![Ideia berri bat hedatuz: garapen pertsonalaren garrantzia](https://s1.ppllstatics.com/diariovasco/www/multimedia/2023/03/25/combo-lizeoa.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Santo Tomas Lizeoa
Viernes, 31 de marzo 2023, 08:17
Azken urteotan, hezkuntza arloan aldaketa ugari bizi izan ditugu. Begi-bistakoa da duela bi hamarkada lehentasunak zeharo ezberdinak zirela, eta honen adibide argia dira kalifikazioak. Gaur egun, buletinetan dauden zenbakiek erabateko garrantzia izateari utzi diote eta bestelako gaitasunak nabarmentzen hasi dira, esaterako, jendaurrean hitz egiteko abilezia, lana modu kooperatiboan egiteko gai izatea edota arazoei hainbat konponbide ematea.
Donostian kokatuta dagoen Santo Tomas Lizeoa ikastolan, azaldu berri ditugun ezaugarrien garrantzia erabat barneratuta daukate langile zein ikasleek. Bertako ikasleak ohartzen dira pentsatzeko modu horrek zenbateraino lagun diezaiekeen, ez bakarrik maila akademikoan, baita garapen pertsonalean ere. Hori dela eta, gazteen zaletasun eta gaitasunak sustatzeko, eskolaz kanpoko jardueren egitaraua zabala da. Horien artean, Hedatuz programa nabarmentzen da.
Batxilergoan hiru aukera bereizten dira: Ttanttakaria, Alzheimer proiektua eta IkasBidaia. Hauen koordinatzaile den Iker Mendiluzek dioenez, ikasleek interes handiagoa agertzen dute fase honetan. Bere ustez, honen arrazoietako bat ikasleei lanarekiko ematen zaien askatasun maila izan daiteke; izan ere, irakasleen parte-hartzea bigarren plano batera pasatzen da. Partaideak astean behin biltzen dira, bi orduko saioetan lan egiteko.
Ttanttakaria ikastolako aldizkari gisa hasi zen. Duela urte batzuk arte, urtean hiruzpalau aldiz argitaratu ohi zen eta ikasleek sortutako erreportaje, elkarrizketa eta denbora-pasak aurki zitezkeen bertan. Azken aldian, fisikoa izateari utzi dio eta sare sozialetan kaleratzen hasi da. Honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, irakurleen artean errazago hedatzea, eta beste alde batetik, egun kontsumitzen diren eduki motak euskaraz eskuragarri izatea. Itziar Etxegiak, Ttanttakariko arduradunak, aditzera eman duenez, «euskara beste modu batean jorratzeko asmoz» sortutako proiektu bat da.
Ttanttakariko kideek badakite Instagram bezalako plataformei zenbaterainoko erabilera ematen zaien gazteen artean; beraz, profil bat sortu dute, non haien edukia ikusgai dagoen: irakasleak gehiago ezagutzeko elkarrizketak, euskararekin zerikusia duten jolas entretenigarriak edo gaur pil-pilean dauden gaiei buruzko post laburrak. Hori dela eta, bere presentzia handituz joan da eta bideoren bat edo beste hiriko zenbait eskolatan ikusi izan dute. Momentuan, ia 500 pertsonak jarraitzen dute kontua, publikazio berri baten zain.
Ikastolan batxilergo zientifikoak presentzia handia du, urtero ikasle kopuru handia interesatzen baita bio-osasungintzan. Modalitateak izan ohi duen arrakasta ikusita, bigarren proiektu hau martxan jarri zen STL eta Cita Alzheimer fundazioaren artean. Kolaborazio hau ausaz sortu zela esan genezake: urte batzuk atzera, aipatutako erakundearen zuzendari zientifikoa zen Pablo Martínez-Lage ikastolarekin harremanetan jarri zen, ezagunak baitzituen bertan ikasten. Bilera batzuen ondoren, ikasleak gaixoekin kontaktuan jarriko zituen egitasmo bat sortu zuten elkarlanean.
