Borrar
Saridunen taldeko argazkia. nuñez
Hiru herri txiki, erreferente klima aldaketaren aurkako lanean

Hiru herri txiki, erreferente klima aldaketaren aurkako lanean

Baliarrain, Orexa eta Larraul izan dira sarituak Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri zuen Klima Bai! lehiaketan

agurtzañe nuñez

Sábado, 30 de abril 2022, 12:31

Klima aldaketari buruzko gogoeta eta lanketa sustatzeko Klima Bai! lehiaketa jarri zuen martxan joan zen urtearen amaieran Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urrian hasi eta bost hilabetez parte hartu zuten familiek proba ezberdinak osatu behar izan zituzten. Gipuzkoa osoko 14 udalerrik parte hartu zuten ekimenean, 420 familiak, eta guztien artean Baliarrain, Orexa eta Larraul izan dira herri sarituak. Herri bakoitzeko lau familiek ere saria jaso dute.

«Gipuzkoa osorako izan dela kontutan hartuta, justu Tolosaldeako hiru herri txiki sarituak izateak, gai honetan erreferente izatea, poza ematen du», dio Eneko Maioz Orexako alkateak. Astero zazpi gai orokorrei buruzko probak gainditu behar izan zituzten familiek. «Batzuetan bideo bat ikusi eta galderak erantzun behar ziren, besteetan proba zehatz bat egitea eskatzen zen, argazkiren bat ateratzea edo etxeko kontsumoa neurtzea», dio.

Herri bakoitzean parte hartu ahal izateko gutxieneko familia kopurua behar zen. Txikietan sei izan behar ziren, Orexan eta Larraulen lortu dituztenak. Baina Baliarrainen 22 familiek parte hartu dute, eta beraiek izan dira ere Klima Bai! lehiaketan puntu gehien lortu duen herria. «Gurea bezalako herri batentzako familia asko dira. Bilera bat egin genuen hasieran eta joan ginen guztiok parte hartu dugu», azaltzen du Jaione Olano udal zinegotziak.

Esperientzia aberasgarria

Beraien kasuan, denen artean egin dituzte probak, zalantzak argituz eta eskulanetan elkarri lagunduz. «Whatsapp talde bat sortu genuen, eta gainera udala Gorka Egia aholkulariarekin lanean ari zela aprobetxatuz, berak asko lagundu digu, nola egin azaltzen zigun, gauzak prestatzen lagundu…», gogoratzen du. Zazpi atal ziren baina 70 proba inguru. Batzuk galderak erantzutea, besteetan eskulanak, adibidez, kamiseta batekin erosketa-poltsa bat josi, edo kamiseta zuri bat tinte naturalekin tindatu. «Guri gehien kosta zaizkigunak eskulanak izan dira, denok elkartzen ginen elkarrekin egiteko. Barre asko egin dugu, beti gertatzen zelako zerbait. Elkarrekin egoteko eta gehiago ezagutzeko balio izan digu».

Orexan ere Whatsapp taldea sortu zuten, eta norbera bere kabuz aritu bada ere, familiek elkarri lagundu diotela aitortzen du Eneko Maioz alkateak. «Proba batzuetarako bizpahiru aste zeuden, beti topatzen zinen norbaitekin eta nola egin zuen galdetu. Asko lagundu diogu elkarri, eta herritarrek beraien artean beste gai batzuetaz hitz egiteko balio izan du», dio.

Herrian energia berriztagarrien gaia oso landuta badute ere, gogoratzen duenez «ez zegoen zerbait bereziki zaila, baina atal guztietan bazegoen maila oso altuko zerbait, ia inork ulertzen ez zuena. Gu ahal genuena egiten saiatu gara, eta saria lortu dugu gainera, pozik gaude».

