Secciones
Servicios
Destacamos
Supermerkatuek kontratatzeko arazoak dituzte, gazteek kontziliazioa lehenesten dutelako». Duela egun gutxi egunkari honetako Ekonomia atalean irakurri ahal izan genuen titularra da hauxe. Informazioaren arabera, gurean lan egiten duten banaketa-konpainia handiei gero eta zailago egiten zaie euren enplegu-eskaintzei baiezkoa emateko prest dauden langileak topatzea eta ezezko horien atzean lan-ordutegia –gaueko txandak, besteak beste– eta egutegia –larunbatetan lan egin behar izatea– omen daude.
Egunotako bazkari eta afarietan luze eztabaidatzeko ematen duten gai horietako bat da hauxe, zalantzarik gabe. Batzuek konponbide erraza topatuko diote («ordaindu dezatela gehiago eta kitto; askok gustura lan egingo lukete hala asteburu eta jaiegunetan»), baina arazoa hori baino dezente konplexuagoa dela dirudi, eta gure gizartearen kontraesan ugarietako zenbait islatzen dituela, gainera. Izan ere, azken urteetan guztiok ahoan darabilgun kontzeptua da kontziliazioarena –zorionez, besteak beste, beste behar batzuk aseta ditugunaren seinale–, eta haren alde egiteko beharraren inguruan ia erabateko adostasuna dagoela dirudi. Alabaina, hementxe hausnarketarako galdera: kontziliazio guztiek berdin balio al dute? Edota batzuena besteenaren gainetik edo aurretik jarri ohi dugu?
Supermerkatu handiek aipatu albistean saltzen dutena gero eta sektore gehiagok bizi duten errealitatea da. Ostalaritzako enpresariek, esaterako, urteak daramatzate langile faltagatik kexu. Ildo beretik, nire betiko ile-apaintzaileak azkeneko bisitan esandakoa ere ekar dezaket lerrootara, hilabeteak baitaramatza bezeroekin lagunduko dion langile bat topatu ezinik. Negozio txikia da, familiarra, urte askoko lanaren ostean egonkortasuna lortu duena. Orain beldur da eskulan faltagatik eskariari ezingo ote dion erantzun. «Guk zerbitzu bat eskaintzen dugu, eta bezeroen beharretara moldatzen saiatzen gara. Larunbatetan lan eginez, baina baita eguerdian edo arratsaldeko azken orduan ere, eta askok ez dute hori nahi».
Duela bi egun Alberto Martínez Osasun sailburuak egindako adierazpenak bide beretik doaz: «Ezinezkoa da, oso zaila arratsaldeko txanda guztietarako langile profesionalak aurkitzea. Ez du inork nahi, ez da familia-kontziliazio arazoa, gure gizarteak beste lehentasun batzuk ditu». «Ordaindu diezaietela gehiago» esango lukete hemen ere arazo konpontzaileek.
Bada errealitate honen atzean «gazteen konpromiso falta» ikusten duenik. «Esfortzuaren kultura» indartu edo berreskuratu behar dela ere errepikatzen da maiz (politikari ezagun batek aste honetan bertan, esate baterako). Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak lanaren eta aisiaren arteko oreka gordetzearen garrantziaz hitz egin zuen duela aste batzuk egunkari honetan bertan: «Ez gaitezen balantzaren alde batetik bestera pasatu».
Asteburuetan, jaiegunetan, gauez... lan egin nahi ez izateak ez du logika faltarik. Denok merezi dugu aisialdiaz gozatzea. Alabaina ondo baino hobeto dakigu baita ere batzuek gozatzeko beste batzuek lan egin behar duela, eta denen kontziliazioa uztartzea ez da erraza. Maiz harrotasunez nabarmendu ohi dugu EAEn, beste hainbat lekutan ez bezala, saltoki handiak igandeetan itxita egoten direla langileen atsedenerako eskubidea errespetatu aldera. Baina gero ez dugu igande goizetan irekita egoten diren supermerkatu txikietara joateko erreparorik.
Gure zapatuko parrandak sustengatuko dituzten tabernariak behar ditugu; baina baita igande goizean kaleak garbi utziko dituzte garbitzaileak ere; ez zaigu horrenbeste axola Amazoneko banatzaileak jaiegunetan lan egitea eskaturiko paketea bizkorrago iristen bazaigu; eta gustuko saltokiak larunbat arratsaldean edo zubi batean ixteak molestatu egiten gaitu, orduan otu zaigu-eta guri joatea...
«Ordaindu diezaietela gehiago». Ados. Demagun diru kontua dela dena (ez da hala, asko baitira denbora sosen gainetik jartzen dutenak) eta enpresa handiek eta administrazioek soldatak igotzeko marjina dutela. Ez gara gu horren aurka agertuko. Baina gu? Prest egongo ginateke zerbitzuak asteburuetan edo jaiegunetan garestiago ordaintzeko? Larunbateko kafea, esaterako? Edo ilea moztea? Edota uko egin genioke zerbitzu horiek gozatzeari besteen kontziliazio eskubidea errespetatzeko?
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.