Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
dv

2022ra atzeratu dute Korrika, «zuhurtziagatik eta erantzukizunagatik»

Ez dute ekimenaren moldatutako bertsiorik egin nahi, eta AEk-ri ekarriko dion kolpe ekonomikoa aurreikusita ere, erabaki dute oraingoz bertan behera uztea

Amalia Ibargutxi

Donostia

Viernes, 16 de octubre 2020, 11:55

Susmo guztiak baieztatu dituzte: Korrikaren 22. edizioa atzeratu egingo da. Koronabirusa dela eta, ezinezkotzat jo dute datorren urtean ekimena burutu ahal izatea, «jenderik gabe, kalerik gabe eta errepiderik gabe ez baitago egiterik». Ez dute ez-Korrikarik egin nahi, eta AEk-ri ekarriko dion kolpe ekonomikoa aurreikusita ere, erabaki dute «zuhurtziagatik eta erantzukizunagatik», bertan behera uztea, oraingoz, euskararen aldeko ekimena.

Publicidad

Hala azaldu dute, Donostiako San Telmo Museoan egindako prentsaurrekoan, Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak. Erabaki «latza» izan omen da, «euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu; gainera, Korrikak helburu ekonomiko zehatza dauka, AEKren euskaltegietako lana indartzea, eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri», azaldu dute.

Azken hilabeteotako aldaketak ikusita, ez dirudi epe motz-ertainean erabat kontrolpean izango denik egoera.Hori dela eta, AEKn hobetsi dute ekimena atzeratzea, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko.

Atzerapen horrek hutsunea sortuko du, baina ez dute nahi Korrikaren ordezko eskas bat nahi. Denbora gehiago hartu nahi dute normalitate berria nondik nora joango den ikusteko, etorkizuna hobeki ezagutzeko, eta, egoerak ahalbidetuko duen ekimena sortzeko.

Bitartean, Euskaraldiarekin bat egitera animatu dute jendea, Belarriprest edo Ahobizi izatera. Bestalde, azpimarratu dute ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea. «Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian», gaineratu dute.

Publicidad

2022ra arte, euskalgintzako gainerako eragileekin ere elkarlanean segituko dutela iragarri dute, 'Hizkuntza Gutxituen Protokoloa'-ren garapenarekin, 'Geroa Euskaratik' dinamikarekin edota Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarrarekin.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad