Borrar

Wimbledoneko belar gainean belauniko

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 4 de julio 2021, 11:58

Egia, txupinazorik ez asteartean Iruñeako udaletxeko plazan. Egia, ofizialki, tradizio handiko hamaiketako horien gainean debeku dago Navarrerian Iturraman bezala. Adio ajoarriero bakailaoz gainezka egiten duten platerei. Adio bertakoek zein kanpokoek gurtzen dituzten txingarrak tomatearekin horiei. Adio patxaran kopa horiei. Adio amaierarik ez duen bazkalostean kontu kontari aritze horri. Adio, adio, adio… Ziur al zaudete? Ez duzue uste, itsumustuan uste eta sinetsi ere, nola edo hala, hemen, hor edo han asmatuko dutela hamarretakoa egiten? Santo Domingo merkatuan erositako tripakiekin, abere odolarekin, arkume eskutxoekin, zerriaren belarriekin hamarretako paregabea (basa, zeharo paleolitiko eta mundiala) atonduko dutela baietz, Erriberako ardo gorriaz blai, jakina.

Egia ala gezurra, nork daki zer gertatuko asteartean Iruñeako bazterretan. Hala ere, 2022ko entzierroekin ametsetan, aitortu beharko dugu uztailean zehar ez dugula birusak eraginiko zauriak (barnekoak, kanpokoak) miazkatzeko denbora askorik. Hollywooden, Broadwayen, Carnegie Hallen edo Covent Gardeneko inguruetan esaten den bezala, 'Ikuskizunak aurrera behar du egin, The show must go on'. Eta lelo horri fier eutsi diote makina bat jendek. Txupinazorik izango ez den asteartean berean, ireki egingo da, maskaradun ponperiaz, txertoak zulaturiko glamourraz, Canneseko Zinemaldia. Bertako ate, saloi, areto eta eskailerak kontu handiz gordetzen dituzten zaintzaile guztien jarrera beti izan bada Infernu zein Zeruko atariak babesten dituzten aingeru-deabruen parekoa, aurten, birusa azken-aurreko dantzan dabilela, sekulakoak izango dira segurtasun neurriak eta estreinakoz, akabo, segun eta zein filma ematen zen, La Croisette pasealeku osoa hartzen zuen jauregian sartu nahi zuten horiek sorturiko ilarak. Aurten, lehenbizikoz, internetez erreserbatu beharko dira sarrerak. Beraz, ordenagailuak bihurtuko dira gudu zelai. Estreinakoz, alfonbra gorria ez da sarbidea lortzearren borrokan hasten ziren haien odolaz bustiko.

Aurten, Wes Andersonen 'French Dispatch' dastatzeko beta izatea izango da ikusle frankoren amets birtuala. Errazagoa, dudarik ez, Verhoeven 'Bennedetta' filmaren berri izatea, datorren ostiralean Iparraldeko pantailetan izango baita…

Txupinazorik ez, Covid-19 pasaporte europarrak babesturiko arrandia, bai. Ez ahaztu, askoren esanetan Canneseko Zinemaldia Zeluloidearen Joko Olinpikoak dira. Ez, Netflixek ez du gauza bera pentsatzen.

Txupinazorik ez, Zinema bai. Baita bizikletak ere. Cannesen Urrezko Palmondoa norentzat jakin eta ordu batzuetara, hiru ziklista igoko dira Pariseko podiumera. Baten elastikoa, maillota, horia izango da. Norena ote? Van der Poelena? Pogacarrena? Van Aertena edo Alaphilipperena? Nola edo hala, Canneseko merkatuaren ondoan diren tabernetan, telebista izango da piztuta eta apustuak irekiak…

Txupinazorik ez. Baina Urrezko Palmondoa, bai. Baita mailot horia ere. Eta… Wimbledon belar sakratuan emakumezko batek eta gizonezko batek altxatuko duten zilarrezko garaikur bana. Iragan astelehenean hasi zen planetako osoko tenis txapelketarik dotoreena, klase handikoena. Bukatu, UEFAk antolaturiko Euro 2020 futbol lehiaketa bere akaberara iritsiko den egun berean bukatuko da The All England Lawn Tennis an Croquet Clubak urteetan zehar, pazientzia, urguilu eta duintasun handiz ondutako torneoa.

Futbolean, etxerako bidea buru makur hartu zuten selekzio handi horien guztien ondorengoa zein jakitea da zaletuon desira. Antza, baztertuen iraultza ikusten ari gara telebistetan. Nork zuen, esaterako, Ukrainaren berri zehatza? Eta Suitzarena?

Malenkoliak, halabeharrak, ezinak uste baino maizago eta gogorrago kolpatzen ditu balizko, usteko jiganteak…

Baina gu ez ginen futbolean tenisean baizik. Hartu berri genuen Londreseko Metroaren District Line eta Southfields izeneko geltokian jaistekoak ginen. Edo bagindoazen South London Metro geltokiaren hurbil hartutako 493 zenbakidun autobusean. Ez, taxirik ez genuen hartu. Ezta Wimbledon Tenis Lehiaketara propio eramango zaituen autobusa ere. Garestiak, garestiak oso dira eta. Gainera, dirua alferrik galdu gabe, ezin susmatuzko plazera izango duzu opari: autobusetik uzten zaituen lekutik pistetara iritsi ahal izateko, muino txiki eta suabe bat jaitsi beharko duzu; zure burua ikusiko duzunerako prestatzeko aukera ezin hobea.

Tenisaren historiak besarkatuko baitzaitu segituan. Wimbledoneko belarrak, belarrak berak ez du parekorik munduan. Han, presarik ez da existitzen eta egunak, asteak, hilabeteak bertan emango bazenitu, zinez dizut belar hori hazten antzemango zenuela…

Cannesen ponperia bada nagusi. Wimbledonen elegantzia sotila, mendeetan zehar landutako urguilu isila dute bandera. Derrigor jantziko dira zuriz jokalariak. Derrigor zainduko dira manerak. Derrigor izango dira nobleak lehiakideekiko. Epaileekiko, ikusleekiko, pilotak jasotzen dituzten neska-mutilekiko.

Milurteko honek eraginiko kalapita, pandemia, liskar batek ere ez du hemen sartzerik izan Hemen belarra hazten entzuten duzulako. Hemen, whiskia eskuan duzula, inork Djokovic gainditzerik izango duen galdetuko diozu, kasik berorika, aldamenekoari. Hemen, askok nahiko genuke Serena Williams txapeldun ikusi. Baina jakin badakigu Ashleigh Barty sasoiko dagoela.

Gure desio horiek guztiek ez dituzte, alta, aztoratzen belaunaldiz belaunaldi transmititzen den jakinduriaz Wimbledoneko belarra maite maite ontzen duten lorezainak. Jakin ederki dakite beren ofizioan match ball-az ezin dela jokatu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Wimbledoneko belar gainean belauniko