Ikasturtea amaitzeko atarian, hurrengora begira daude jada milaka ikasle. Efe

Birusetik gerrara

Egin zaitez dermatologo

Osakidetzako itxarote-zerrenden bilakaera ikusita, familian espezialistaren bat izan nahiko lukete askok. Ikasketak aukeratzeko garaia da hauxe milaka gazterentzat

Sábado, 29 de abril 2023, 07:11

Seme, dermatologo egin zaitez, ez zaizu lanik faltako». Aste honetan bertan terraza batean alboko mahaikoei entzundakoa. Izan ere, 15-16 urteko nerabeak etorkizunerako aukeratu behar zituen ikasketen inguruan ari ziren eta aitak berriki izandako esperientzia baten harira iradoki zion horixe. Dirudienez (terrazako guztiek entzuteko moduan ... hitz egiten zutela esan behar da) duela gutxi dermatologoaren kontsultara joan behar izan zuen gizonak eta Osakidetzan ematen zizkioten epe luzeak ikusita, kontsulta pribatu batera deitu zuen. Bada, lehen hitzordua irailerako eman omen zioten han.

Publicidad

Solasaldi horrek bi gairen inguruan pentsarazi zidan. Bata, noski, azkenaldian horrenbeste hauts harrotzen ari den Osakidetzaren egoera. Protesta eta mobilizazioetatik harago, osasun sistema publikoaren etenik gabeko kalitate-galeraren ideia aspaldian finkatzen ari da euskal gizartean. Izan ere, ez da asko galdetu behar espezialistaren kontsultaren zain hilabeteak daraman norbait topatzeko (espezialista ikusteko itxaron-zerrenda % 18 hazi da lau hilabetean Gipuzkoan). Edota operazio aurreko proba guztiak eginda, ebakuntzarako noiz deituko dioten zain dagoena. Edo betiko familia medikuak erretiroa hartu diona eta orain norekin txanda eskatu ez dakiena...

Osakidetzaren kalitate-galeraren ideia aspaldian finkatzen ari da euskal gizartean

Behin eta berriro errepikatu dezake Sagardui saliburuak inoiz ez dela egun adina inbertitu osasun sistema publikoan eta pandemiaren ondoren Osakidetza pultsua berreskuratzen ari dela. Erabiltzaileon sentsazioa bestelakoa da. Horren adierazle, alboko mahaiko aitak semeari emandako bigarren aholkua: «Eta jarri kontsulta pribatua. Ez zaizu lanik faltako».

Eta ez litzateke desbideratuta ibiliko gainera. Izan ere, duela gutxi orrialdeotan argitaratutakoaren arabera, 2019az geroztik, MIR edo BAMEn lehena geratzen denak Dermatologia aukeratzen du espezialitate gisa. Aurten ere, 120 plazak bete dituen lehen espezialitatea izan da, eta arrazoien artean, hauxe argudiatzen dute ikasleek: «Bizi-kalitate handiagoa dute. Dermatologiak ez du guardiarik eta irteera onak eskaintzen dizkizu esparru pribatuan.

Publicidad

Gurasoen esperientziak balio al du akaso seme-alabek bizi beharko duten errealitaterako?

Baina, esan bezala, aita-semearen solasaldi hark beste gai bat ere iradoki zidan: nerabe askok urte sasoi honetan bereziki sentitzen duten presioarekin zerikusia duena, hain zuzen. Izan ere, hortxe dabiltza asko eta asko, unibertsitateak begiratzen, lanbide heziketako tituluak, batxilergoko ikasgaiak... Pertsonaren garapenean oso etapa konplexua izan ohi da nerabezaroa eta galderak bor-borka ibili ohi dira buruan bueltaka, arinagoak batzuk, sakonagoak beste batzuk. Eta horien artean, noski, 'Zer egin nahi dut nire bizitzarekin?'.

Badira ba, galdera horri aise erantzuteko prest dauden gurasoak. Seme-alabei, hobe beharrez edo, nolabait bidea markatzen dietenak edota hark egindako aukeraketa 'horrek zertarako balioko dizu' bezalako argudioekin erabat baztertzen dutenak. Eta zentzuzkoa dirudi gure eskarmentuan oinarrituta, seme-alabei bidegurutze horretan erabakia hartzen laguntzea, baina, noraino sartu behar dute gurasoek, sartu behar badute? Gure esperientziak balio al du akaso seme-alabek bizi beharko duten errealitaterako? Ez da ba aldatu lan merkatua gu bertara iritsi ginenetik! Cloud consulting, Blockchain-en espezialista, 3D inprimatzean aditua, eduki sortzailea... hortxe egun eskaintzen diren lanbideetako batzuk, adibide gisa. Zer diren ere ez dakigu gehientsuenok.

Publicidad

Baina ez hori bakarrik. Ez al dugu bada guztiok, baita egungo nerabeek ere, gure bidea gure erabakien arabera egiteko eskubidea? Lehenengoan asmatuta, edo behin eta berriro hanka sartuta. Eta hor ez lukete lekurik izan behar gurasoen gustuek, nahiek, beldurrek... askotan 'aholkuak' poltsikoan gordetzea asko kostatzen den arren..

Gure 'terrazakideen' solasaldia txantxa girokoa izan zela esan behar da. Baina, aitaren lekuan jarrita, onartu dezagun: nori ez litzaioke gustatuko, egungo testuinguruan, familian osasun-espezialista bat edukitzea, telefono dei batekin kontsulta azkarra eskainiko ligukeen horietakoa. Eta egiari zor, baita dentista bat, deskontua egin diezagun... Ezta zergatik ez kontraktura hori arinduko ligukeen fisioa. Edo konfiantzazko mekanikoa, iturgina..

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad