Borrar
Ahotsak.eus webguneko lantaldea eta Markel Olano diputadu nagusia. MICHELENA
«Aitortza osoa» Ahotsak.eus-eko lantaldeari

«Aitortza osoa» Ahotsak.eus-eko lantaldeari

Atzo jaso zuen 2018ko Abbadia Saria «euskarazko ahozko ondarea eta herri hizkerak jaso eta hedatzen egindako lanagatik»

Sábado, 1 de diciembre 2018, 10:23

«Euskarazko ahozko ondarea eta herri hizkerak jaso eta hedatzen egindako lanagatik» eman zion atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak ahotsak.eus webguneari 2018ko Abbadia Saria. Ahotsak.eus-ek fondo aberatsa landu eta argitaratu du. 2004az geroztik, Euskal Herri osoko 350 herritako 5.800 lagunen ahozko testigantzak jaso dituzte, orotara 51.000 bideotan. Saria jaso zuten, lantaldearen izenean, Izaskun Gastonek, Irati Lizeagak, Aintzane Agirrebeñak, Idoia Etxeberriak, Arianne Unamunok, Asier Sarasuak eta Haizea Odriak.

«Gure aurreko belaunaldiak ezagutuz, haien bizipenak eta hizkera bera, gure burua, hizkuntza komunitate eta herri gisa, hobeto ezagutu eta aberastu egiten dugu», adierazi zuen Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, saria emateko ekitaldian. Euskararen eta euskal kulturaren alorretako hainbat eragile eta ordezkariren aurrean, Olanok euskal kultura eta euskararen aberastasuna «belaunaldi berriei transmitzeko beharra» nabarmendu du. «Lan horretan berebiziko garrantzia du gure aurreko belaunaldien ahozko ondarea jaso eta zabaltzeak», diputatu nagusiak azpimarratu zuenez.

«Ikuspegi askotik proiektu baliotsua da Ahotsak.eus, euskal gizarterako eta euskararentzako berarentzako. Euskaraldian murgilduta gabiltzan honetan, euskararen erabilerari bultzada emateko kezka eta ardura historikoa dugun honetan, ez dago soberan euskararen ahozko ondareari erreparatzea. Kalean euskara bizi-bizi erabiltzeko, esan-indarra duten hitz eta esamoldeak behar ditugu. Etengabe berritzen ari den aberastasun hori, Ahotsa.eus-i esker, guztion eskuragarri dago, herritar, euskaltzale, ikerlari nahiz sortzaile», goraipatu zuen.

Horregatik guztiagatik, Foru Aldundiko jauregian egindako ekitaldian, diputatu nagusiak «aitortza osoa» adierazi zion Ahotsak.eus-eko lantaldeari, ondare hori guztia «auzolanean» pilatzen eta lantzen ari delako, tokiko elkarte eta erakundeekin etengabeko elkarlanean. «Gainera, teknologiaren indarra eta berritasuna probestu dituzue ondare atzemangaitz bat jasotzeko erraz eta aise, gero modu librean lau haizetara zabaltzeko», laburbildu zuen.

Ahozkotasuna eta hizkuntzaren transmisioa ardatz izan zituen ospakizunean, Arrate Rodriguez artista errenteriarrak okasiorako propio egindako artelana jaso zuten Ahotsak.eus-eko ordezkariek. Jone Miren Hernandez epai mahai buruak adierazi zuenez, webguneak merezimendu osoz jasoko du saria «euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik».

Ainara Ortega aktore eta abeslariaren ahotsak eta musikak girotu zuen ekitaldian parte hartu zuten, baita ere, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek. Bertatik bertara jarraitu zuten sari-ematea Eider Mendozak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, eta Imanol Lasak, Gobernantza eta Herritarrekiko Komunikazioko diputatuak. Aurreko ekitaldietako saridun Kike Amonarriz, Ibon Sarasola eta Antton Olariaga ere, besteak beste, publikoaren parte izan ziren.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Aitortza osoa» Ahotsak.eus-eko lantaldeari