Borrar
Ariketa praktikoa: alderatu arriskuak eta onurak. Efe
Arriskuen kudeaketa

Arriskuen kudeaketa

Hemen, bigarren olatuan ·

Kontuan hartzeko moduko metodoa izan daiteke datozkigun Gabon-Eguberri egun zeharo emozionalak zentzu apur batekin antolatzeko

Martes, 8 de diciembre 2020, 07:59

Azken lau urteetan hiru parte eman, beste horrenbeste istripu izan eta zortzi puntu galdu dituen automobil hori baten jabe den 23 urteko mutil gazte bati gehiago kobratuko diote autoaren aseguguagatik forfuiesta xahar batean -kilometraje urriak orekatzen ditu urteak- 5.000 kilometro egiten dituen, puntu denak dauzkan eta azken 40 urte hauetan parte bakarra eman duen (txapa kontu bat, huskeria) adin ertaineko emakumeari baino. Seguru.

Kontu korrontearen laburpena irekitzean bistaratu zaidan egiaztapen horren motakoak direnez gelditzen zaizkigun helduleku ziur bakarrak, otu zait hortxe egon daitekeela bederatzi hilabetez bila daramadan soluzioa. Kontu korrontean ez. Arriskuen kudeaketan.

Azken batean, horretan datza arazoa eta, nire uste apal eta nekatuan, irtenbidea ere bai, birusak hemen jarraitzen duen bitartean harekin bizitzeko behar duguna arriskuak kudeatzen asmatzea baita.

Aurrena, jakina, nork bere arrisku profila finkatu behar du, banketxeek aurrezpen planak proposatzerakoan egiten duten antzera. Behin hori argituta, nork bere arrisku mapa osa lezake, eta horri dagokion arrisku plana. Denak ere oso kontserbadoreak izan daitezke, edo arrisku handikoak. Lanketa horren emaitzen arabera erabakiko du bakoitzak zer egin eta zer ez egin; nora joan edo nora ez joan; norekin egon edo norekin ez egon...

Hurrengo urratsa derrigorrezkoa da, metodo honetan erdizka ibiltzeak ez du balio. Gure erabakien ondorioak bete-betean gure gain hartzea eskatzen du, eta aurretik onartzea posible dela eragin ditugun efektuek ez jasotzea besteengandik gustatuko litzaigukeen erantzuna. Hori da, arlo guztietan, nor bere buruaren jabe izatearen ondorioetako bat. Ahalduntzearen prezioa.

Martxoaz geroztik herritarroi luzatu zaizkigun mezu gehienek -batez ere komunikazio kanpainetan gauzatu direnean, adibiderik berriena atzo bertan Ministerioak aurkeztu zuena- emozioak eta sentimenduak astindu nahi izan dituzte. Funtzionatu dute? Radar Covid aplikazioak baino hobeto bai seguruenik, baina ez dakit nik zenbateraino izan diren eraginkorrak. Ikusi panorama.

Arriskuen kudeaketa zorrotzean ez dago emozio eta sentimenduentzako tarte handirik

Erabaki garrantzitsuak datoz Gabon-Eguberri jaien inguruan. Nola banatuko dira ardurak eta arriskuak?

Ez nahiz bihotz gabe hutsa. Erantzukizuna, elkartasuna, begirunea eta besteekiko arduraren aldeko mezuak ez zaizkit gaizki iruditzen, nahiz eta askotan susmoa dudan ez ote diren ondo portatu ez garenean demanda egiteko edo hurkoaren jarrera itsusteko aitzakia.

Arriskuen kudeaketa zorrotzean oinarritutako metodoan ez dago emozioentzako tarte handirik. Horregatik iruditzen zait kontuan hartzeko moduko baliabidea dela datozkigun egun zeharo emozionalak zentzu apur batekin antolatzeko.

Maila kolektiboan ere oso aintzat hartu beharko litzateke arriskuen kudeaketa munduko negoziorik onenetakoa bilakatu dutenen ikuspegia. Estatu mailako aholku batzordean baliteke egotea Mapfre, Catalana de Occidente edo horrelako etxe handiren bateko ordezkariren bat. Aholkularien izenak ez direnez publikoak, agian egunen batean jakingo dugu zuhurtziaz jokatu duela Espainiako Gobernuak, eta egon bazeudela.

Eusko Jaurlaritza gardenagoa izan da alde horretatik, eta esan daiteke aseguru konpainia labeldunen ordezkaririk ez dagoela LABIri aholku ematen dion batzorde teknikoan. Hala ere, esku onetan dagoela iruditzen zait, esperientzia luze eta frogatua baitu horren buru Jonan Fernandezek arriskuak kudeatzen eta horietatik onik irteten.

Pentsatzen jarrita, baliteke erakunde publikoen pandemiaren inguruko jarduera arriskuen kudeaketan oinarritzea nagusiki martxoaz geroztik, eta gu guztiok izatea ariketa konplexu horren elementu bat gehiago. X, Y edo Z. Ondo irudituko litzaidake; are hobeto jakingo banu zein den, bene-benetan, erabakiak hartzeko eragiketan dugun posizioa.

Pistaren batzuk iritsi zaizkigu, Hasieratik, erantzukizunaren inguruko leloarekin batera, behin eta berriro planteatu den osasuna eta ekonomiaren arteko ustezko dikotomiak, esate baterako, asko utzi ditu. Bihar, berriz, erabaki garrantzitsuak datoz Gabon-Eguberri jaiei dagokienez. Ardurak ez ezik, nola banatuko dira arriskuak?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arriskuen kudeaketa