Borrar
Birusetik gerrara

Non ote dago Matxinbenta?

Datozen asteetan maletak egin eta atzerrira bidaiatuko du gipuzkoar askok. Plan bikaina. Baina, zergatik ez baliatu uda hau gure lurraldea ere hobeto ezagutzeko? Merezi du

Sábado, 24 de junio 2023, 06:21

Udako solstizioa duela egun batzuk, ekainaren 21ean, izan genuen arren, tradizioak San Joan bezperako suari eman ohi dio udari hasiera ofiziala emateko ardura. Hala bada, hementxe da eguraldi onarekin -kostatu zaio baina hemen da-, jaiekin -asteburu honetan zaila izango da aukeratzea- eta oporrekin lotu ohi dugun urtaroa. Eta datozen asteetan Gipuzkoako hamaika auzo eta herritan izango ditugun jaiak zerrendatzearekin soilik tarte hau aise osatuko banu ere, oporren gaiari heldu nahiko nioke segidako lerrootan, datozen asteetan gipuzkoar asko eta asko, zortedunenak bederen, izango baitira maleta hartu eta lurraldetik kanpo joango direnak. Bada azken hauentzat, oso urrutira joaten direnetzat bereziki, badu nire lankide batek erantzuna beti prest: «Oporretan Albaniara zoazela? Islandiara? Beti atzerrira, beti atzerrira... Eta hemengoa? Ziur Matxinbenta non dagoen ere ez dakizula...».

Eta, arrazoi puntu bat ere baduela esango nuke. Izan ere, ez naiz ni bidaiatzearen onurak zalantzan jartzen dituen horietakoa. Adituek hala diote: estresa murrizten laguntzen du, komunikatzeko eta sozializateko gaitasuna garatzen du, norbere burua ezagutzeko baliagarria da, geure buruari ezarri ohi dizkiogun oztopoak gainditzeko ere oso positiboa da... Alabaina, atzerrira bidaiatzea, esperientzia desberdinak bizitzea, beste tradizio, ohitura eta gastronomia batzuk ezagutzea ezin hobeto konbina daiteke gure lurraldearen ezagutza handitzearekin.

Izan ere, harrigarria bezain kezkagarria da, Gipuzkoa hain lurralderik txikia izanik bertako biztanleok haren inguruan erakutsi ohi dugun ezagutza falta. Adibide gisa, egun gutxiko epean entzun ditudan honako galderak: «Ereñotzuk alkatea duela? Baina hori Gipuzkoa da? Non dago?»; «Beizama herria da? Tolosako auzoren bat zelakoan nengoan...?»; «Villabona 'Gipuzkoa profunda' deritzon hortan dago, ezta?».

Eta ez, ez da ez soilik donostiarrei lepora dakiekeen bekatua, askotan esan ohi bada ere beren hiriaz hain mainteminduta egonik, euren mugetatik haratago dagoen ezerk ez diela ikusmina pizten. Ez, gipuzkoar askoren 'gaitza' da ezjakintasun hori.

Eta pena da, Gipuzkoa txoko ikusgarriz beteta baitago. Zaila da bakar batzuk aukeratzea, baina atrebentzia barkatuko didazuelakoan, hona hemen proposamen batzuk zertzelada moduan. Osinberde ur-jauzia eta putzua Aralarko Parke Naturalean, Zaldibian. Ez, ez da hamarka metroko ur-jauzia, baina inguruak eta uraren koloreak leku magikoa bihurtzen dute. Eta parke berean, Lizarrustiko interpretazio zentrotik Lareora eramaten gaituen ibilbidea ere ederra da. Goierritarren artean aski ezaguna, hementxe gonbita gainerako eskualdeetakoentzat.

Gipuzkoako Suitza gisa zeozergatik ezagutzen dute, berriz, Mutrikuko Olatz auzoa. Zelai berdeak, haitz zuriak, labe karegileak, haitzuloak... topa ditzakegu bere azaleraren %75 artadi atlantikoek hartzen duten eremu eder honetan. Hartu goiz edo arratsalde bat bertan galtzeko. Merezi du.

Baita Zestoako auzoa den Aizarnako plazatik Santa Engraziko ermitara garamatzanak ere. Bateko zein besteko altxor arkitektonikoak ezagutzeko parada emateaz gain, zeharkatu behar den bailarak xarma berezia du. Eta handik oso urruti joan gabe, ez galdu Gipuzkoa erdi-erdian kokaturik dagoen Beizama herri txikia. Herrigune ñimiño bezain polita izateaz gain, inguruan paseo ederrak egin daitezke, Gaintzan bezalaxe (Txindoki lekuko dugula), edota Araotzen, Brinkolan (bai aldiriko trenak iristen diren lekuan)... Zerrenda luzea da.

Eta jakin-minarekin geratu zaretenentzat: Matxinbenta Beasain eta Azpeitia artean dagoen auzo txiki bat da, 50 biztanle ingurukoa. Bere berezitasun ezagunena, hiru herriren artean banatua dagoela: auzoaren zati handiena, errekaren eskuinera geratzen dena (%46,70) Beasaini dagokio; errekaren ezkerrean dagoena Azpeitiari (%43,70); eta menditik jaisten den beste errekasto batek Ezkio-Itsasori ematen die bere %9,60. Bere kokapen geografikoagatik, merkatari eta merkatarien derrigorrezko pasabidea izan omen zen denbora luzez Urola haranetik Goierrira edo alderantziz. Egin kasu nire lankideari. Ezagutu ezazue.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Non ote dago Matxinbenta?