Santu Guztien egunean hilerrira joatea gustuko plana izaten zen txikiak ginenean. DAVID ARJONA
BIRUSETIK GERRARA

Azaroa, argitu orduko iluna

Grisa, hotza, euritsua... izan ohi da hamaikagarren hilabetea; hildakoak oroituz hasten dugun eta genero-indarkeriaren datu kezkagarriekin amaitu

Martes, 31 de octubre 2023, 01:00

Urteko hilabeterik tristeenean sartu berri gara. «Azaroko eguna, argitu orduko iluna», halaxe dio esaera zaharrak ere. Ordua aldatu berritan, gainera, iluntasun sentsazio hori areagotu egiten da. Uda behin betiko atzean utzi dugula oihukatzen digun hilabetea da hau, tenperatura hotzena, zeru ilunena, euriarena... Jai egun bakarra, heriotzarekin loturikoa gainera, eta hilabetea hasi bezain pronto jada jaten duguna. Hortik aurrera, basamortua abenduko zubia eta Gabonetako giro koloretsua eta alaia iritsi bitartean...

Publicidad

Txikia nintzenean gustuko nuen, dena dela, Santu Guztien eguna. Heriotzak eragindako min eta sufrimenduetatik arrotz, jai egun berezia izan ohi zen etxeko txikiontzat. Ezberdina. Aurreko asteetan familiako emakumeek mimoz prestaturiko eta bezperan hilerrira eramandako –zer pentsatuko zuten gure sendiaz hilerrira lehen orduan joaten ziren haiek etxekoen hobiak txukun eta apainduta ikusten ez bazituzten– loreontzi koloretsuekin apaindutako hilobiak bisitatzeko eguna. Bada, nostalgiaz gogoratzen ditut bisita haiek. Bi hilerritara joan ohi ginen goiz berean, birraiton-amonak agurtzera. Bat, zaharra, hobiak lurrean dituzten horietakoa; eta bestea, berria, herritik kanpo eta horma-hobiekin eraikitako 'modernoagoa'. Esan beharrik gabe doa lehenengoa genuela guk gustuko. Grisa zen oso, alzifre erraldoiez inguratua, baina egun hartan jendez eta lore berrien usainaz betetzeaz gain, hobien artean pasieran ibiltzeko aukera ematen zuen eta gure senideen hilobia topatu arte zeharkatu behar genuen labirinto erraldoi bilakatzen zen guretzat. Hilarri bereziak deskubritzea ere gustuko genuen, artelanak baitziren batzuk. Eta, zer esanik ez hilerriaren atzealdean kokaturiko panteoiak ikustea. Eraikin eder haiek 'merezi' zituzten hildakoak nortzuk izango ote ziren asmatu nahian ibiltzen ginen... Zenbai orduz, hilerri gris hura familia eta lagunekin elkartu eta solasean aritzeko topaleku bihurtzen zen gure ume prismatik eta Santu Guztien eguneko goizak tristura zantzurik gabe joaten zitzaizkigun.

Adinak aurrera egin ahala, azaroaren lehenarekiko nuen pertzepzio hura aldatuz joan zen, ordea, eta haurtzaroko oroitzapen gozoak hilerri zahar hura eraitsi zuten hondeamakinekin batera joan zirela esango nuke.

Anar Fundazioaren arabera, nerabeen genero-indarkeriako kasuak % 87,2 gehitu dira EstatuanUrria odoltsu joan bada, azaroa are gogorragoa izan daiteke Gazako herritarrentzat

Kosta egiten zait orain Santu Guztien eguna alaitasunarekin lotzea. Oro har azaro osoarekin gertatzen zaidan moduan. Eta ez bakarrik argi falta edo eguraldi kontuengatik. Izan ere, beste auzi triste bezain larri batekin ere lotu ohi dut orain urteko hamaikagarren hilabetea. Hilaren 25a iristerakoan, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatu ohi dugu 1960ko egun hartan Dominikar Errepublikan, Trujilloren diktadurapean torturatu, bortxatu eta erail zituzten Mirabal ahizpak (María Teresa, Patricia eta Minerva) gogoratuz, eta tamalez urtero-urtero agerian geratzen da bide luze horretan oraindik ere urrats asko ditugula emateko.

Gaurtik hilaren 25a bitartean, hori egiaztatuko duten datu andana plazaratuko dira, baina dagoeneko aurreratu ditzakegu gutxi batzuk eta ez dira itxaropentsu egoteko modukoak: 2023 honetan dagoeneko indarkeria matxistak 50 emakume hil ditu Estatuan, duela urtebete baino 16 gehiago. Anar Fundazioak egindako ikerketa baten arabera, berriz, nerabeen genero-indarkeriako kasuak % 87,2 gehitu dira Estatuan. Biktimak 16 urteko gazteak dira, batez beste, eta horien %70,3k ez du salaketarik jartzen, eta ez du horretarako asmorik. Arduratzeko moduko panorama, bistakoa denez.

Publicidad

Eta hori guztia gutxi balitz, 2023ko azaro bereziki tristea eta kezkagarria datorrela esan beharrik gabe doa. Ekialde Hurbiletik egunero iristen zaizkigun albisteek ez dute ez itxaropenerako tarterik uzten. Aitzitik, baikorrenek ere ez dute bilakaera positiborik aurreikusten gatazka honetan, eta urria odoltsu joan bada, azaroa are gogorragoa izan daiteke Gazako herritarrentzat. Argindarrik, elikagairik eta urik gabe, eta etenik ez duten bonbardaketekin, eremu guztia krisi humanitario handian amiltzeko zorian dela ohartarazi du NBEk eta tamalez ez da ageri sarraskia geldiarazteko urrats sendo bat emateko asmorik duen inor. Azaro tristearen ostean ez da, kasu honetan, abendu alaiagorik espero.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad