Birusetik gerrara

Kanpokoa? Olaberriakoa?

Txikitatik jatorri ezberdineko ikaskideekin gela partekatzera ohituta dagoenak etorkinekiko aurreiritzi gutxiago izango dituela pentsatzekoa da. Desagertzeraino?

Sábado, 16 de diciembre 2023, 01:00

Ez dut sekula ahaztuko alaba txikienak eskolan, bere gelan, kanpoko zenbait ikaskide zituen galdetu zion emakumeari botatako erantzuna. «Ba, zuk kontatu: Errumaniako hiru, Marokoko bat, Kolonbiako beste bat, pakistandarra, txinatarra, Olaberriako bat eta Zumarragako beste bat». Esan beharrik gabe doa barre algarak eragin zizkigula denoi erantzun hark, baina baita hausnarketarako bidea eman ere, noski. Izan ere, txiki-txikitatik jatorri eta nazionalitate ezberdineko ikaskideekin gela partekatzera ohituta egonik, «kanpotar» hitza berea ez den herri batean jaiotakoekin bakarrik identifikatzen zuen alabak, arraza, kolore, hizkuntza edo erlijioari erreparatu gabe. Zeozer ezberdina izatekotan, jaioterria soilik. Inolako aurreiritzirik gabe, gelakideak ziren guztiak, alboko herrian jaiotako euskalduna eta urduz bakarrik hitz egiten zekien pakistandar berria.

Publicidad

Denborarekin pertzepzio hori nolabait moldatuz joan da eta adinean aurrera egina ahala ezberdintasunak, hein handiago edo txikiago batean, azaleratuz joan dira nerabezarora iritsi diren ikaskide horien artean. Ez bizikidetza-arazoak sortzeko bezainbeste, ezta antzekorik ere, baina bai, nolabait, taldearen barruan azpitaldeak sortzeko, hizkuntza, kultura edo erlijio berekoen elkartzeko joeraren eraginez edota gizartearen esparru batetik iritsi ohi zaizkien mezu 'kutsatuen' ondorioz. Edo biak batera, akaso. Nolanahi ere, immigrazioaren errealitatearekin txikitatik bizi izanak, ziur aski, aurreiritzi asko gutxitzeko edo ñabartzeko balio izango dio alabaren belaunaldiari. Hala izan bedi, behin-tzat, arrazoi politiko, ekonomiko edo erlijiosoei loturiko jende mugimenduek ez baitute etenik izango. Alderantziz, horiei ingurumen-arrazoiak gehituko zaizkie seguru, klimaren azken gailurrean agerian geratu den moduan klima-aldaketa geldiarazteko 'sakrifizio' handiegirik egiteko prest ez baikaude.

Nabarmendu behar da Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak– 'Atzerriko biztanleriarekiko pertzepzioak eta jarrerak' gaiari buruz argitaratutako azken barometroaren arabera, immigrazioarekiko jarrera tolerantea agertzen dugula EAEko biztanleok, hori diogu bederen. %4,7k soilik ikusten omen du arazo gisa etorkinen gorakada. Hori oso positiboa izanik, jatorria edozein izanda ere? galdetuko nioke nik beste %95,3ari. Izan ere, agerikoa da, eta ukatzea zentzugabea litzateke, gizatalde guztiei ez diegula aurreiritzi-gabezia berarekin begiratzen.

Atzerriko emakumeak asko baloratzen ei dira zaintza kontuetan eta etxean lan egiten dutelako. Hala ez balitz?

Barometro horren arabera, urteak igaro ahala, Euskadin immigrazioari buruzko diskurtso funtzionala finkatu omen da, eta etorkinek lan-merkatuari egindako ekarpen positiboa onartu da. Hori bai, gizarteratze-gaietan, asimilazio-joera ei dago, hau da migratzaileek tokiko ohitura eta tradizioetara egokitzeko ahalegina egingo dutela espero da.

Eta hementxe ere zalantza sortzen zait. Asimilazio-joera hori ona da? Etorkinek euren ohitura eta tradizioei uko egin beharko liekete gurean asimila-tzeko? Haiei eustea txarra da? Eta alderantziz, haien kultura babesteko eta errespetatzeko aitzakiarekin, hemen lekurik ez luketen jarrerak onartu behar ditugu?

Publicidad

Zalantza gehiago: «Atzerriko emakumeak bereziki balora-'tzen dira euskal gizarteari egiten dioten ekarpenagatik, bereziki arlo ekonomikoan eta etxeko lanetan eta zaintzan», barometroaren arabera. Hau da, gure zaharrak zaintzen dituztelako ongi ikusten ditugu emakume etorkinak? Etxeak garbitzen dizkigutelako? Eta lan hori egingo ez balute?

Horri guztiari bueltaka jarraitzen dudan bitartean, eta nire buruari aipatutako barometroari irmo erantzuteko gai izango ote nintzen galdetzen diodan bitartean, berriro irakurriko ditut gaur egunkaria irekitzen duten istorioak. Baita duela egun batzuk Seguran eta segurarren artean hain gustura bizi den Conakryko Yayak kontatutakoa ere. Haien irribarreek galdera asko erantzuten laguntzen dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad