Secciones
Servicios
Destacamos
'Erriola' lelopean eta bere 60. urteurrenarekin bat eginez, hirugarrenez antolatu du igande honetan Orereta Ikastolak Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen jaia, Errenterian. Oraingoan, gainera, eta iazkoan Ibarrako Uzturpe ikastolak ireki zuen bideari jarraituz, KMKren eredu berria egonkortzeko erronka ere izan du Errenteriako ikastolak, Kilometroak Egunaz harago ekintzak urte osora zabalduz. Halaxe izan da eta balantze oso positiboa egin dute ikastolako arduradunek. Igande honetan Errenteriako kale eta plazetan ospatu den KMK egunarekin ibilbideari amaiera biribila eman nahi izan diote eta horretarako askotariko egitaraua prestatu dute, lau gunetan banatuta. Eguraldia lagun, goizean goizetik festa giroak hartu du Errenteria.
Hamarretan abiatu den ekitaldi instituzionalarekin eman zaio hasiera festari. Ekitaldi ibiltaria izan da, gainera, ama, amalurra, ama euskara, ikastolako amak... ardatz hartuta. Hantxe elkartu dira, besteak beste. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Orokorretako presidentea, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea eta Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Orereta Ikastolako ordezkariekin batera. EAJ-PNV eta EH Bildu alderdietako, sindikatuetako eta euskalgintzako hainbat ordezkari ere hurbildu dira gaur Errenteriara.
Lekuonako zubian bertaratu diren guztiei ongietorria egin ondoren, Itziar Navarro ikastolako lehendakariak eta Aizpea Otaegi alkateak hartu dute lehenengo hitza. Lehenengoak urte honetan bidelagun izan dituzten guztiei eskerrak luzatzeaz gain, auzolanaren garrantzia azpimarratu du, finean «Kilometroak auzolan erraldoia» baita. Hala, ikastolako komunitatea osatzen dute kideen arteko auzolana, euskalgintzako eragileen artekoa, eta erakundeek egindakoa ere nabarmendu ditu. Navarro pozik agertu da urte osoan egindako lanagatik. «Gure helburua ikastola zer den erakustea izan da: elkarlana, euskara, erabakiak denon artean hartzea...; herri bat garela erakustea».
Otaegik, bere aldetik, urte osoan egindako lana eskertu die Orereta Ikastola osatzen dutenei eta aurtengoan beretzat KMK berezia izaten ari dela azpimarratu du, bera ere ikastolako ikasle izan zelako, eta «hantxe jaso nuelako nere oinarrizko formazioa. Mundu ikuskera eta balioak ikastolan jasotakoak dira», esan du. «Euskara eta euskal kulturaren aldeko konpromisoa sorrarazi eta iraunarazi du ikastolen mugimenduak, horregatik izan da ikastola eragile funtsezkoa gure herrian», nabarmendu du alkateak. «Gure herri senaren bizitasunari eta bizi-indarrari egiten dion ekarpen baliotsuagatik. Gure herrian komunitate anitza dugu, ikastolen sareak, sare publikoak eta gizarte ekintzako ikastetxeek osatutakoa. Eta harro gaude modu batera edo bestera gure herriko hezkuntza komunitateak garai bakoitzak izan dituen erronkei erantzuteko izan duen prestatuta eta gaitasunagatik. Eta harro gaude orain ere hezkuntza komunitateak arlo horretan duen inplikazioaz eta konpromisoaz».
Noticia relacionada
Hantxe, Lekuona zubian, Orereta Ikastolako DBH1eko Inge Mitxelena Garate ikasleak 'Erriola' manifestua irakurri du eta jarraian soka dantza eskaini dute Lekuonako zubian ikastolako ikasle, familia eta langileek, Jon Maya dantzaria buru izan dela.
Hurrengo geldialdiak Herriko plazan, Zumardian eta Linon izan dira. Lehenegoan, 'Erriola' abestiaren doinuarekin koreografia ederra eskaini dute ikastolako guraso, irakasle eta ikasle txikiak; Zumardian bertsoa bota du ikastolako ikasle eta Xenpelar Bertso Eskolako kide batek; eta Linon Mikel eta Esti Markezek 'Konplize ditut' eta 'Kantua' interpretatu dute Ereintza dantza taldearekin batera.
Ekitaldia Emakumeen Etxera, Zamalbide gunera mugitu da gero. Kukai dantza taldeak 'Gelajauziak' ikuskizunaren zati bat dantzatu du eta segidan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Eider Mendoza diputatu nagusiak hitz egin dute.
