Borrar
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk antolatu dute elkarlanean jardunaldia
«Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten»

«Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten»

Arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak ezarriko dituzte 'Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera' jardunaldian: hizkuntzaren aldagaia hirigintza eta lurralde antolakuntzan nola txertatu, «udalerri euskaldunak benetan garatzea delako arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra»

Miércoles, 26 de septiembre 2018, 12:32

Lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte 'Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera' jardunaldian. Topaketa urriaren 10ean egingo da Azpeitian eta matrikula egiteko epea zabalik dago UEUren webgunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk antolatu dute elkarlanean. Aurkezpenean Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Josu Labakak, UEMAko lehendakariak; Imanol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak; Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak eta Ane Sarasuak, UEUko Idazkari Nagusiak parte hartu dute.

Arnasguneak euskara eguneroko bizimoduan erabiltzen duten herritarren guneak dira eta horiek babesteak berebiziko garrantzia dauka euskararen biziberritze prozesurako, izan ere, oro har arnasguneetan modu naturalean eta kolektiboan gertatzen da euskararen transmisioa eta bizirik dago hizkuntza.

Beraz, Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariaren arabera, gune horiek «bereziki zaindu eta ondo kudeatzen jakin behar dugu. Foru Aldundian baditugu zeharkakotasunez lantzen ditugun politikak. Hirigintzak, turismoak, lurralde antolaketak… asko dira zuzenean edo zeharka euskarari eragin diezaioketen alorrak eta, beraz, gainontzeko esparru horietan hartzen diren erabakietan ere oso kontuan hartu behar da hizkuntzaren aldagaia. Azken batean, euskararen aldeko politikak ezin dira euskara zerbitzuetatik soilik garatu eta beharrezkoa da gainontzeko esparruen inplikazioa eta konpromisoa«.

Arnasguneen garapenean eragina duten gaiak landuko dira jardunaldian: arkitektura aintzat hartuta, garapen sozioekonomikoa, kulturala, enpleguaren ikuspegia, identitatearena… Arnasguneen garapenak bere baitan dituen esparruak aintzat hartu eta esparru horiek hizkuntzarekin nola kudea daitezkeen aztertuko dute.

Josu Labakak, UEMAko lehendakariak, udalerri euskaldunentzat jardunaldi honek bereziki duen garrantzia aipatu du: «Guretzat benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan honelako elkarlana sentitzea, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen artean. Izan ere, aurtengo jardunaldia, udalerri euskaldunentzat, giltzarria ez ezik mugarria ere bada: urrats handi bat egitera goaz aurrera. Ez baikara udalerri euskaldunen babesaz eta zaintzaz ariko, garapenaz baizik. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek, azken urteotako ibilbidean, ondorio garrantzitsuak azaleratu dizkigute: hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten. Beste sailetako erabaki askok egundoko eragina dute hizkuntzan eta, beraz, horiek guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da udalerri euskaldunen izaerari eusteko eta garapenaz hitz egiteko. Azken batean, udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra, eta horrek ildo berriak zabaltzea eta alor ugaritan ekitea eskatzen du. Guretzat, beraz, lehentasuna da horiek nabarmentzea eta lanerako ildoak zehaztea. Horretara dator jardunaldi hau«.

Formakuntza euskaraz

Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak jardunaldi honek bere udalak lantzen dituen bi lan ildo lotzen dituela azaldu du, hizkuntzarena eta formazioarena. «Azpeitia herri euskalduna da oso, baina gure ardura da horrela izaten jarraitzeko neurriak hartzea, eta ziur ikastaro honek lagungarri zaigun giltza edo pistaren bat emango digula. Elkarlanean osatutako ikastaro hau, euskaraz, gurean izatea pauso garrantzitsua da guretzat. Formazio eskaintza gero eta zabalagoa eskaintzen dugu guk unibertsitateekin elkarlanean, eta topaketa hau hori osatzera etorriko da gurera».

Jardunaldian parte hartuko dute, beteak beste, Anartz Ormaza arkitekto eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan Unibertsitate Adituak, 'Hizkuntza korridoreak' saioan; Ekoguneko Itsaso Olaizolak 'Ekologiaren begiradatik' saioan; 'Oinarrizko zerbitzuen eskualde garapena' Xabier Bengoetxea Hezkuntzako hizkuntza normalkuntza teknikari ohiarekin; 'Kultura eta identitatea' saioa Gari Goikoetxea Berriako kazetariarekin; 'Garapen soziokulturala' Xabier Aranbarri Kulturaz kooperatibako gerentearekin; 'Genero eta lurralde desorekaren ikuspegitik' Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko langilearekin eta tokiko garapena eta hizkuntza 'Kulturgintzaren ikuspegitik' Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearekin.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten»