Borrar
Interes handia piztu du Azpeitiko Sanagustun kulturgunean egin den jardunaldiak.
Arnasguneen alde egotea ez da aski, alde egin behar da

Arnasguneen alde egotea ez da aski, alde egin behar da

'Lurraldea eta Hizkuntza' jardunaldiaren ondorioen arabera, horretarako «ezinbestekoa da arnasguneak subjektu juridiko gisa egituratzea»

Miércoles, 10 de octubre 2018, 19:06

'Lurraldea eta Hizkuntza' jardunaldiaren laugarren edizioak ondorio oso argi bat utzi du: asnasguneen alde egotea ez da nahikoa; haien alde egin behar da, garatzeko aukera izan dezaten eta, euskarak jasoko baititu horren onurak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk elkarlanean antolatutako jardunaldia Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egin da asteazken honetan, 'Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera' izenburupean.

Beste urrats bat izan da 2014an jorratzen hasitako bidean. Orduko hartan lurralde-antolakuntzaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harreman kezkagarria mahaigaineratu zen. Hurrengo edizioetan zehazten joan da ikuspegia, eta gaiaren inguruko ezagutza zabaltzen. Besteak beste, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) izeneko tresna joan da garatzen eta aplikatzen, gogoeta prozesua hasi zenean baino askoz ere informazio gehiago dagoelarik arnasguneek euskararentzat duten garrantziaz zein euskarak birika betean arnasten duen gune horien egoeraz eta arazoez.

Aurreko jardunaldiek erakutsi dute arnasguneei eragiten dizkieten politika publikoetan hizkuntza prebentzioaren ikuspegia txertatu behar dela, politika horien bitartez garatzen diren jarduerel «kalterik ez eragiteko gune euskaldunen euskarazko gizarte bizitzan eta kultur garapenean; hau da, soziolinguistikoki diren modukoak izaten jarrai dezaten».

Laugarren honetan proposatu da prebentzioaren ikuspegitik aurrerago joatea, mendekotasun egoeran dagoen euskarak arnasguneak behar dituelako egungoari eusteko eta esparru berriak irabazteko, eta arnasguneek ere badituztelako behar bereziak.

Zazpi ondorio nagusi

Saioak amaituta, zazpi puntutan bildu dute antolatzaileek egunak eman duena. Nabarmendu dute, lehenik eta behin, «prebentzioaren ikuspegia aski ez dela», eta beharrezkoa dela halaber «jauzi berria eman, aurrera begira jarri eta garapenaren ikuspegia lantzea». Garapen orekatu eta jasangarriaren ikuspegia, alegia. «Gaurko jardunaldiek erakutsi digute paradigma horretan sakontzeak argibide eta lan-ildo berri bezain interesgarriak eta beharrezkoak zabaltzen dituela», ondorioztatu dute.

«Zeharkakotasuna garatzeko eta erdigunean kokatzeko garaia» dela ere uste dute, agerikoa delako «hizkuntza komunikazio eta gizarteratzeko tresna gisa jarduera eta harreman sozial guztietan presente dagoela». Hortaz, «harreman eta egitura sozial horiek baldintzatzen edo eraldatzen dituzten esku-hartzeek eragina dute hizkuntzen normalizazio prozesuan», eta argi utzi nahi izan dute ondorioetan «egungo gizarte bizitza antolaketan, egituraketan edota jardunean eragiten duten proiektu guztiek hizkuntzen normalizazio- edo galera-prozesuak bultzatzen dituztela». Horietan guztietan hizkuntzaren dimentsioa hartzeko hainbat irizpide eta oinarri eskaini ditu LUHIren laugarren ekitaldiak.

Alde egotetik alde egitera igaro behar dela ere oso argi gelditu da jardunaldian. Arnasguneek hizkuntzaren berreskurapen- eta normalizazio-prozesuetan duten garrantzia inork gutxik jartzen du zabaltzan. Horregatik, diote, «adostasun hori operatibizatu eta neurri zehatzetara itzultzeko garaian gaude». Jardunaldian landutakoak horretarako erreferentzia-markoa eskaintzen du, bai eta hainbat jarraibide posible ere.

Arnasguneei begira halako neurriak hartu behar badira, «ezinbestekoa da arnasguneak subjektu juridiko gisa egituratzea». Alegia, beharrezkoa da «arnasguneen, haien leuntze-eremuen eta haien arteko korridoreen kategorizazio eta aitortza juridikoa».

Arnasguneen garapen jasangarriaren ikuspegitik gaian sakontzeko diziplina arteko ikerketa aplikatuko egitasmo berriak garatzea ere beharrezkoa iruditzen zaie, eta berretsi dute «Lurralde Antolaketarako Euskararen Plan Sektoriala garatzeko premia». Laugarren jardunaldian aurkeztutako edukiak, antolatzaileen ustez, «material baliagarria» eskain dezake plan sektorial hori garatzeko. Horrez gain, «gaurkoak plan hori garatzeko gizarte eragileon eta erakunde publikoen arteko lankidetza-eredu interesgarria eskaintzen duelakoan» daude.

Eta azkenik, arnasguneetako euskaldunen kontzientzian eragin beharraz ere aritu dira, «alde batetik, herritarren ahalduntzea jorratuz, eta, bestetik, identitatea balore aurrerakoien baitan landuz».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arnasguneen alde egotea ez da aski, alde egin behar da