Idoia Garcíak, Alzheimer proiektuaren zuzendari eta biokimikan doktoratuak, ezagutzera eman duenez, proiektua hiru zatitan banatzen da eta ikasleak irailetik apirilera aritzen dira lanean, horiek aurrera ateratzeko. Parte hartzen duen ikasle kopurua urtez urte erabat aldatzen da; ikasturte batean 20 partaide inguru izatetik hurrengoan 60 izatera pasa daitezke. Hala eta guztiz ere, parte hartzea erabakitzen dutenek ilusio handiz eta gogotsu ekiten diote lanari, gaixoekin oroitzapen bereziak sortzeko duten aukera paregabeaz jabetzen dira eta.
Argi dago hainbeste ordu sartu ondoren lanaren emaitza ikusteak ikasle bat baino gehiago hunkitzen duela. Irati Elzok, Alzheimer proiektuaren ikasle ohia, erabat emozionatu zela eta «ezagutzen ez den ikuspegi berri bat» lortu zuela baieztatu du. Iratiren hitzetan, «lagunartean eta familiarekin hitz egitera ohituta gaude, baina gehienok ez dakigu horrelako gaixotasun bat sufritzen duen pertsona batekin tratatzen».
Ohikoa den bezala, STLko batxilergoko 2. mailan dauden ikasleek ikasbidaia egiteko aukera ere izaten dute. Hori aurrera ateratzeko, bolondres aurkezten diren ikaslez osaturiko talde batek hartzen du bidaia antolatzeko ardura. Ikasleak hiru multzotan banatzen dira eta bakoitza bidaiaren alderdi baten kargu egiten da. Aukera ederra da proiektuen kudeaketan, kontabilitatean eta turismoan interesa duten ikasle horientzat, izan ere, hasieratik bukaerara baliabide ekonomikoen gestioa eta plangintzarekin egiten dute lan.
Hiru azpitaldeetako bakoitzak ondorengo funtzio bat bete behar du: bidaiaren diseinua, diru bilketa eta aurrekontuen kudeaketa. Bidaia antolatzeko garaian, ikasleak ibilbide bat finkatu, hiri bakoitzean ezinbestean ikusi beharrekoak erabaki eta autobus eta ostatuak alokatzeaz arduratzen dira. Bestalde, diru bilketaren kargu dauden ikasleek zenbait ekintza burutzen dituzte, funtsak lortzeko: ikastolak antolatutako ekitaldietan zerbitzari lanetan aritzen dira, arropa diseinatu eta salmentan jartzen dute… Bukatzeko, pare bat ikasle diruaren kudeaketan aritzen dira lanean: aurrekontuak eta ordainketa epeak betetzen direla ziurtatzen dute.
Proiektuetan parte hartzen duten pertsona guztiek antzeko ondorioak ateratzen dituzte: lana indibidualki zein taldeka egiteko okasio itzela da. Alde batetik, proiektu hauetan baliatzen den sistema eskolan ikusten dugunarekiko erabat ezberdina da. Honen begi-bistako adibidea ikasleei lan egiteko orduan ematen zaien askatasuna da; klaseetan ez bezala, ikasleak berak dira haien lanaren antolatzaile eta gidari. Hori dela eta, proiektu hauek planifikatzeko eta aurrera eramateko gaitasunak garatzen dituzte eta ezustekoren batekin topo egiten badute, ikasleak dira erantzukizuna hartu behar dutenak.
Alzheimer proiektuan parte hartu ondoren, Irati Elzok honako ondorio hauek atera ditu: «Oso esperientzia polita izan da. Emozioz beteriko momentuak bizi izan ditugu eta seguru nago ez ditudala inoiz ahaztuko».
Egileak Marina Arruabarrena eta Aitana Lejarcegui
Publicidad
Beñat Arnaiz | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro
Jon Garay y Gonzalo de las Heras
Julio Arrieta y Gonzalo de las Heras
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.