Artolak KMK eguna euskara eta euskal kulturaren plaza dela nabarmendu du, jaia eta aldarrikapena uztartzen dituen eguna. Eta hori dela eta ikastolek Eusko Legeiltzarrean eztaiadaitzen ari den Hezkuntza Legeari eskatzen diotena azpimarratzeko baliatu du. «Gaurkoan gure aldarrikapenak helarazi nahi ditugu. Izan ere, ahalik eta lege onena eta zehatzena ateratzea espero dugu. Ausardiaz jokatzeko eskatzen diegu alderdiei. Asko dago jokoan. Euskara, euskal kultura eta euskal curriculuma izan behar ditu ardatz lege berriak beste hainbaten artean eta benetako murgitzeko eredua gauzatzeko bidea zehaztu beharko du. Garrantzitsua da ikastetxeek euskara lehenetsiko dutela ziurtatzea eta gure euskararen arnasgune bilakatzea. Horretarako hizkuntza proiektuak sendotu behar dira. Euskara gutxiago duenari baliabide gehiago emanez», adierazi du Ikastolen Elkartkeo lehendakariak. «Euskararen normalizazioan eta bizibirritzean jauzia emateko garaia da eta horretako anbizioaz diseinatu eta gauzatu behar den hizkuntza politika behar dugu». Era berean, publiko-pribatu dikotomia faltsua dela adierazi du eta «hori gaindituko duen legea nahi dugu, ikastolen hezkuntza proiektuari behar duen hizkuntza emango diona».
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere aipamen egin dio, noski, Hezkuntza legeari, goizean zehar Errenterian ikusi duenarekin, ikastolak, Udalak, haur, gazte, familia, irakasleek... osatzen duten komunitatearen indarrarekin, hunkituta dagoela azaldu ostean. Hurrengo urteetara begira Hezkuntzan kontuan izan beharreko hiru lan ardatz aipatu nahi izan ditu: jaiotze tasaren egoera eta honek suposatuko duena, hizkuntza eta aniztasuna. Hala, jaiotze tasa horren bilakaeraren aurrean Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko Eusko Jaurlaritzak duen «konpromisoa» nabarmendu du. Hizkuntzari dagokionez, euskararen egoera 1977an eta egun oso ezberdina dela azpimarratu du, baina baita gizartea bere ere. «Eta gure ere lan egiteko modua aldatu behar dugu, adostasunaren bidetik. Herri, ikastetxe eta gela bakoitzaren egoera soziolinguistikoa ezberdina da». Hirugarren ardatzari dagokionez, Hezkuntza komunitateak gizartearen aniztasuna islatu behar duela adierazi du. «Ikastetxe bakoitzak ere anitza izan behar dugu eta aurrerantzean zahurgarritasunaz hitz egin behar dugu».
Eider Mendoza diputatu nagusia izan da hitza hartu duen azkena, eta bi kontzeptu atera nahi izan ditu plazara: komuntiatea eta emakumeen lidergoa. «Komunitate oso sendoa ikusi dugu gaurkoan, uste baino parte-hartzaileagoa. Horrek badu ibilbidea eta komunitateak elkarrekin eta inor atzean utzi gabe erakusten du zein ibilbide egin dezakegun eta nolako arrakasta izan dezaken», adierazi du. Ikastola Errenterian nork abian jarri zuen ere ekarri du gogora, Arantxa Idiazabal andereñoa 8 ikaslerekin. «Gaur amen figura aldarrikatu nahi izan duzue, zein garrantzia izan duten ikastolaren ibilbidean eta nik ere hala egin nahiko nuke». «Indarrez dator errio hau, indar handiz, kilometroz kilometro goazen denok itsasora», bukatu du Mendozak.
Orduantxe iritsi zaie Orereta Ikastolakoei iaz Ibarran jaso zuten Kilometroaken lekukoa Ikastolen Elkarteari itzultzeko garaia. Artolak jaso du eta adierazi duenez, datozen asteetan emango da ezagutzera nork hartuko duen berriro, hau da nor arduratuko den 2024ko urriaren 6ko KMK egunarekin amaituko den Kilometroak antolatzeaz. Lekukoa ematearekin batera, batukada feministaren txupinarekin hasi da jaia 11:00etan.
Egun osorako egitarau zabala osatu dute Orereta Ikastolakoek herriko lau gune nagusitan banatuta eta betiere euskara eta euskal kultura erdian jarrita: Lino, Agirre lehendakariaren plazan; Esmalteria, Koldo Mitxelena plazan; Galletera, Gernika plazan; eta Errioa Iztieta pasealekuan. Musika, dantza, umeei zuzendutako eskaintza, tailerrak eta kale animazioa, Gipuzkoako Ikastoletako DBHko ikasleen arteko Erronka, jantokian bazkaria eta txosnetan ogitarteko zein bestelako jakiak, tonbola... denetarik izango da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.