Larraulen, Olivia Sanchezi gehien kostatu zaiona azalpenak ikusi eta galderak erantzutea izan da. «Datu asko ematen ziren bideoetan eta zaila zen denaz gogoratzea», dio. Eskulanak, aldiz, oso gustura egin ditu. «Ehungintzan, adibidez, josi behar zen poltsa lehiaketaren aurretik egina neukan soineko batekin. Argazkiak etxetik bertatik atera ahal nituen; gaiak ere asko gustatzen zaizkit», azaltzen du. «Aurrez egiten bazenuen, ez da zaila izan adibidez bost bertako produktu etxean edukitzea edo hondakinen gaia». Hala ere, onartzen duenez, «asko ikasi dut. Adibidez, mikroplastiko gehien sortzen duena ez direla zaborrera botatzen ditugun plastikoak baizik eta arropa garbitzerakoan askatzen direnak».

Baliarraindarrek egindako poltsak. Larraulgo Olivia Sanchezek kurkumaz tindatutako kamiseta eta Orexako Eneko Maozek alkandora batekin egindako poltsa. nuñez
Imagen principal - Baliarraindarrek egindako poltsak. Larraulgo Olivia Sanchezek kurkumaz tindatutako kamiseta eta Orexako Eneko Maozek alkandora batekin egindako poltsa.
Imagen secundaria 1 - Baliarraindarrek egindako poltsak. Larraulgo Olivia Sanchezek kurkumaz tindatutako kamiseta eta Orexako Eneko Maozek alkandora batekin egindako poltsa.
Imagen secundaria 2 - Baliarraindarrek egindako poltsak. Larraulgo Olivia Sanchezek kurkumaz tindatutako kamiseta eta Orexako Eneko Maozek alkandora batekin egindako poltsa.

Klima Bai! lehiaketak sei hilabete inguru iraun zuen, eta joan zen apirilaren 27an banatu ziren sariak Tolosako Topic aretoan, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren parte hartzearekin. Herri bakoitzak jaso zuen saria, baita herri bakoitzeko puntuazio gehien lortu zuten hiru familiek eta laugarren batek zozketa bidez. Gipuzkoa mailan parte hartu zuten guztien artean ere hiru sari zozkatu ziren.

Sariak

Baliarrainek, puntu gehien lortu zuen herria izateagatik, 40.000 euroko diru-saria jaso zuen; Orexak 20.000 euroko saria jaso zuen eta Larraulek 10.000 eurokoa. Orexan herriko energia kooperatiban inbertituko dute saria. «Parte hartzaileekin hitz egin genuen eta konpromisoa hartu genuen udaletik kooperatibarako erabiliko genuela saria, lortzen bagenuen. Urteko 20.000 euro uzten ditugu inbertsioetarako eta sariak inbertsiotarako bikoitza izatea ahalbidetuko digu. Eguzki-plaka gehiago jartzeko balioko digu. Norabide berean emango dugu pausua, baina azkarrago joateko balioko digu», adierazi du Eneko Maioz alkateak. Herritarrek ere herrian gastatzeko diru-saria jasoko dute, «Ostatuan denda daukagu, eta Ostatuari bultzada bat emateko balioko du».

Baliarrainen oraindik ez dute erabaki zertan erabiliko duten. «Diru kopuru handia da herri txiki batentzat. Eguzki-plakak jarri genituen eta herritarrentzako zabaltzeko aukera bat da, baina ekonomatoa ere badaukagu, bertako produktuekin, eta horri bultzada emateko ere balio dezake. Herri-bilera bat egingo dugu ideiak bota eta erabakitzeko. Esan ohi dugun bezala 'dabilen herriari goroldiorik ez'», dio Jaione Olano zinegotziak. Gainera, berak zozketan saria ere jaso zuen. «Sari ezberdinak zeuden, baina gehienok bertako produktuetan gastatzeko diru-saria aukeratu dugu. Herrian ekonomatoa edukita, bertan erabiliko dugu».

Olivia Sanchezek, berriz, bizikleta plegablea aukeratu du. «Etxean badaukat bizikleta, baina ez zait autoan sartzen. Orain, autoan eramango dut eta Tolosara dendara lanera noanean urrutiago aparkatuko dut bizikletaz joateko. Horrela, gainera, ez dut Tao-rik ordaindu beharko», dio.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hiru herri txiki, erreferente klima aldaketaren aurkako lanean