Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakaria, pozik da larunbatean 100 udalerrien langa gaindituko duelako mankomunitateak. FÉLIX MORQUECHO
Iraitz Lazkano | UEMAko lehendakaria

«Erabilera ez da ezagutza bezainbeste igo eta horrek kezkatzen gaitu»

100 udalerrien langa gaindituta «mugarria» ezarriko du UEMAk eta Lazkanok olatua baliatu nahi du egoera irauli eta euskara kalean zabaltzeko

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 23 de marzo 2023, 01:00

Duela lau urte heldu zen UEMAko lehendakari kargura Iraitz Lazkano eta balantze positiboa egiten du, bai udalerri kopuruan zein lurgune euskalduneko biztanle kopuruan gorakada nabarmena eman delako. Horixe ospatuko dute larunbatean Azpeitian '100 udal eta hamaika gehiago' lelopean.

Publicidad

– 2019an kargura heltzean «eremua zabaltzea» eta «jauzi kualitatiboa» egitea ezarri zenituen helburu. Zein da balantzea?

– Lau urte hauetan UEMAk orokorrean aurrera egin du, erakunde bezala asko sendotu da eta lurgune euskaldun hori asko zabaldu dugu ere. Plangintza estrategikoan legealdi honetan 100 udalen langara heltzea jarria genuen eta mugarri historiko bat ezarriko dugu larunbateko ekitaldian 101 udalerri izatera iritsiko garelako. Horrek adierazten du, batetik, UEMAk duen babes soziala; eta, bestetik, erakunde bezala duen trinkotasuna eta sendotasuna.

– Udalerriez gain, lurgune euskalduna 245.000 biztanletik 305.000 biztanlera hazi da. Bultzada izateaz gain ardura da?

– Hein batean bai, jende asko dago atzean. UEMAk bilatzen duen gauzetako bat hizkuntza politika aurreratuen bitartez udalerri eta pertsona horiek saretzea. Lurgune euskaldun bat dugu, lan egiteko eremu oso zabal eta emankorra da eta hurrengo legealdirako asmoetako bat hori izango da, eremu hori are eta gehiago zabaltzea eta elkarrekin hizkuntza politika aurreratu eta aurrerakoiak egiten jarraitzea.

– Legealdia amaituta utziko duzu kargua, atzera begira, zein gorputzaldirekin geratu zara?

– Esperientzia oso polita izan da eta oso gorputzaldi onarekin geratu naiz. Alkate bezala herri, pertsona eta erakunde asko beste modu batean ezagutzeko aukera eman dit. Bestetik, euskararen alde gure aletxoa jartzea oso pozgarria izan da maila pertsonalean. Eta aipatu nahiko nuke UEMAko lantalde zoragarria, egunero-egunero sekulako lana egiten dute herriz herri eta horrek bidea asko errazten du.

– Larunbatean mugarria ezarriko duzuela esan duzu, batetik langa sinbolikoa gaindituko duzuelako, baina omenaldietarako tartea ere izango duzue.

– Bai. Ekitaldiaren aurretik Batzar Orokorra egingo dugu eta bertan Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituta 101 udalerri izango gara UEMAn, herrialde ezberdinetakoak eta alderdi politiko ezberdinek gobernatutakoak. Horrek sendotasuna ematen digu erakunde bezala eta hori ospatuko dugu, baina baita UEMAren ibilbide osoa eta bidelagun izan ditugunei eskertza egingo ere.

Publicidad

Euskarabidea

«Akordioa oso ona da Nafarroako udalerrientzat, UEMA sendotzen eta hizkuntza politikak egiten lagunduko digu »

– Aurrera begira, duela aste gutxi ate berri bat zabaldu zenuten Nafarroako gobernuarekin akordioa sinatuta. Nola lagunduko die udalerriei?

– Eusko Jaurlaritza edo Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiekin antzeko akordioak ditugu eta lehen aldiz Nafarroara hedatzea oso garrantzitsua da. UEMAri sendotasuna ematen dio, beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzeko gaitasuna duela adierazten du. Bestetik, Euskarabidearekin orain arte izandako harremana formalizatzen delako eta baliabide gehiago ematen dizkigulako Nafarroako kideetan hizkuntza politikak egiteko: euskara planak garatu, udalekuak antolatu edo kulturartekotasunaren inguruko lanketak egiteko, besteak beste.

– Kide berrietako bi dira nafarrak gainera, hamalautik hamaseira pasaz udalerriak.

– Guretzako aurrerapauso garrantzitsua da, hamalautik hamaseira koskatxo bat badago eta pozgarria da ikustea herrialdez herrialde euskara nagusi den eremuan herriak saretzen goazela.

Publicidad

– Lurralde bakoitzean indartsu izatea da beraz erronketako bat?

– Zalantzarik gabe, saretze hori erraztuko duelako. UEMA Hego Euskal Herriko eremu euskalduneko herrien sare bat da eta hori bilatzen joan behar gara. Oraindik hainbat herri daude UEMAn sartzeko baldintzak bete baina kide ez direnak –euskararen ezagutza indizea %70 baino handiagoa izatea da baldintza, eta hau herri bakoitzeko euskaldun kopuruari ia euskaldun direnen erdia gehituta kalkulatzen da–, gero eta gehiago dira. Esaterako Hernani duela lau urteko inkestaren arabera ezin zen kide izan, azkenekoan bai eta dagoeneko kide da. Aukera ikusten dugu gero eta herrialde gehiago kide izateko.

Erronkak

«Euskararen eskaintza esparru guztietara zabaldu behar dugu, pantailetara ere, XXI. mendeko hizkuntza izan dadin»

– Epe laburrera begiratuta, zein izan daitezke UEMAren erronka nagusiak?

– Aipatu dudan erakunde bezala sendotzeaz gain edo herri gehiago sartzeaz aparte, euskalgintzak duen erronka nagusia erabilerari lotua dago. Oso garrantzitsua izango da politika aurrerakoiak egitea. Ikusi dugu ezagutza igoaz joan dela euskal eremuan, baina erabilerak ez du hainbeste gora egin eta hor jarri behar dugu fokua. Euskaldunen ahalduntzean eta kontzientziazioan indarra jarri behar dugu eta euskararen eskaintza esparru guztietara zabaldu, besteak beste pantailetara edo mundu digitalera. Egin genuen azterketa baten arabera eremu euskaldunetako gazteek oso kontsumo maila txikia dute eta errua ez da beraiena, eskaintzarik ez dagoelako da hori.

Publicidad

– Eskaera hori, gainera, gizartean zabaldu da eta ahots asko batu zarete aldarrikapen berdinaren bueltan: Kontseilua, Pantailak Euskaraz...

– XXI. mendeko hizkuntza izateko balio behar du euskarak. Ezagutza igotzea inportantea den bezala, erabilera ez igotzea nahiko sintomatikoa dela uste dugu itxura ematen duelako erabilgarria ez den hizkuntza dela. Hori irauli behar dugu eta kontrakoa bultzatu, XXI. mendean ere esparru guztietan erabil daitekeen eta euskaldunok erabiltzen dugun hizkuntza bat dela.

– Astelehenean aurkeztutako datuak nola baloratzen dituzue?

– Orokorrean positiboak dira euskararen ezagutzak gorako joera duelako eta adin-tarte eta ingurune batzuetan ia-ia unibertsala delako. Erabilera ez da hainbeste igo, udalerri euskaldun batzuetan, UEMAko kide edo arnasgune direnetan, joera kontrakoa da eta horrek kezkatzen gaitu. Atzerapausoak ikusten ari gara eta hori kezkagarria da.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad