Borrar
La Salle Berrozpeko ikasleak, lanean. La Salle Berrozpe
Gabonetan ilusioa oparituz
Erreportajea

Gabonetan ilusioa oparituz

La Salle Berrozpeko DBHko 4. mailako kazetari gazteok gabonetan zentroak abian jarri dituen ekimen solidarioak azalduko ditugu erreportaje honetan

la salle berrozpe (4. dbh)

Andoain

Jueves, 16 de diciembre 2021

Gabonak ilusioz beteriko jaiak dira askorentzat, etxeko goxotasunean familiarekin ospatzeko eta lagunekin egoteko momentu bikaina. Baina zoritxarrez, garai hau ez da hain zoriontsua familia guztientzat. Urrutira joan gabe, gure inguruan, Andoainen, ere badaude pandemiaren eraginagatik edo arazo ekonomikoengatik gaizki pasatzen ari diren familiak eta, ziurrenik, gabonak ospatzeko aukerarik ere edukiko ez dutenak.

Familia horietan pentsatzen hastean, bereziki haurrak datozkigu burura La Salle Berrozpe 4. DBHko ikasleei. Nola ahaztu txikitan opariak irekitzeko momentu zoragarri hori? Ez al genuke denok eskubide hori izan beharko? La Salle Berrozpen familia horiei laguntzeko prest gaude eta etxeko txikienak oparirik gabe gera ez daitezen, urtero bezala, jostailu bilketa bat antolatu dugu, eta Gure Eskolarako erreportaje honetan azalduko dugu. Ekintza honen bidez, gure ikastetxeko kide guztiok aktibo izango gara eta helburu berdina duen proiektu solidario berean parte hartuko dugu.

La Salle Berrozpekoen artean lortuko ditugu jostailuak eta, ondoren, Emauseko Traperoak Elkarteko kideen bitartez, Andoain eta inguruko familia behartsuenei iritsiko zaizkie. Jostailu bilketan ikastetxeko kide guztiok hartuko dugu parte. Haur Hezkuntzako txikienen kasuan, ume bakoitzak jostailu baten marrazkia egingo du ikasgelan eta marrazki hori etxera eramango dute gurasoek ume behartsuentzako jostailuak eskolara eraman ditzaten. Lehen Hezkuntzaren kasuan, berriz, bertako ikasleen familia batzuk, beste familien eta seme-alaben parte-hartzea bultzatuko dute.

Ekartzen dituzten jostailuak ahalik eta egoera onenean egotea gomendatuko da. Azkenik, DBHko ikasleok, adin honetatik aurrerako ikasleen jostailu bilketako arduradunak bilakatuko gara, ikaskideok jada erabiltzen ez ditugun txikitako jostailuak ikastetxera ekartzera animatuz.

Ekimen berria: 'Poztailu'

Aipatu dugun jostailu bilketaz gain, ideia berritzaileagoak ere sortu dira gure ikastetxean; esaterako, Administrazioa eta Finantzak zikloko bigarren mailako gazteek egingo duten ekimen solidarioa. Administrazio eta Finantzetako ikasle hauek Ikasempresa izeneko ikasgaian, enpresa batek nola funtzionatzen duen ikasten dute. Hala, departamendu ezberdinetan antolatzen dira, eta lan egitea tokatzen zaien departamentuaren arabera, lan desberdinak egiten dituzte.

. Proiektu hau egiteko Andoaingo Udalarekin harremanetan jarri dira, behar ekonomikoak dituzten familien kontaktuak lortzeko eta haur horiek Olentzerori eskatu nahi dizkioten oparien zerrenda jakiteko.

Behin zerrenda edukita, ikasle hauek jostailuak erosteko dirua lortzeko erronkari aurre egin beharko diote, jendearen donazioen bidez. Horretarako, web-orri bat sortu dute eta, bertan, transferentzien bidez donazioak egin daitezke. Interneta hainbeste erabiltzen ez duen jendearentzat, beste hainbat dinamika sortu dituzte, adin guztietako jendeak dohaintza egiteko aukera izan dezan. Adibidez, Andoaingo Zahar Egoitzan bingoa antolatu dute, tabernetan euroak uzteko botetxo bat jartzea pentsatu dute, eskualdeko enpresa desberdinekin hitz egingo dute…

Aurtengo ikasleak proiektu berritzaile batean murgildu dira eta helburu nagusia familia behartsuenetako haurrak poztea izango dute

'poztailu'

Ikasle hauek haur hauek zoriontsu egiteko eta Gabon zoriontsuak igarotzeko edozer egiteko prest daude, eta hortik dator beraien webgunearen izena: 'Poztailu'. Poztailu hitzak hainbat esanahi desberdin ditu: Lehenengoa eta konturatzeko errazena, poza eta jostailu hitzak dira. Baina hitz honek hori baino askoz gehiago esan nahi du: umeei poza sortzeko tresna bat izan nahi du; poza sortzeko txanpon bat jartzea nahikoa izango delako aurtengo Gabonetan.

Web-orrialdean proiektu honen helburua azaltzeaz gain, bereziki ume bakoitzak zein jostailu eskatu duen eta zenbat diru balio duen azaltzen da, nahi duen orok dirua dona dezan. Proiektu honen partaide izan nahi baduzu, honako link honetan egin dezakezu: https://poztailu.wixsite.com/poztailu. Web-orrialdean aipatzen den bezala, zure laguntzak irribarreak sorraraziko ditu.

Emauseko Traperoak

Emaus Elkartea Abbé Pierrek sortu zuen 1949an, Parisen. Bera apaiza zen, eta maila sozialen aurkako borrokan jende asko inplikatzea lortu zuen, mundu mailan Emaus taldeak sortuz. Euskal Herrian Emaus talde asko daude, horietako bat Emaus Fundazio Soziala izenekoa, Errenterian. Fundazio hori gazte batzuk sortu zuten 1980. urtean, kalean bizi ziren gazteei laguntzeko asmoz. Beraien helburua janarien, jostailuen, altzarien edota arropen bilketa egitea zen, berrerabiltzeko eta jende horri laguntzeko asmoz.

Emaus irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta gaur egun, bere ekintza ezagunena behartsuenentzat arropa-bilketa egitea da. Horrez gain, etxean behar ez dugun altzariren bat izanez gero, bertako boluntarioek biltzen dituzte, egoera onean daudenak behar dutenei banatuz. Gainera, bazterketa egoeran edo arrisku egoera larrian dauden pertsonetara zuzendutako programen eta zerbitzuen kudeaketari garrantzia ematen diote, eta hori horrela, gizarte bazterketa larrian dauden pertsonen errealitatera gerturatzen saiatzen dira. Honen adibide, enplegurako aktibazio programak dira. Programa hauetan, lan ezagutzak eta gaitasunak eskaintzeaz gain, trebetasun sozio-pertsonalak eskaintzen dira.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gabonetan ilusioa oparituz