«Lazkao Txiki eta Mitxelena gaupasan ibiliak dira gurean»

Iparragirre sagardotegian bertsoak estimazio berezia izan du beti, Antonio Eguzkiza bertako nagusiaren zaletasuna medio

Gaizka Lasa

Hernani

Domingo, 26 de enero 2025, 01:00

Etxekoak bailira dabiltza Iparragirre sagardotegian Unai, Aitor eta Eli. Andonik, bertako semeak, ateak ireki dizkie eta lasai asko alde egin du bere eginkizunetara. Antzematen da askotan etorritakoak direla bertsoa bereziki maite duen etxe honetara. Ale on askiak entzun ahal izan ziren atzo, esaterako, bertako txotx irekiera ekitaldian. Eta datozen asteetan ere ez harritu nahi duen doinu eta neurrian kantatzen baten bat entzutea.

Publicidad

Bertako nagusia zen Antonio Eguzkiza ikaragarri zalea omen zen, Arantza alabak aitortu digunez. «Guk hemen ez ditugu duela oso urte gutxi arte saioak izan, beti modu naturalean egin izan baitu hemen jendeak bertsotan, ezer antolatu gabe. Lazkao Txiki ere ezagutu dugu hemen jendez inguratuta kantaldi luzeak egiten. 39 urtez segidan etorri izan zen. Zenbait sagardotegitan debekatuta omen zegoen bertsotan aritzea, Andoni Egañak behin esan zigunez, eta gurea beti egon da oso lotua mundu horretara, baita jendeak jakin ere».

Festa potolo samarrak eragin ditu sagardoaren eta bertsoaren artean pizten den «graziyak». Arantzak gogoan du «txikitan goizeko zazpietan zarata entzun, ohetik jaiki eta behera jaisterakoan hantxe ikustea oraindik parranda bukatu gabe kuadrilla, Mitxelena bertsolaria bertsotan ari zela. Noski, gure aita tartean. Izugarria zen Mitxelena!».

Arkumea eta kokotea

Iparragirrera Hernaniko eta Oiartzungo bertso eskolakoak joaten omen ziren askotan, «eta batzuetan sagardotegia bera itxi eta haientzat geratzen zen. Orduan haiek ekartzen zuten janaria. Oiartzundik arkumea eta Mitxelenak berak legatz-kokotea egiten zuen etxeko parrillan gure aitaren baimenarekin. Artean ez zen kafea ematen sagardotegietan baina hemen eltzean prestatzen zuten eta ordu luzeak ematen zituzten bertsotan».

Ramon Artolaren sail ezagunean daude ondorengoak: «Lenengo sartu tabernan eta ateratzen naiz azkena/egun guzian zurrutian da etzait betetzen barrena/ au da erari maitagarri bat arras piztutzen naubena/Joxepa Karmen biotzekoa, bete amabigarrena». «Gosea ez det aundiya bañon egarriya bai ugari/nere barrenak naitasunikan ez diyo berriz urari/sortzen ditudan koarto pitxarrak ematen dizkat tripari/nere denboran biziya kentzen diot zenbait sagardori».

Publicidad

Noticia relacionada

Tankera hortako hamaika bertso entzundakoak dira Iparragirren Arantza eta Ana ahizpak. «Komedore pribatu moduko batean biltzen ziren bertsolari ezagunak lagunekin etortzen zirenean, 30 bat adiskidek osatutako taldean. Ohikoak ziren horrelakoak hemen. Eta baita soinu joleak ere. Garai bateko aisialdia».

Aldatu dira gauzak baina orduko ezpal oneko ohiturak ez dira erabat desagertu. Izan ere Ramon Artolaren uste berekoak dira oraindik euskaldun asko eta asko: «Gaitzik ez duben erari oni gogoz oi diot nik ekin/satisfazioz ez naiz arkitzen pitxar bat eta birekin/iru edo lau izaten ditut arratserako nerekin/tristura eta penak sendatzen ditut sagardoarekin».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad