Borrar
Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
Laugarren Euskaraldirako lehen pausua

Laugarren Euskaraldirako lehen pausua

Euskararen erabilera sustatzeko ariketak, maiatzaren 15etik 25era izango dena, lehen aurkezpen jardunaldia antolatu du Eibarren

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 26 de septiembre 2024, 23:29

Abenduan aurkeztu zen laugarren euskaraldia eta 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketari begira lehen mugarria jarri du gaur Eibarreko Coliseo antzokian egindako topaketarekin Euskaltzaleen Topaguneak. Ahalik eta ekimen jendetsuena izan dadin, «denon parte-hartzerako» neurriak pentsatu eta aztertzeko bildu dira euskara elkarteetako kideak, herritarrak eta teknikariak eta boluntarioak. Orotara, berrehun lagunetik gora 'Euskaraldia ON!' lelopean igarotako arratsaldean.

Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak ireki du arratsaldea. «Konbentzituta nago, handia dela herriz herri elkarrekin egitera goazena», adierazi die bertan bildutakoei. Horrekin batera, Euskaraldia ariketa bera jendea aktibatzeko eta saretzeko «tresna ezin hobea» izan daitekeela gaineratu du: «ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan, euskararen alde».

Jarraian, antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun dituzte. Herrietako mugimendurik gabe Euskaraldirik ez dela posible izango irudikatzea izan da helburua. Hala, ostiral honetatik aurrera herriek batzordea osatu, batu eta Euskaraldian izena emateko aukera izango dute webgunean. 2022ko edizioan 400dik gora herritan antolatu zen ariketa herritarrek, euskara elkarteetako kideek, udaletako ordezkariek edota entitateetako arduradunek osatutako batzordeek ahalbidetuta eta Eibarreko topaketan eskerrak eman nahi izan dizkie Topaguneak.

Norbanakoak, martxoan

Norbanakoen txanda aurrerago izango dela zehaztu dute, hain zuzen 2025eko martxoan, laugarren ariketarako bi hilabete faltako direnean. Orduan egin ahalko da 'belarriprest' ala 'ahobizi' izateko hautua.

Garazi Azkuek eta Goiatz Urkijok, Euskaraldiaren komunikazio arduradunak eta koordinatzaileak, hurrenez hurren, hurrengo edizioaren hainbat gako eman dituzte, «gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak» izango ditugula nabarmenduz.

Ondoren, Kike Amonarriz eta Manex Agirreren -Gorbeialdeko euskara teknikaria- txanda izan da. Azken bi hizlariek euskararen bueltan herritarrak aktibatzeko gakoak eskaini dituzte. Herrietan Euskaraldiaren antolaketara kideak batzeko modu berriak proposatu dituzte, eta helburu horrekin aurkeztu dute «Euskara aktibatzaileen gidaliburua», Euskaraldiak ondutako gida praktikoa. Gidak emango ditu, beraz, Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako.

Topaketaren bukaeran, ostera, ezusteko polita izan zuten bertaratu zirenek, Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu izan zuten oholtza gainean, eta bi kantu interpretatu aurretik, animoak eman eta euskararen biziberritzean «ezinbestekoak» zirela gogorarazi die han bildu direnei.

Eibarren atzo 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren edizioaren aurkezpenaren ostean, hurrena urriaren 24an izango da Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Laugarren Euskaraldirako lehen pausua