Aurten ere, Xanisteban jaien hasiera soka-dantza izango da Herriko plazan. FIRMA

Oiartzun

Hemen dira Xanisteban jaiak!

Artaso Elkarteak piztuko du festei hasiera emateko txupina Udalbatzak Herriko plazan eskainiko duen soka-dantza amaitutakoan datorren ostiralean

A. MARIEZKURRENA

Oiartzun.

Viernes, 26 de julio 2024, 20:29

Oiartzungo Xanisteban jaiak hemen dira! Egun batzuk besterik ez dira falta xanistebanei hasiera emateko suziria pizteko, eta gaur herriko bost egun berezienetarako prestatu duten egitaraua aurkeztu du Jai Batzordeak.

Publicidad

Aurten ere, oiartzuar denen gozamenerako eskaintza osatzeko gogor lanean ibili dira lau hilabetez herriko eragileak. Xanistebanetako egitarau oparoa osatzen duen ekitaldi sorta ez dela berez antolatzen gogorarazi du Joana Mendiburu alkateak. «Oiartzungo eragile eta elkarte desberdinetako lagunak, adin eta interes desberdinekoak, ezinbestekoak dira guztiak elkarrekin jai herrikoi, parekide eta euskaldunak antolatzeko lanean». Haien lana eskertu eta omentzeko, elkarte hauek denak gonbidatu ditu Udalak abuztuaren 2ko soka-dantzara. «Herriko kaleak kolorez bete eta gustu guztietarako ekintzak antolatzen lanean ibili direnek guztion esker ona merezi dute. Horregatik, aurten, zapi urdina soinean jarri eta udaleko ordezkariek soka-dantzara aterako ditugu, guztiok batera Xanistebanei hasiera ezin hobea emateko».

Herriko Plazan, arratsaldeko 19:30ean, Udabaltzak, Haurtzaro Dantza Taldearen, Olarri Dantza Taldearen eta Lartaun Txistulari Taldearen laguntzaz, eskainiko duen soka-dantza bukatuta, Artaso Elkarteak piztuko du festei hasiera emateko txupina aurtengoan. Berrogeita hamargarren urteurrena du aurten, eta ibilbide luze honetan Karrikako zein herriko jai eta deialdiak antolatzeko egindako lana eskertu nahi izan dute Xanistebanetako Jai Batzordeko kideek.

Komunetan berrikuntzak

Madalensoro inguruan jarriko dituzten komunak izango dira aurtengo xanistebanetako beste berrikuntza bat. Jende asko ibiltzen da gauetan txosnetan, eta komunen erabilera erraztu nahi izan du Udalak, festa espazio eroso eta garbia eskainiz eta kaleak txukun mantentzeko.

Ohikoak diren komun eramangarriez gain, 6 metro modulu sanitario berria jarriko dute aurten. 6 banakako komun, 3 gernu-zutabe eta 3 konketa izango ditu. Papera eta xaboiaz izateaz gain, argiztatuta egongo da. Langile batek gainbegiratuko du bertako garbiketa eta erabilera egokia, horrela higienea, segurtasuna eta erosotasuna hobetuz. Arratsalde eta gauetan egongo da zabalik.

Publicidad

Xorrola, 24 orduz bueltaka

Bestalde, aipatzekoa da Gaueko Xorrola zerbitzu berezia eskainiko du aurten ere Udalak, ibilgailu gutxiago erabili, alkohola kontsumitu dutenek autoa ez hartu eta etxera bidean denon segurtasuna hobetzeko. 270 herritarrek erabili zuten iaz gaueko Xorrola etxera itzultzeko, eta abuztuaren 3tik 7ra zortzi auzoak lotuko ditu autobusak orduro, 00:00etatik 06:00etara. Biblioteka ondoko autobus geltokitik atera eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenbizi. Eguneko Xorrolak ere ordutegi zabalgoa izango du xanistebanetan. 07:10ean egingo du lehen itzulia eta 22:40an azkena (Arraguako ordutegia). Taxibus zerbitzua zabalduko da eta egunero egongo da, ohiko ordutegian (larunbat eta igandean ere zerbitzuak astean zehar izaten duen ordutegia izango du).

Gainera festengatik herriguneko zenbait kaletan trafikoa moztuta egongo denez, geltokietan ere aldaketa egongo dira. Xanistebanetan ohikoak diren moldaketak egingo dituzte: Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokiak, Rafael Pikabea eta Landetxera (aparkaleku sarrera parera) pasako dira.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad