Secciones
Servicios
Destacamos
amaia núñez
Orexa
Sábado, 29 de enero 2022, 13:03
Elektrizitatearen prezioa egunez egun albiste den garai honetan, edonori gustatuko litzaioke bere energia sortu eta energia-enpresen menpe ez egotea. Familia batzuentzat hori egia bihurtu da, azken urteetan herri txikietan martxan jarri diren ekimenen bidez. Euskal Herrian eguzki argi nahikorik ez dagoela pentsatu izan da urte askotan, baina eguzki plakak jartzerakoan faktore asko dira kontuan hartu behar direnak. Panelen orientazioa ona bada, egun lainotsuenetan ere sortuko dute energia. Edonola ere, garai batean panelak norabide egokira moldatzen baziren ere, gaur egun estalki egokienak aukeratzen dira, bertara ondo egokitu daitezen eta haizeteek suntsitu ez ditzaten.
Orexa, Gipuzkoako herri txikiena, izan zen aitzindaria, 2019an Udaletxe zaharreko eraikinean eguzki plakak jarri zituenean. Hasiera batean, eraikinean kokatuta dagoen Ostatu taberna energetikoki burujabea izatea lortu zuten. Ordutik, beste bi gunetan ere jarri dituzte plakak: frontoiko eta Oihan Txiki kooperatibako teilatuan. Azken pausoa komunitate energetikoa sortzea izan da. Herri osoa sartu da bertan: familia guztiak, Ostatua, Oihan Txiki kooperatiba eta Udala daude sartuta.
Gaur egun, hala ere, familiek ezin dute sortzen den energia aprobetxatu. «Orain ari gara lantzen zesioak, udaletxetik komunitatera. Hor arazo batzuk dauzkagu Iberdrolarekin eta konpontzen ari gara. Espero dugu epe motzean konpontzea», azaltzen du Eneko Maioz Orexako alkateak. Izan ere, «zerbait berria da eta tramitazioak kosta egiten dira».
Gaur egun dituzten eguzki-panelekin komunitateak beharko lukeen energiaren erdia sortuko luketela aurreikusten dute. «Egia da gero ez dela horrela, kointziditu behar duelako ordutegiekin, eta abar», energia sortzen den momentuan kontsumitu behar delako, biltegiratzeko aukerarik ez baitute. Horregatik, «orain asmoa da plakak jartzea etxebizitza pribatuetan eta bateriak. Batetik gehiago sortzeko, baina baita hobeto aprobetxatzeko sortzen dugun energia hori. Azkenean aurrezpena handiagoa izateko», azaltzen du Eneko Maiozek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere tokiko energia komunitateak sortzeko proiektua du martxan. Kasu hauetan eguzki-panelak eraikin publikoetan jarri behar dira eta hortik 500 metroko diametroan dauden etxebizitzek parte hartu dezakete. Ekimen honen baitan energia-komunitateak martxan jarri dituzte adibidez Larraulen eta Berrobin, baita Zumarragan ere. Larraulen eta Berrobin hurrenez hurren 50 eta 70 etxebizitza eta komertzioek osatuko dituzte energia komunitateak; eta Zumarragakoak berriz 200 parte hartzaile.
Alkizan ere urratsak egiten hasiak dira. Frontoiko estalpean jada jarrita daude eguzki-plakak eta aste honetan bertan landu dute gaia herri bileran. «Udalak bazuen ardura herrian ahalik eta neurri handienean energia sortzeko bideak bilatu behar genituela», azaltzen du Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak. Honen baitan, duela bi urte eguzki-plakak jarri zituzten frontoiko estalkian «Udaletxearen kontsumo propiorako bakarrik».
Orain, Foru Aldundiak bi mila biztanle baino gutxiago dituzten herrientzako programaren baitan sarea handitzea dute helburu. Horretarako, Erretore Etxean plaka gehiago jarriko dituzte, frontoian daudenekin elkartzea aurreikusten dutena. «Bi ezaugarri izango ditu: eguzki plaka berriak jarriko dira Erretore etxean, eta ibilgailu elektriko bat kargatzeko puntu bat ere jarriko da. Asmoa daukagu hori kanposantu ondoko parkinean jartzea», argitzen du.
Alkizan energia komunitatea sortu gabe dago. Kalkuluen arabera, hogei etxebizitzak parte hartu ahal izango lukete. «Komunitate batek izan dezakeen partaidetza zati txikiena da 0,5 kW, eta guk guztira izango ditugu 27 bat kW jarrita. Gero ikusi behar da zein zati hartzen duen udalak hortik, familien behar energetikoa zein den... zenbakiak egiten ditugunean ikusiko dugu zenbat familia sartu daitezkeen».
Alkizaren kasuan, asko dira kanpoan geratzen diren baserri eta etxebizitza solteak. Horregatik, Iñaki Irazabalbeitiak Tolosaldeko Energia Bulegoa bisitatzera animatu nahi ditu herritarrak, Tolosaldea Garatzenen webgunean ere kontsulta dezaketena. «Norberak jarri nahi badu bere etxean eta ikusi nahi badu benetan merezi dion, bertan esango diote eta aholkularitza emango diote».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.