Deskonexioa. Horixe eskatu ohi diegu oporrei helburu nagusi gisa, osasunerako dakartzan onurak jakitun. «Deskonektatu beharrean nago». Zenbatetan entzun eta esan izan ditugu hitz horiek opor garaia iristear denean. Atsedena, dibertsioa, gozamena... bai, baina batez ere, deskonexioa irrikatzen dugu. Eguneroko betebeharrak ahaztu, urte osoan bueltaka izan ohi ditugun buruhausteak alboratu eta fokua aisialdian soilik jarri. Eguneko orduak nola bete izan dadila 'lan' bakarra. Azken urteotan, gainera, deskonexio behar horri 'digital' hitza ere gehitu behar izan diogu, tresna digitalen erabilerak eta telelanaren garapenak lanetik 'irtetea' gero eta zailagoa bihurtu baitu. 'Haustura' hori bermatzeko, hain zuzen, legez arautu behar izan da telefonoa ez hartu edo emailak ez erantzuteko eskubide hori. Benetako deskonexioa haratago joango litzateke, dena dela.
Publicidad
Zuetako asko oporretan egongo zarete ziurrenik. Edo dagoeneko bueltan. Esan. Lortu al duzue halakorik? Egitan deskonektatzea, alegia. Ez naiz laneko emailak ez begiratzeari buruz ari soilik. Erabateko desintoxikazio digitalaz ari naiz. Hau da, telefonoa kaxoian gorde edota behintzat datuak edo wifia kendu sare sozialak, albisteak etab. begiratzeko tentazioa erabat saihestuz.
Bada, aurtengoan neronek, hainbat egunez bederen, lortu dudala onartu behar dut. Egoerak hala behartuta, bai, estaldurarik gabe egon garelako une askotan, baina telefonoa erabat alboratuta izan dugu. Momentuan bizitzen ari ginen errealitatetik kanpora gertatzen zenari jaramonik egiteko tentaldirik gabe. Etxekoen eguneroko kontu, ika-mika eta intendentzia-arazoetatik erabat urrun. Bestelako gogoetei tartea utzita. Eta a zer nolako solasaldiak sortzen diren halakoetan. Sakonak batzuk. Erabat azalekoak beste batzuk. Baina urte osoan behin eta berriro memoriara ekartzeko modukoak asko. Adituek diotena egiaztatuz, gure estres mailak epe laburrean beherakada bortitza jasan zuela esan beharrik gabe doa. Gomendagarria benetan.
Alabaina, eta hori guztia egia izanik, kontrako esperientzia bizitzea tokatu zaionik ere ezagutzen dudala esan behar dut. Estres maila wifia zuen lekuren bat topatzen zutenean jaisten zitzaion bikotea. Eta ez teknologia berriei 'engantxatuta' daudelako. Seme-alaba nerabeekin bidaiatzea tokatu zaielako baizik. Bi asteko «bidaia luzea» euren hitzetan.
Roaming kontuengatik sareetara konektatzeko aukerak mugatuak izango zirela bazekiten, baina familiakoen arteko lotura sendotzeko baliagarria izango zelakoan hautatu omen zuten opor-helmuga hori. Arriskutsua, jakina da-eta nerabezaroan gurasoen erabaki oro arbuiatu ohi dela.
Publicidad
«Zer egiten dugu hemen?». Helmugara iritsi eta berehalako galdera. «Esan nizuen ez nuela hona etorri nahi. Santorini, Ibiza, Sardinia... ezin zenuten horrelako zeozer aukeratu?». Norakoa, beraz, gaizki. Baina datekin ere ezin ziren fin ibili. «Uztailean hartu behar zenituzten oporrak? Nire lagunak inguruko herrietako festetan eta ni hemen, ehunka kilometrora. Gero abuztuan denak kanpora joango dira eta ni herrian bakarrik, 'amargatuta'». Aukeratutako herrialdearen natur eta kultur ondare aberatsa ere ezin erabili haserrea arintzeko argudio gisa. «Eliza oso polita izango da baina niri zer 'aportatzen' dit?». «Dendarik ez dago herri honetan?». «Eta futbol zelairik?». «Beste ur jauzi bat ikustera? Denak berdinak dira. Nik kotxean itxarongo dut»...
Eta, noski, deskonexioak, egoera arintzen lagundu beharrean, kontrakoa eragiten zuen. «Daturik ez dudala? Eta zer egin behar dut snapchat-ekin. Eta BeReal-ak?». «Watsapak irakurri gabe ez naiz ezertaz jabetuko eta gero ez dut konbertsazioetan parte hartzerik izango... aislatuta geratuko naiz». «Storiren bat igo behako dut behintzat».
Publicidad
Hala, egunetik egunera apartamentura gero eta goizago bueltatzen omen ziren, desiratutako wifiaren bila. Eta hortxe bikote honen aitormena: «Ez da oso pedagogikoa izango, baina haiek konektatzen zirenean iristen zen gure benetako deskonexioa. Eskerrak wifiari».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.