Secciones
Servicios
Destacamos
Munduko futbol txapelketako finala jokatuko du Espainiako selekzioak igande honetan, tartean Irene Paredes legazpiarra dela. «Plan polita», pentsatuko zuten askok albistea entzutean. Igande eguerdia, aperitibo garaia, garagardotxo bat, pintxo batzuk eta futbola telebistan. Ez diet nik arrazoirik kenduko. Baina niri ere eman beharko didate horietako batek baino gehiagok Zeelanda Berrian eta Australian munduko txapelketa bat jokatzen ari zela atzo goizean jakin zutela badiot. Bada, jakin dezatela uztailaren 20an hasi zela mundiala. Eta Espainiako selekzioaren edo nahi izanez gero, Irene Paredesen lehen partidua, hurrengo egunean jokatu zela, 21ean. Denbora izan dute ba haren berri izateko, baina ongietorriak izan daitezela, dena dela.
Izan ere, kirola ikustea askoz ere dibertigarriagoa da 'gureak' irabazteko aukera duenean, ezta? Zenbat Formula 1 zale (eta aditu) sorrarazi ote zituen Fernando Alonsok 2000ko hamardadan? Askoz jarraitzaile gutxiago zituzten gidariek lasterketak ETB1ek botatzen zituenean... Eta zenbat tenis jarraitzaile Nadalek? Gogoan dut Wimbledon eta US Open ere ETB1en botatzen zituztenean, doan...
Bada biharko partida munduko txapelketa honetako lehena edo bigarrena bada zuretzat, ongietorria izan zaitezela. Izan ere, merezi dute Irene Paredesek eta konpainiak arreta hau, 'interesatua' bada ere. Urte gutxiren buruan eman dituzten aurrerapausoak nabarmenak dira-eta. Begibistakoa da oraindik asko dagoela egiteko -ezin aipatzeke utzi emakumeen futbol partidak saltxitxa beganoekin alderatu dituen burutsu hori, Dieter Schatzschneider futbolari ohi alemaniarra-, baina duela zortzi urteko Munduko txapelketako partida bat ikustea besterik ez da behar denbora honetan kirolariek emandako jauziaz ohartzeko.
Hori agerian utzi nahian, Frantziako futbol federazioak esperimentu bat egin zuen txapelketa hasi aurretik. Mutilen taldeko jokalarien 'highlight' edo jokaldi esanguratsuen bideo bat osatu zuen, sareetan banatu zuena. Hortxe agertzen ziren Mbappé, Griezmann, Giroud etab. golak sartuz, driblinak eginez, bandan gora korrika... Bideo ikusgarri horietakoa, musika epikoarekin. Muntaketa bat baino ez zen, ordea, Adimen artifizialaren bidez trukaturiko bideoa. Golak, driblinak, jokaldiak... emakumezkoen selekzioarenak ziren. Izan ziren, noski, 'trukoa' berehala harrapatu zuten azkar ustekoak, baina partidak aurreiritzirik gabe ikusten direnean futbolaz gozatzea errazagoa dela agerian uzten zuen bideoak. Saltxitxa beganoak aurreiritzirik gabe dastatzen dituzunean bezalaxe. Zaporetsuak izan daitezke.
Eta horri loturik beste detailetxo bati jarri nahiko nioke fokua amaitu aurretik. Artikulu honetan futbolaz ari natzaizue, eta ez dakit ohartuko ote zineten baina ez dut inongo momentuan 'emakumeen futbola' esaera erabili. «Fútbol femenino», gaztelaniaz ere halaxe esaten dute etengabe. Akaso kirol ezberdina al da emakumeek eta gizonezkoek egiten dutena? Beraiek futbolean aritzen dira; gu, ordea, emakumezkoen futbolean. Atletismoan, badmintonen, piraguismoan... esaterako ez da halakorik gertatzen. Dirudienez, kirol bera egiten dugu-dute batzuek zein besteek kasu horietan. Aldiz, futbola, saskibaloia edo eskubaloiaren kasuan 'emakumezkoen' barianteak existizten dira. Bariante beganoak Schatzschneider bezalakoentzat, noski.
Bada, berriki sareetan futbolzale bati irakurri nion emakumezkoen partidetan ateak txikiagoak beharko luketela izan, atezainak ere, oro har, gizonezkoak baino txikiagoak direlako, eta horrek euren lana 'zaildu' egiten duelako. Atezain 'gajoa', alegia. Bada, halakorik ez egitea espero dut. Izan ere, arau berberekin zenbaitek kirol ezberdintzat jotzen badute emakumeena eta gizonezkoena, ez dut pentsatu nahi osagaiak aldatzen hasiz gero. Beganoentzat ere motelegia.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.