Secciones
Servicios
Destacamos
Lau urte eta erdiko kartzela-zigorra, biktimarekiko 9 urte eta 6 hilabeteko urruntzea eta inkomunikazioa, eta 150.000 euroko kalte-ordaina. Horixe Bartzelonako Auzitegiak Dani Alves futbolariari diskoteka bateko komunean neska gazte bat bortxatzeagatik ezarritako zigorra. Gutxi, asko, nahikoa, egokia... bakoitzak bere iritzia izango du, noski, baina legeak lege, aringarriak aringarri (bankuan milioka euro dituenak 150.000 ordaintzea aringarritzat hartzea eztabaidagarria izan daiteke, behintzat) eta helegiteek besterik lortu ezean, halaxe ordaindu beharko du brasildarrak 2022ko abenduko gau hartan gauzaturikoa. Alabaina, hori alde batera utzita, Auzitegiaren epaiak jasotako zenbait gogoetatan jarri nahiko nuke azpimarra, 'bortxaketaren kultura' deritzonari eraso zuzena egiten diotela esan baitaiteke.
«Intsinuazioek ez dute gerora gertatzen den edozein abusu edo eraso justifikatzen; sexu-harremanetan baimena eman behar da beti, sexua praktikatu baino lehen, eta bitartean. Pertsona batek neurri bateraino onar baitezake harremanak izatea, eta ez baimenik eman jokabide sexual jakin batzuekin jarraitzeko. Are gehiago, sexu-harreman mota bakoitzerako baimena eman behar da», dio epaiak, 'soilik baietz dela baietz' berretsiz.
Eta beste hau: «Sexu-erasoa izateko ez da beharrezkoa lesio fisikorik izatea, ezta biktimak sexu-harremanak izatearen aurkako jarrera heroikorik izatea ere». Alegia, biktimaren jarrerak ez du erasoaren larritasuna baldintzatzen. Hemen ez dago gidalibururik, edo biktimatzat har zaitzaten jarraitu beharreko agindurik. Biktima ez da bortxaketa kasu batean epaitu behar dena, babestu behar dena baizik.
Datorren martxoaren 1ean Netflixek estreinatuko duen dokumentalaren harira, egunotan berriro ere hizpide izaten ari da 'La manada' auzia, 2016ko sanferminetan Iruñean bost gizonek taldean bortxatu zuten neska gaztearen kasua, alegia. Gertatutakoa abusutzat jo zuen lehen sententziak eraginda, milaka lagun atera ziren kalera Estatu osoan eta nolabait inflexio-puntua ezarri zuen emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren aurkako borrokan.
Alabaina, biktimak gogotik ordaindu behar izan zuen bere auzia inflexio-puntu bihurtzea. Komunikabideetan bere jarrera (ez, erasotzaileena) zalantzan jarri zen behin eta berriro; bideoak xehetasunez aztertu ziren benetan sufritzen ari ote zen egiaztatzeko; akusatuen abokatua telebistan ordu oro azaltzen zen haien bertsioa emanez; erasoaren osteko egunetan bere portaera 'ohikoa' zela egiaztatzeko detektibe bat kontratatu zuten; eta nola ahaztu Nafarroako Auzitegiko Ricardo González magistratuak emandako botu partikular hura, gainerakoek abusua ikusten zuten lekuan berak «sexu harremanak» baino ez zituen antzeman ('jolgorio' hitza erabili zuen).
Dani Alvesen kasuaren epaiarekin alderatuta, ordutik hona emakumeenganako bortizkeriaren aurka aurrerapausoak eman direla bistan da. Bidea luzea da oraindik, ordea. «Bideoetan ez omen da argi ikusten neska gozatzen ari ez zenik», «mugikorra lapurtu izan ez baliote, ez zuen salaketarik jarriko, hori izan zen euren akatsa»; «bost gizonezkoekin portal batera sartzen denak badaki hitz egitera ez doala»... Hauexek 2016an inguruan entzundakoak.
«A zer erraz lortzen duten dirua emakume batzuek, sexu-harremanak diskoteka batean eta 150.000 euro bankura», «bataren hitza bestearenaren aurka, inolako probarik gabe zigortzen dituzte orain gizonezkoak», «horren gaizki ez zen egongo urtarrilean diskoteka batean dantzan bazebilen»... ostegunetik sare sozialetan eta komunikabideetako iruzkinetan irakurritakoak. Berriro ere biktima auzipean, berriro ere bere jarrera fokuan. Bistan da, beraz, bortxaketaren kultura delakoaren aurkako borroka luzea izango dela, baina Bartzelonako Auzitegiak egindako kontsiderazioek lagunduko dutela.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.