri hura ikusi ondoren Nafarroako Unibertsitate Publikoak duela urte bete euskal pilotaren gaineko ikerketa sakon eta zientifikoa etorri zitzaigun zenbaitsuoi burura. Sarean eskura dituzuen paper horien arabera, 1992 urtean 240 pilotakada izan baziren Lau eta Erdiko finalean, 2023koan 300 eman zituzten Altunak eta Etxeberriak. Datu horrek jokoa gero eta azkarragoa, gero eta intentsitate handiagoa duela adierazten du ederki. Kuriosoa ere pilotakaden izaera bera, gero eta gutxiago erabiltzen da botea, gero eta gehiago airezkoak dira pilotakadak, joko zuzenago bat eraginez… Tantoak lortzeko sakea dugu, nola ez? jokaldirik erabakigarriena. Bigarren planoan geratu dira, berriz dejadak eta bestelakoak…

Tantoak lortzeko sakea dugu, nola ez? jokaldirik erabakigarriena. Bigarren planoan geratu dira, berriz dejadak eta bestelakoak…

Gero eta hobeto prestatuagoak kantxaratzen dira pilotariak. Kirol prestakuntza ederrak sortu ditu gaurko frontoietan jarduten duten atleta horiek. Modernoa da fisikoa eta burua lantzeko plangintza bai. Aspaldiko eta betiko teknikak erabiltzen jarraitzen du ordea Hendaiako Pumpak pilotak egiteko. Malasya bezalako urruneko lurretatik ekarritako materialarekin, hain zuzen. Teknika da tradizionala, bai. Ez ordea pilota horien finketa. Euskal Herriko pilotaleku bakoitzaren baldintzetara egokitzen dira, hezetasuna, tenperatura, bote egiteko era kontuan zehatz eta zorrotz harturik…

Lasok jantzi zuen pasa larunbatean txapela, intentsitate, tentsio handiko 350 pilotakada baino gehiago izan zuen final batean. Nafarroako Unibertsitate Publikoak kaleraturiko azterketa horretan esaten da partida baten joko eraginkorraren denbora erreala %18koa baino ez dela. Beste guztia, sinetsi ala ez, etenaldiak bide dira. Beraz, 18 hori ederki erabili behar txapelduna izan nahi baduzu. Lasok bazekien, Etxeberria txapeldunordeak ere, ez pentsa. Alta batek izan ezik beste inork ezina zuen txapela jantzi Bilbon.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 350 pilotakadako txapela