

Secciones
Servicios
Destacamos
Jueves, 25 de octubre 2018, 15:14
Bi urtean behin aztertzen du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak nola dauden hizkuntza eskubideak udalerri euskaldunetako osasun zerbitzu publiekoetan, behatuz, kasuz kasu, zein den postu bakoitzaren hizkuntza eskakizuna, eta zein puntutaraino betetzen den. Aurten, lehen aldiz, familia medikuak eta pediatrak ez ezik, erizainak, harrerako langileak eta larrialdietakoak ere hartu dira kontuan, denekin izan baitezake harremana pazienteak edo haren inguruak.
Azterketaren datuak emateko, agerraldia egin dute ostegun honetan Donostian UEMAko zenbait ordezkarik. Hitza hartu dute UEMAko lehendakari Josu Labaka eta Etxarri-Aranazko alkate Eneka Maizek, eta haiekin izan dira Koldo Mitxelena Kulturguneko agertokian Azpeitia, Bera, Berastegi, Oñati eta Usurbilgo alkateak edo zinegotziak. Labakak azaldu duenez, aintzat hartu dituzte UEMAren eremuko osasun zerbitzu publikoak. Euskararen arnasgune diren herri horietan, non biztanleen %70 baino gehiago diren euskaldunak, 240.000 pertsona bizi dira. UEMAren lurgunea osatzen duten udalerrien artean 44 Gipuzkoan daude, 28 Bizkaian, 13 Nafarroan eta bakar bat Araban.
86 herri horietako osasun zerbitzu publikoetan -dela OsakidetzanEAEn, dela Osasunbidean, Nafarroaren kasuan- 616 langile daude, eta horietako 133k (%21,60) ez du hizkuntza eskakizunik. Agerraldian nabarmendu dutenez, Nafarroaren kasuan, %68ra igotzen da hizkuntza eskakizunik gabeko langileen ehunekoa. Orain arteko datuekin alderatuz gero, aurrerapausoak izan dira hainbat udalerritako anbulatorietan, baina «eskubide urraketa betiko iraunkortu ez dadin» proposamen zehatza egin du UEMAk: «Unibertsitatean eragitea, eta oztopoak baino gehiago, fakultatetik eta osasun erakundeetatik ikasleei baliabideak eskaintzea euskaraz ikasteko eta euskaraz lan egiteko».
Josu Labakak esandakoaren aranera, egoera horrek «Mankomunitateko 87 udalerrietatik ia guztiei eragiten die, zerbitzu orokorretan ez bada, larrialdietan. Osakidetzan, 76k ez dute dagokien maila. Osasunbideari begira, euskara merezimendu gisa dago ia lanpostu guztietan, eta UEMAko udalerrietan 57 langile daude inongo ziurtagiririk gabe (%68). Datu orokorrak argiak dira: guztira, 616 pediatra, erizain, familia eta larrialdi mediku daude UEMAko herrietako osasun zerbitzuetan, eta horietatik 133k ez dute hizkuntza eskakizunik. Bostetik batek, alegia″.
Horrenbestez, euskararen arnasgune diren horietan herritarrak euskaraz modu naturalean aritzen badira ere, «oraindik ere zailtasunak dituzte askotan osasun zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko. Urte askoan eman dugu horren berri, eta bi urtetik behin datu zehatzak ere bildu izan ditugu. Ahaleginak ahalegin, ordea, bere horretan irauten du arazoak».
Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekide Eneka Maizek, azken urteotan eman diren aurrerapausoak nabarmendu, datu zehatzak eman, eta Nafarroako egoeran jarri du arreta: «Halako azken azterketa 2016 egin genuen, eta zentro batzuetan egoerak hobera egin badu ere, besteetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du. Joera orokorra onerakoa bada ere, oraindik lan asko dago egiteko osasungintzaren alorrean. Mankomunitateko hainbat anbulatoriotan urratsak egin dituzte, eta hizkuntza eskakizuna dute langile guztiek; hori da arnasgune guztietarako nahi genukeen egoera. Azken urteetan zerbitzua euskaraz eskaintzeko pausoak eman dituzte hainbat osasun etxeetan. Zarautzen, Azpeitian, Markinan eta Bermeon, esaterako. Beste zenbait udalerritan, ordea, egoerak okerrera egin du. Herri horietan, areagotu egin da hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe duten sendagileen kopurua».
Hala ere, «udalerri batzuetan, bereziki larria da egoera. Izan ere, mediku edo pediatra guztiak dira euskaraz egiten ez dutenak. Horrek esan nahi du herri horietako bizilagunak behartuta daudela gaztelaniaz hitz egitera medikuarekin. Deban, Aramaion, Zestoan, Getarian, Aizarnazabalen, Usurbilen eta Elgetan pediatra bakarra dute, eta ez du hizkuntza eskakizuna egiaztatuta. Beraz, herri horietako haurrek zerbitzua gazteleraz jasotzea beste aukerarik ez dute. Goizuetako, Leitzako eta Aresoko umeek ere pediatra bat konpartitzen dute, eta ez da euskalduna».
Egoeraren nondik norakoa zehazki azaldu eta hainbat datu eman ondoren, Josu Labakak proposamen zehatz bat mahai-gaineratuz amaitu du agerraldia: «Urteak joan eta urteak etorri jarraitzen dugu esaten ezinbestekoa dela osasungintzako zerbitzua euskaraz bermatzea. Datuek ikusarazten dutenez, UEMAko udalerrietako osasun etxe publiko askotan ez da errespetatzen herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea. Hobekuntzak izan dira. Pediatren eta familia medikuen datuak alderatuta, egoerak hobera egin duela ikusten da, hartu diren neurrien ondorioz. Baina udalerri batzuetan egoera larria da oraindik. Hori dela-eta, beste behin, lankidetzan jarraitzeko borondatea agertzearekin batera, neurri zehatzak hartzeko eskatzen diogu Osakidetzari eta Osasunbideari, egoera hobetzeko urratsak egin ditzaten».
Eta urratsetako bat da «hezkuntza arloari garrantzia ematea, eta osasungintza publikoa euskalduntzeko neurri ausartak hartzea». Izan ere, «unibertsitatean medikuntzako eta erizaintzako plaza kopuru bat dago. Datorren ikasturtetik aurrera, euskaldunentzat 140 plaza gordeko ditu EHUk. Baina ez da medikuntza eta erizaintzako plazen erdia ere. Ez da nahikoa. Dagoen eskariari aurre egiteko, euskal adarrean plaza gehiago gorde behar dira. Eskubide urraketa iraunkortu ez dadin, ezinbestean, hezkuntza sailetik hartutako erabakiekin eragin behar da».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.