Secciones
Servicios
Destacamos
Bederatzi eta hamalau urte bitarteko gazteekin aritzea egokitu zitzaidan aurreko astean, irakurle taldean landuta zuten nire liburu baten gainean. Ederra izan zen enkontrua. Liburua irakurrita zuten, pasarterik gogokoenez hitz egiteko prest agertu ziren, ahoz goran ere irakurtzeko aukera izan genuen eta giro ederrean pasatu zitzaigun ordua, konturatu ere egin gabe.
Agurtzean, gazteek liburua sinatzeko nahia erakutsi zuten baina laster adierazi zien irakurle taldearen gidariak liburuak liburutegikoak zirela eta, beraz, ezin zirela sinatu. Egarri denari aurrean duen iturriko ura ez dela edangarria esatea bezalakoa iruditu zitzaidan. Botilako ura edatera derrigortu nahi izango balitu lez.
Segundo gutxiren barruan, gazteetako batek, zorrotik koaderno bat atera eta han sinatzeko eskatu zidan. Koadernoak ez direla sinatzen adierazi nion nik. Egileak bere liburua duela sinatzen, sinadura liburuarekin batera eta liburua elkarrekin topo egindako momentuarekin batera joan daitezen. Berak ezetz buruarekin. Ez zela edonolako koadernoa. Berak jarraitzen zituen pertsona ezagunen koadernoa zela jakinarazi zidan. Begira zure sinaduraren aurrekoak zeintzuk diren, eta erreskadan ikusi ahal izan nituen futbolari, pelotari eta abeslarien izenak ihesean...
Gainontzeko sinadurak ere erakutsi nahi izan zizkidan baina nik ezetz, ez zela beharrezkoa. Eta koadernoan sinatu dizute? galdetu nion, nire harridurari eutsi ezinik. Gazteari irribarreak harrapatu zion aurpegia masail batetik bestera.
Bildumaren parte nintzatekeela argitu zidaten etxean, gertatuaren berri eman nienean. Nik, ostera, ez nintzela inolako bildumaren zati. Nire sinadurak nire liburuaren baitan duela balioa, baliorik baldin badauka. Etxekoek, ostera, hautuak egiteko garaian bizi garela jakinarazi zidaten, jakinik, hautua egiten dugun bakoitzean, aukeratu dugun bideari ez gainontzeko guztiari uko egitea dakarrela.
Hartzaileek, jarraitzaileek, zurekiko atxikimendua, adiskidetasuna edota miresmena erakusteko modu berriak dakartzatela azaldu zidaten: «bide horretan sartzen zara edo ez zara sartzen».
Sartzeak zer dakarren galdetzea otuta, «berak miresten dituen pertsona guztiekin maila berean egotea», erantzun zidaten, «ez dela gutxi!». Ez nuen galdetu nahi izan ez sartzeak zer dakarren.
Izan ere, ustela iruditzen baitzait koaderno batean jasotako sinadurak pertsona ezberdinen ekarpenak pareka ditzakeela pentsatzea eta, antzua, bilduma bateko parte izateak gure ekarpenari balioa eransten diola sinestea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.