
Errenteria
Ibilbide bat antolatu dute iganderako Oialekura hainbat ekitaldirekinSecciones
Servicios
Destacamos
Errenteria
Ibilbide bat antolatu dute iganderako Oialekura hainbat ekitaldirekinNatur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Aiako Harriko natura-parkea aisia-leku ezinbestekoa ere bada gipuzkoar askorentzat. Asko dira ingurumenaz eta ikusmiraz gozatzera, 'egurastera', Bianditz edo Erlaitz aldera joaten diren herritarrak. Eginkizun garrantzitsua betetzen du alde horretatik ere.
Aiako Harriko natura-parkearen garrantzia aitortzeko, hau da, gipuzkoarrei hango landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena goresteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak, lehenbizikoz, 'Aiako Harriko natura-parkearen eguna' antolatu du maiatzaren 26an. Horretarako, Oiartzungo Udalaren ezinbesteko lankidetza izango du, baita Etorlur sozietate publikoarena ere.
«Asmoa ez da natura-parkera jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea, hain gutxi mendian erromeria antolatzea, natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea baizik», adierazi dute.
Ospakizunaren data ez da halabeharrezkoa. Batetik, artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenetsi da. Bestetik, Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu dira eguna zehazterakoan: 21ean Natura 2000 eguna eta 24an, Europako natura-parkeen eguna ospatzen dira Batasun osoan. Taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaile baten gidaritzapean) bertaratu nahi duten parte-hartzaileak Uzpurun eta Kausoron elkartuko dira eta joateko 45 minutuko bidea egingo dute oinez. Horrenbestez, komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Ume txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia (10 urtetik gorakoentzat). Ezingo da txakurrik eraman.
Oielekura ailegatutakoan han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko parada izango dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere. Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.
Segidan palankarien erakustaldia izango da. Burdinazko barra bat ahalik eta urrutiena jaurtitzean datzan jokoa, behinola Euskal Herrian oso zabaldua zegoen kirola da. Horren lekuko, mendietan bada oraindik Palankaleku izeneko tokia. Hori bukatutakoan musikaren txanda izango da. Hain zuzen, 'Et Incarnatus' talde entzutetsuko soka lauko-boskote batek 'Zelta aireak' emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.
Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik. Ondoren, parte-hartzaileak etorritako bide beretik oinez itzuliko dira abiapuntura ingurumen-hezitzailearen eskutik. Hauek dira abiatzeko hitzorduak: goizeko hamarrak laurden gutxitan Uzpurun eta hamarretan Kausoron. Oiartzundik bertatik oinez joan nahi dutenentzat irteera ordua goizeko bederatziak izango dira eta elkartzeko gunea Karrika auzoko Artaso pilotalekua.
Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, autobusen ordutegiak: Goierritik datozenentzat, autobusa goizeko 8:30ean irtengo da Beasaingo tren geltokitik eta 9:00etan Tolosan (Igerondo kaleko 1 zkiko. geltokian, Napar zubiaren parean) geldialdia egingo du. Oiartzundik Kausorora autobusez igo nahi dutenentzat, Altzibarko errotondatik (Pitusatik) aterako da 9:15ean. Ospakizuna ordu bata eta erdiak aldera bukatuko da. Kontuan izanik Oielekutik haraino 45 minutuko bidea dagoela oinez, etxera joateko autobusak ordu biak eta erdietan aterako dira Kausorotik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La NASA premia a una cántabra por su espectacular fotografía de la Luna
El Diario Montañés
Encuentran muerta en un río a la actriz Sophie Nyweide
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.