Ver fotos

Ikasleek ikastetxean lan egin dute proiektuan.
Gure Eskola

Artearen berpizkundea Zarautzen

Artea zabaldu eta sustatzea ardatz gisa duen esperimentu soziologikoa, '47 hari' deitutako proiektua, martxan jarri dugu Antoniano Ikastetxetik

antoniano ikastetxea

Zarautz

Jueves, 13 de enero 2022, 15:06

Gure ikastetxea, proiektu bat da izatez, elkarbizitza eta hezkidetzan oinarriturik gazteok urtero hainbat proiektu anitz burutzen baititugu: ikasgai barruko proiektuak, diziplina artekoak, gure gustuen arabera proposatutakoak... Proiektuetan murgildurik gaude une oro. Baina oraingoan, aurrerapauso bat eman eta proiektu globalizatuago batean murgiltzea erabaki dugu '47 hari' ekimenaren bidez. Etapa arteko proiektu bat prestatu dugu, eskolatik harago, Zarauztik abiatuta mundura zabaldu duguna eta Gure Eskolako kanalean kontatuko duguna.

Publicidad

Zertan datzan? Ba, Antoniano Ikastetxetik 47 liburuxka irten eta Zarauzko herri osoan zehar banatu ditugu. Helburua da herritarrek liburuxka horietan edozein motatako artelan bat sortzea eta zabaltzea beraien erantzuna ikusteko. 'Some Guy' ezizenaz ezaguna den artista estatubatuarraren 'A Thousand Journals' egitasmoak inspiratuta jarri dugu martxan Antoniano Ikastetxetik '47 hari', artea zabaldu eta sustatzea ardatz gisa duen esperimentu soziologiko hau.

Helburu zehatz horiek arrazoi bat dute: heldutasunerako bidean, artearekin dugun harremana nabarmen ahultzen doa eta hori geldiarazi beharra dago, izan ere, urteek ez lukete gure sormenaren aurkako oztopo bilakatu beharko. Gertaera hau argi ikus daiteke hurrengo egoeran: haurrei ea artistak diren galdetzerakoan, ia denek eskua altxa eta baietz esaten dizute; aldiz, nerabe edota heldu talde bati galdetzerakoan, baten batek eskua altxa eta baietz erantzuten badu, zorioneko zaude. Nora joan da ba artea?

Sortuz Sortu

Liburuxken azalak LH6ko ikasleek apaindu dituzte. Euretako batzuekin sorkuntza prozesu eta proiektu honi buruz mintzatzeko aukera izan dugu. Pozik ageri dira, artea sustatzeko modu ederra iruditzen zaiela eta oso gogotsu daudela adierazi digute. Hala ere, «beldur apur bat ematen du, balitekeelako harrera ona ez izatea eta guk jarritako ilusioa guk espero genuen moduan aintzat ez hartzea», onartu du batek. Nostalgia punttu bat ere sentitu dutela aitortu dute, ez zaie eta erraza egin gordetzea posible izango ez duten artelan bat sortzea. Gainera, «ez da zuretzat soilik izango den zerbait, jende gehiagorengana iritsiko da, horrek ikara apur bat eragiten du», jakinarazi digute LH6ko ikasleek. Laburbilduz, esan genezake sentsazio gazi-gozoarekin geratu direla baina proiektuaren bilakaera jarraitzeko gogotsu.

GURE ESKOLA | ANTONIANO IKASTETXEA

Aldiz, proiektuaren sakontze eta zabalkuntzaren zatia, DBH4ko ikasleei egokitu zaigu: bideoa sortu, sarrera eta gidoia idatzi, etab. Irakasleak esperimentu bitxi hau aurkeztu zigunean liluraturik geratu ginen, interesa piztu zitzaigun berehala eta talde txikitan antolatu ginen lanean hasi ahal izateko. Ez genuen oso hausnarketa sakona egin beharrik izan artearekiko dugun iritzi aldaketa penagarria dela konturatzeko, eta hori aldatzea beharrezkoa zela iruditu zitzaigun. Grina horrek bultzatuta jo eta ke inplikatu ginen '47 hari' ekimenean.

Publicidad

Gero Arte

Hasieran azaldutako moduan, sormena dantzan eta gure barnean ezkutatuta daramagun artistarekin konektatzea ahalbidetu nahi digu '47 harik'. Ahaztuta geratzen den gure izatearen zati hori dago sormenari lotuta. Apurka-apurka galdu, desagertzen doana. Onartezintzat hartu beharko genukeen, baina zoritxarrez, arrunt bilakatu da.

Marrazkiak haurrentzat, poesia maiteminduentzat eta argazkilaritza 'hobby' bat behar dutenentzat. Hortik aurrera, badirudi arteak ez duela ez hanka ez buru. Aldaketa beharrezkoa da. Eboluzio hau oraintxe hasi berri da eta Antoniano Ikastetxetik irrikaz gaude arteak noraino eramango gaituen ikusteko.

Publicidad

Arte Hezkuntzak erronka garrantzitsua suposatzen du

'47 hari' proiektuak artea sustatu eta sormena elkarrekin dantzan jartzeko aukera ematen digu. Lau eta zazpi gehituz gero, hamaika ateratzen da. Hamaika modu baitaude artea sortzeko. Nahi duzun moduan egin dezakezu, aske sentitzea du helburu esperimentu honek. Pablo Picassok zioen moduan, «artearen helburua gure arimen errutinari hautsa kentzea da», eta behar beharrezkoa iruditzen zaigu gure egunerokotasuneko bizipenak artearekin lotzea.

Abenduaren atera ziren liburuxka hauek ikastetxetik eta herrian zehar bidaiatzena ari dira, agian topatuko duzue aleren bat. Nora iritsiko dira? Zeinek daki? Iaztik gure ikastetxeak berritasun garrantzitsu baten alde egin zuen Arte Hezkuntzako curriculumean. Berrikuntza garrantzitsua bezain beharrezkoa. Izan ere, azken urteotan hezkuntza sistemak jasan dituen aldaketen testuinguruan, Arte Hezkuntzak erronka garrantzitsua suposatzen du.

Gaur egungo gizarte globalizatu honetan, gizakiok ikaragarria den garapen bisuala pairatzen ari gara; hori dela eta, aldaketa kulturalen aurrean, diziplinak hauen irakaskuntzak aldaketak ere eskatzen ditu. Ildo honetan, erronka kultural eta pedagogiko berriei erantzutera ausartu gara. Aurtengo proiektu nagusia '47 hari' izan da, gizarteari artearen beharraz jabetzeko helburuarekin sortua.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad