Borrar
Ganadua Abaltzisketan. Mankomunitatetik kanpoko artzainek ezin dute behirik eta behorrik igo larretara, ardiak bakarrik. nuñez
«Ganaduzaleok ez daukagu ezer ospatzeko»

«Ganaduzaleok ez daukagu ezer ospatzeko»

Bigarren urtez segidan, ez da larreen hasiera ekitaldirik izan Larraitzen. Osasun egoerak izan du horretan eraginik, baina ez da giroa nahastu duen arazo bakarra

agurtzane nuñez

Abaltzisketa

Sábado, 1 de mayo 2021, 17:02

Joan den urtean, osasun egoerak hala behartuta, ez zen festarik egon Larraitzen maiatzaren 1a ospatzeko. Aurten egoera iaz bezain zorrotza ez bada ere, ez da Larreen irekiera ekitaldirik izan. «Azken asteburuetan nabaritu da jende gutxiago etorri dela, herri asko gune gorrian daudelako. Hala ere, ez da komeni ezer egitea», dio Jon Zubizarretak, Abaltzisketako alkateak.

Osasun egoeraz gain, ganaduzaleen eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen arteko harremanak ez daude momentu onenean. «Ez daukagu ezer ospatzeko ganaduzaleok», azpimarratzen du uda igarotzera behorrak larreetara eramaten dituen Zubizarretak.

Azken hilabeteetan ganaduzaleek Mankomunitatearekiko harremana moztea erabaki dute, «ez daukate negoziaziorako asmorik. Aurten Ordenantzen interpretazio berria egin dute eta animalia asko ezingo dira igo; eta, gero, pisten gaia dago, guztiz aurka ageri dira nahiz eta epaitegiek legezkoak direla esan duten», azaltzen du. Asteartean aditzera eman zuen Tolosako epaitegiak aurreikusi ziren pistak egiteko proiektua legezkoa zela, eta Eguzki eta Landarlan elkarteek jarritako bi salaketak ezetsi ditu.

Jon Zubizarretak pozez jaso zuen berria. «Poz handia da, batez ere auzipetuta egon garen hamasei pertsonongatik, eta bereziki Ainhoa Zuriarrainengatik. Emakume ausarta dela erakutsi zuen», adierazi du gehituz «azkenean demostratu da gauzak ondo egin zirela, ez zela prebarikaziorik egon eta ingurua errespetatu zela».

Goiko argazkian, behiak larrera igo dituzten Unai Garmendia, Ainhoa Otaño eta Iker Garmendia. Beste bietan, Amezketako bordak eta Goroskintxuko bidea. nuñez
Imagen principal - Goiko argazkian, behiak larrera igo dituzten Unai Garmendia, Ainhoa Otaño eta Iker Garmendia. Beste bietan, Amezketako bordak eta Goroskintxuko bidea.
Imagen secundaria 1 - Goiko argazkian, behiak larrera igo dituzten Unai Garmendia, Ainhoa Otaño eta Iker Garmendia. Beste bietan, Amezketako bordak eta Goroskintxuko bidea.
Imagen secundaria 2 - Goiko argazkian, behiak larrera igo dituzten Unai Garmendia, Ainhoa Otaño eta Iker Garmendia. Beste bietan, Amezketako bordak eta Goroskintxuko bidea.

Enirio-Aralar mankomunitatea osatzen duten 15 herriek ordezkari bana dute batzarrean. «Azken hauteskundeen ondoren gehiengoa Bilduko alkateak dira eta ordenantzen irakurketa berria egiten dute», azaltzen du. Ondorioz, ehun eta berrogeita hamar bat behi eta behor igo ezinik geratuko dira, eta ardi batzuk ere bai. «Adibidez, mankomunitatetik kanpoko artzainak ardiekin bakarrik igo daitezke, ezin dute behirik edo behorrik igo. Horrek kalte handia suposatzen die, animaliak ezin dituzu kajoi batean gorde udan eta, orain, datozen hilabeteetarako larreen bila ari dira», dio Zubizarretak. «Horien egoera negargarria da, bideratzea bazegoen baina ez da borondaterik egon».

Gainera, azken urtean pisten aurka agertu da Mankomunitateko gehiengoa. «Ganaduzaleek bideak oinarrizko behar bezala ikusten dituzte baina mankomunitateko gehiengoak ez dela bere lehentasuna esan du. Gainerakoaz hitz egin daitekeela baina pistez ez, nahiz eta legezkoak izan», aipatzen du.

Zubizarretak pisten proiektua aurrera eramateko jarritako baldintzak azpimarratzen ditu. «Gipuzkoako Foru Aldundiak du horren eskuduntza eta beste inolako proiektuetan jarri ez diren baldintzak jarri ziren; AHT-ak ere ez ditu eduki hain baldintza zorrotzak. Horien artean, hondeamakinak mendian lanean zeuden ordu guztietan arkeologo batek egon behar zuen lana ikuskatzen, ondare arkeologikoa babesteko. Obra Zuzendariak eta biologoek ere maiz ikuskatzen zituzten lanak».

Bideak egitea, oinarrizkoa

Zubizarretak adierazten du bideak egitea oinarrizkoa dela. «Ganaduzaleek ez dute eskatzen txaboletako ateetaraino izatea, ahal deneraino baizik. Eta gero Saltarriraino egitea, toki oso erabilia delako ganadua eraman eta ekartzeko, desparasitatzeko, eta abar», dio. «Saltarriko bideak aldeko ingurumen ebaluazioa du, baina Mankomunitateko gehiengoak aitortzen du erabaki politikoa dela ez egitea», azpimarratzen du.

Horrez gain, gogorarazten du uda Aralarren igarotzen duten artzainak lanera doazela. «Eskakizunetako bat da artalde bat edukitzea eta nekazaritzako erregimenean alta emanda egotea», azaltzen du.

Guztira 125 ganaduzalek igotzen dituzte animaliak uda igarotzera, eta horietatik 40 dira artzainak, txabolak eskatu ditzaketenak. «Egia da txabolak oso ondo jarrita daudela, azken urteetan oso lan ona egin da bertan. Orain ia denek daukate ura, argia eta komuna, baina iristeko bidea erdiak edo bakarrik dauka», dio, «batzuk traktorean edo quadean igo daitezke, besteak zuzenean ez daukate biderik. Mankomunitateko gehiengoak esku artean darabilkien planean agertzen da bidea dutenetan bakarrik egotea artzainak, eta besteak hutsik utzi edo lekuz aldatzea. Edo norbaitek igo nahi badu, dauden bezala».

Abaltzisketako alkateak gogoratzen du «Aralar oso paisaje humanizatua da, duela milaka urteko txabolak daude. Baina orain aldapatan baso gehiago jartzea daukate helburu, horrek suposatzen duenarekin. Jendeari gehien gustatzen zaiona goiko larreak dira, denek Aralarko alde hori dute buruan; Ataun aldean badaude baso ederrak, baina inor gutxi joaten da bertara».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Ganaduzaleok ez daukagu ezer ospatzeko»