

Secciones
Servicios
Destacamos
Aspaldi zahar-zaharreko mapetan baziren ez mendirik, ez kostalderik, ez lautadarik, ez herririk, ez izenik eta ez izanik ez zuten hutsune ziento bat. Primerakoak ziren garai haietako kartografoak, baina artean baziren planetan esploratu gabeko eremuak, lurrak. Han bizi zirenek (inor bertan bizi bazen ere…) bazuten bere lurren berri. Ez ordea pixkanaka-pixkanaka mundua menderatuko zuten mendebaldeko horiek.
Aspaldi zahar-zaharreko mapetan agertzen ziren hutsune horietan zera idazten zuten mapa egileek, 'Terra ignota'/ lur ezezaguna/ lur aurkitu gabea. Irudimen handikoa zen mapa horiek margotzen zituen jendea eta artean inork (inork idazten dudanean, gizon zuriak nahi dut nik esan) ez zapaldutako lur sail haietan suge handiak eta egun 'anime' edo mangakoak diruditen munstroak marrazten zituzten inork ez baitzekien zer ote bizi zen lur esploratu gabe haietan…
Egun ez da 'terra ignota'-rik planetan. Bai ordea planeta honetatik at. Badira Unibertsoan gizakiak ezagutzen ez dituen mila eta bat galaxia, milioika izar, auskalo zenbat zulo beltzarik. Badira kanpoko espazioaren kartografoak. Esne Bidez harago bada mundu 'ignotoa' eta gizakiak, beti kurioso, beti jakin minez nahi du ikusi/ikasi, nahi du aurkitu, nahi du amestu. Nahi du izena jarri izana duen energia ezezagun horri. Baina aspaldi zahar-zaharreko garai haietan 'terra ignoto'-etara ailegatzeko ontzi egokiak ez ziren nola, egun eta oraindik gizakiak ez du urrun urruneko galaxietara ailegatzeko espazio ontzirik.
Ontzirik ez. Bai ordea bitartekorik. Europako Espazio Agentziak misio berezi-berezia bete behar zuen Euclid izeneko teleskopio sekulakoa sortu zuen orain dela gutxi. 1.400.000.000 euroko kostua du eta espazio behatokian da jarria. Sei urtez luzatuko da funtzionamenduan. Zer egin behar du? Hain zuzen ere, Unibertsoko mapa ahalik eta zehatzena osatu. Izango dira mapa horretan hutsune 'ignoto' mila bai, baina aldi berean, ezagutuko ditugu urrun-urruneko galaxien ziento bat misterio. Dagoeneko, 26 milioi galaxia detektatu ditu Euclidek. Horietako asko gugandik 10.500 milioi argi-urtera daude. Horietako askok lagunduko digute materia eta energia ilunaren sekretuak ulertzen.
Bada sare kosmikoa, amarauna itxura duena . Bertan daude aipatu galaxia horiek, materia arruntaz eta materia ilunez sortuak. Badira bertan milioika leku 'ignota'-rik. Badira, inkluso quásar izena duten galaxia jaio berriak. Badira espazio ignoto horretan ziento bat objektu, meteoritoak, asteroideak eta jada funtzionatzen ez duten sateliteak, espazio zaborra bilakaturik…
Euclidek 'Deep Learning' (Ikasketa sakon, hots) delakoaz hornituriko algoritmoen bitartez funtzionatzen du ederki asko. Lehenbiziko emaitzek zientzialariak utzi izan dituzte harriturik eta kontent asko.
Ez da dena, baina, algoritmo kontua. Badira Galaxy Zoo izeneko ekimenean 10.000 boluntario Euclideri galaxia horiek kokatzen laguntzen diotenak. Horiek ere zor ta lor daude egunotan, 5.000 lente-grabitazional aurkitu baitira. Lente horiek oso okerdura bitxiak sorrarazten dituzte. Esaterako, 'Einstein eraztunak' izena duten arkuak…
Hor dago Euclid teleskopioa. Hor daude ikasketa sakoneko algoritmoak. Hor daude ziento bat zientzialari. Hor 10.000 mila boluntario. Unibertsoaren mapa sortu nahian, ahaleginetan, desira aseezinean. Iluna da materia. Iluna energiak. Urruti daude galaxiak.
Marroiak dira izarrak izatera iristen ez diren izarren materiaz sorturiko objektuak. Beltzak dira zuloak eta badira eguzki guztietatik at dauden planetak. Hala eta guztiz ere, inoiz baino espazio 'ignoto' gutxiagorik izango da unibertsoaren gure mapa berrian.
Publicidad
Mikel Madinabeitia | San Sebastián y Gorka Sánchez
Miguel Villameriel | San Sebastián
Miguel Ángel Mata | San Sebastián, Miguel Villameriel | San Sebastián, Izania Ollo | San Sebastián y Gorka Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.