
San Sebastián
Miércoles, 10 de febrero 2021, 07:35
Zur eta lur utzi zituen pilotalazaleak Azkoitian ostiralean Joseba Ezkurdiak emandako erakustaldiak. Binakako Txapelketara «hustuta» heldu ondoren, erregai-tanga gainezka du berriz Arbizuko ... aurrelariak.
Publicidad
-Zer aldatu da Txapelketa hasi zuen Ezkurdiatik Azkoitikora?
-Dezente. Txapelketa honetara txisparik gabe heldu nintzen, edo ez agian behar bezala mentalizatuta. Hustuta nengoen. Orain, berriz, gogo handiz ikusten dut nire burua, ilusioz.
-2020ko bukaeran Binakako txapela irabazi, Buruz burukoan final-laurdenetan galdu eta Lau t'erdikoan finalerdian kanpora. Eragin zizun urte amaiera hark?
-Bi hilabete horiek oso gogorrak egin zitzaizkidan. Ondo eta asko entrenatuta heldu nintzen Buruz burukora, ongi ikusten nuen nire burua, baina Altunak irabazi egin zidan. Jokin faboritoetakoa baldin bazen ere, kolpea hartu nuen. Ondoren Binakako finalerdia eta, gaindituz gero, finala nituen Martijarekin. Egun gutxitan bi partida garrantzitsu. Gastatu egin ninduten. Handik gutxira Lau t'erdikoa hasi zen eta nire bi partidetan konturatu nintzen hankek ez zidatela nahi bezala erantzuten.
-Gorputzak ala buruak egin zuen kale?
-Buruak. Binakako bi partida haietarako esfortzu handia egin nuen eta ondoren ez dakit ondo zer gertatu zen, baina ez nengoen berdin. Denbora behar izan dut neure onera itzultzeko.
Publicidad
-Zure neurketatik onenetarikoa da joan den ostiralekoa?
-Ladis berarekin ere onak jokatu nituen duela bi urteko Binakakoan. Gogoan ditut Irribarria eta Zabaletaren aurkakoa Azpeitian eta handik astebetera Labriten izan genuena. Pilotari abiadura handia eman eta asmatu egin nuen egun haietan. Martijarekin Bilbon Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari irabazitako finalean ere gustura bukatu nuen. Egun hartan oso ondo aritu ginen taktikoki. Azkoitikoa horien artean sartuko nuke.
-Olaizola II.aren eta Rezustaren aurka lortzeak beste plus bat du.
-Izen eta joko handiko pilotariak dira biak, eta haien aurka pilotan ondo jokatzea zailagoa da.
-Hasi bezain laster 5-1 atzetik zineten.
Publicidad
-Ladisek zalantzekin ekin zion neurketari eta Beñat nagusi zen atzean. Jokoan ahalik eta gehien sartu behar nuela ikusi nuen. Bizpahiru tanto azkar lortzeak lagundu zigun. Pilota motelagoak gehiago sartzeko aukera eman zidan. Min egiten nuela eta puntua borrokatzeko moduan ginela konturatu nintzen.
-Lehen jardunaldian 22-3 galdu zenuten Irunen. Ahaztu duzu hura?
-Bai, bai. Une hartan ez zen gozoa izan. Ezta hurrengo astean Bergaran galdu genuena ere. Ez genuen gurea egin bi egun haietan. Ezintasun handia sentitu nuen, asmatu ezinik genbiltzan. Baina orain disfrutatzen ari naiz, baita entrenamenduetan ere.
Publicidad
-Aurreneko hiru partidak galdu zenituzten.
-Baina hirugarrena, Astelenan, beste era batekoa izan zen. Nahiz eta Jaka-Martijaren aurka 22-21 galdu, partidaren bigarren zatian min egiten genuela konturatu ginen. Nire hiru kaleren ondoren aldatu zen gure bikotea. Tanto batez galtzea pena izan zen, baina irakurketa positiboa atera genuen. Konfiantza eman zigun.
-Asko hitz egiten duzu Ladisekin? Elkartzen zarete?
-Normal. Ez naiz telefonoz sarri deitzen duenetakoa. WhatsApp mezuren bat edo beste bidaltzen dizkiogu elkarri astean zehar. Pilota aukeraketara elkarrekin joateko ohitura dugu. Partidetara bakoitza gure kontura joaten gara.
Publicidad
-Lagunari babesa ematea entrenatzen al da?
-Ez. Nire jokoaren barruan sartzen da atzelariari laguntzea, berak niri bezala. Partida txarrak jokatu ditut nire ibilbidean eta beti izan dut norbait ondoan babesa emateko. Irujo, Barriola, Zubieta... irakasle onak izan ditut. Merino II.arekin ere jokatu nuen behin txapelketa eta gogoan dut hura ere. Haiekin ikasitakoa egiten saiatzen naiz orain Ladisekin.
-Zer ematen dizu Ladisek?
-Ahalmen handiko pilotaria da, ezker ona duena. Pilotari ondo eraso egiten badio, azkar irteten zaio eskutik. Aukera duenean, kolpea askatzeko esaten diot. Abiadura da gure jokoaren oinarria, eta lagun ona da horretan.
Noticia Patrocinada
Joseba Ezkurdia Galarraga 1991ko apirilaren 22an jaio zen Arbizun eta 29 urte ditu. Asperen eskutik igo zen profesional mailara 2011ko abenduaren 28an Tolosako Beotibarren. 1,91 metroko garaiera eta 92 kiloko pisua.
Lau txapel ditu: Lau t'erdi barruko bi (2018 eta 2019) eta Binakako beste bi (2018an Zabaletarekin eta 2020an Martijarekin). Afizionatu mailan, Bankoa Crédit Agricole-DV eta Elgetako lau t'erdiko txapelketak irabazi zituen 2011n.
-Duela bi urte ere elkarrekin aritu zineten. Bi punturekin bukatu zenuten lehen itzulia.
-Orain hiru ditugu eta ostiralean laugarrena eskuratzeko aukera. Gogoan dut orduan zenbait jardunalditan 18 eta 19 tantorekin geratu ginela. Bigarren itzuli oso ona osatu genuen, zazpitik bost irabaziz. Finalerdietara sailka-tzeko garaipen batera geratu ginen. Garai hartan, Lau t'erdiko txapela janztetik nentorren, konfiantzaz beteta. Aurten, hasieran kosta arren, bikote bezala aurten hobeto gaudela esango nuke.
-Aurreneko bi postuetan bukatzeko modurik ikusten duzu ala play-offa da helburu bakarra?
-Lehenengo seietan sartu eta play-offerako saikatzea da helburua. Zaila ikusten dut goiko bietan bukatzea, kontuan hartuta zein hiru bikote dauden lehian: Elezkano-Zabaleta, Altuna-Mariezkurrena eta Olaizola-Rezusta. Nahiago nuke finalerdietako ligaxkarako zuzenean sailkatzea baina beste asmoari heldu beharko diogu aurretik.
Publicidad
-Zein da Txapelketako ezustea?
-Mariezkurrenarekin zeuden zalantzak baina oso ongi erantzuten ari da. Ukitu berezia du eskuinean. Peña ere oso maila onean ikusi dut. Aldiz, Jaka-Martija bikote konpletoa iruditzen zitzaidan, eta kosta egin zaie orain arte. Badirudi Txapelketak ez dituela une onean harrapatu. Halere, asko geratzen da oraindik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
La mejor hamburguesa de España está en León
Leonoticias
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.