Borrar
Gure Eskola

Larramendi Bidea egiten

DBH2ko Manuel de Larramendiko ikasleak gara eta aurten, lehen proiektu bezala, Santiago Bidea egin dugu: ikasi, aplikatu eta egin

Larramendi ikastetxea

Viernes, 15 de diciembre 2023, 06:51

«¡Buen camino!» Hauek izan ziren gehien entzun eta esan genituen hitzak Santiago Bidea egiten genuen bitartean.

DBH2ko Manuel de Larramendiko ikasleak gara eta aurten, lehen proiektu bezala, Santiago Bidea egin dugu: ikasi, aplikatu eta egin. Baina zer da bidea? Duela hiru urte martxan jarri zen Larramendi Bidea: Egiteko beste modu bat. Ez dugu ikasgairik, ez dugu ordutegi isolaturik, dena lotuta duen proiektuekin egiten dugu lan.

Baina zer dira proiektuak? Proiektua gaiak lantzeko metodo desberdin bat da. Metodo honetan talde lana funtsezkoa da eta gure inguruan dugunarekin kontzeptu teoriko eta praktikoak aplikatzen ditugu. Honi transferentzia deitzen zaio.

Proiektu bakoitzak hiru asteko luzeera izaten du eta aste horietan zehar lan ezberdinak burutzen ditugu. Gure antolakuntza bi orduko hiru bloketan banatzen da.

Noticia relacionada

Lehen bietan taldean egiten dugu lan. 3 edo 4 ikaslez osatutako talde finkoak gara, honela gure artean sor daitezkeen gorabehera ezberdinei aurre egin ahal izateko. Ardura desberdinak ditugun arren, helburua argia da: Ahalduntzea. Gure autonomia landu eta honela bizitzako erronkei aurre egiteko, elkarbizitzen ikasteko eta iritzi kritiko bat garatzeko prestatu.

Azken blokean, aldiz, bakarka egiten dugu lan aurreko egunetan landutakoak sakondu eta ikaskuntza hobetzeko. Eta nola ikasten dugu? Ez dugu testu libururik. Proiektu bakoitzean Site eta Classroom bat dugu oinarri eta bertan publikatzen zaizkigu egun eta bloke bakoitzeko materialak, baita hauek aurrera eramateko behar ditugun argibideak ere.

Aurten iraila iritsi zen eta gure irakasleek Santiago bidea egin behar genuela esan ziguten. Erdi Aroko istorio desberdinak irakurri eta gero, Santiago Bidea edo Donejakue nola sortu zen ikasi genuen. Nola liteke duela hainbeste urteko bide bera hainbeste erromesek oraindik ere egiten jarraitzea?

Imagen principal - Larramendi Bidea egiten
Imagen secundaria 1 - Larramendi Bidea egiten
Imagen secundaria 2 - Larramendi Bidea egiten

Mapak ikasi, bideak markatu eta testigantza desberdinak irakurri eta entzun genituen. Askok bere burua ezagutzeko egiten dutela ikusi genuen eta honekin gu nor garen ere planteatu genuen. Bidea bezala, aldakorrak gara baina hasera batetik helmuga baterantz goaz.

Bidean arte erromanikoa nagusi zela esan ziguten. Arku motak, tinpanoak, oinplanoak, eskultura motak... aztertu genituen gure koadernoan, baina hiru asteetara aurrez aurre ikustean Eunateko arkuetan txundituta geratu ginen. Lizarran ere San Migel elizako portada aurrean eseri eta hantxe aritu ginen tertulian, ikasitakoa identifikatu eta elkarri azalduaz.

Matematikak, fisika... ez zen artea bakarrik. Zenbakiek ere izan zuten bere garrantzia. Izan ere, bidea autobusez egitea ala oinez ez da berdina. Abiaduraren formula hantxe ikasi genuen argi eta garbi!

Erritmoak, azken finean, anitzak eta partikularrak dira. Motxilekin egin behar genuen bidea, bertan funtsezkoa baino ez genuen eraman behar (zakua, arropa aldatzeko,...) eta hor ere garrantzitsua dena bereizteko aukera izan genuen. Esan gabe doa, mobilak debekatuta zeudela. Gure artean hitz egiteko unea zen, aurrez aurre hitz egin eta entzuteko.

Beraz, zer ikasi genuen Bidea egiten? Donejakueren magia eta misterioaz gain, erromes desberdinak ezagutu genituen eta haiekin hitz egiteko aukera izan genuen; duela zortzi mendeko bide eta arteak oraindik bere lekua duela ikusi genuen; otoitz eta hausnarketa egiteko aukera ere izan genuen, gune berezi eta sakratuetan bihotzetik eskaintzak eta eskertzak egin genituen; hortzak elkarrekin garbitu, denentzako mahaia jarri eta jaso, elkarrekin jolastu, dutxaren pribilegioaz gozatu...

Taldean ibili ginen eta erritmo desberdinetan bagindoazen ere, talde bat izan ginen. Taldea beti anitza da eta honek aberasten gaitu. Arazoak izan arren, eztabaidatu ostean elkar entzuteko gai izan ginen. Egun horietan denok fisikoki ibilbide berdina genuen baina, era berean, norberak bere bidea egin zuen.

Larramendi, egiteko beste modu bat

Larramendi Donostiako Antiguo auzoan kokatutako ikastetxea da. Azken urteetan proiektu desberdinetan aritu bada ere, orain DBHko Larramendi Bidea bilakatu da erreferente irakaskuntza eta pedagogia arloetan. Izan ere, gure ikaskuntza proiektuetan oinarritzen da 3 zutabe nagusi izanik: Transferentzia, autonomia eta inklusioa. Gure proiektuan ez dugu irakasgaietan edo arlotan antolatutako ordutegi finkorik. Ikastetxera iritsi eta galdera bat aurkezten zaigu eta honi erantzuna emateko, ikertu, ikasi eta errealitatearekin erlazionatu behar dugu. Hau lortzeko, taldean egiten dugu lan. Gelan irakasleek online dugun plataforma batean dugun informazioa behatzen dugu, gure kabuz, modu autonomoan, azalpenak behar adina aldiz irakurri eta entzuteko. Honetarako ezinbestekoa da talde lana egokia sustatzea eta ondo antolatzea. Zalantzak izanez gero, uneoro gelan dauden bi edo hiru irakasleen laguntza dugu.

Helburua argia da: hiru asteetan zehar ikasitako eta eraikitako guztiari esker, azterketa batekin parekatu dezakegun erronka bati aurre egitea. Pausoz pauso, ikasitakoari zentzua emanez, errealitatea gure bidera ekarriz edota gure Bidea errealitatean eraikiz.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Larramendi Bidea egiten