Borrar
Kareletik

Literatur ibilbideak

Literatura gauza serioa da: nor garen eta zer sentitzen dugun esaten du

Miércoles, 18 de diciembre 2024, 01:00

Ni ondarrutarra na(z)» esanez aurkezten dute, maizenik, ondarroar gehienek euren burua. Izen-abizenak aipatu aurretik, lehenbizi, «ondarrutarrak» direla. Eta ondarroarrak ez direnei, bitxia bezain erakargarria egiten zaie herritartasuna agertzeko modu hau.

Baina zer dute berezi ondarroarrek, munduan barrena ondarroarrak direla esanez ibiltzeko? Aurten bertan, Augustin Zubikarai nobela bekaren inguruan antolatutako kultur ekitaldira hurbildu den eta ondarroarra ez den idazle batek, hau esan zuen gai honen inguruan: «nik, ondarrutarrak, oro har, estrobertituak ikusten ditut, eta bere buruaz seguru, autokonfiantza handikoak. Horrez gain, oso euskaldun eta abertzale, eta ezaugarri horretaz harro. Eta gainera, batzuk ezkutuago besteak ageriago, konbentzituta eurak direla beste inor baino euskaldunago eta abertzaleago. Eta konbentzituta, halaber, munduan ez dagoela Ondarroa lakorik. Eta igual arrazoia izango dute».

Herri baten nortasuna ezagutarazteko modu asko daude, baita sentitzeko eta bizitzeko ere. Herritar batzuek, idazleek kasu, euren hitzen eta idatzien bidez, nortasun hori zizelkatuta uzten dute, eta pixkanaka-pixkanaka, herritarren gogoetetan da iltzatzen. Herri bateko literaturak asko du herri horri buruz esaten, eta herriaren zein herritarren izaera du osatzen. Herri bateko literatura da herri horren enbaxadore nagusia, muga guztien gainetik hedatzen dena eta unibertsal bilakatzen duena.

Ondarroako udalak, gaur arratsaldean, «Kalian gora, maria behera» izeneko literatur ibilbideen aurkezpenari ekingo dio. Herriko idazleen lanak oinarri hartuta, herrian zehar ibilbide ezberdinak taiutu ditu, herriaren zirrikitu eta sekretuak ezagutzera gonbidatzen duen programaren baitan. Herriko kaleak eta bizipenak idazleek irudikatu dituzten erara ezagutu eta bizitzera, alegia.

Ekimen ezin interesgarriagoa udalak abiatuko duena, «ondarrutarra na(z)» horren atzean zer dagoen erakusteko. Bertako idazleen begi zoliek herria nola bizi duten jakiteko. Herriaren historia ezagutzen hasi, egun bizi dituen gora-beherak kontatzen jarraitu eta herriaz nola amets egiten duten azaltzen bukatzeko. Jaioterria bertako idazleentzako zertan eta nola izan den inspirazio iturri jakitera eman eta, euskal herritar orori, bertan bizi zein bertara hurbiltzen direnei, Ondarroaren xarma berezi horrek zertan datzan erakusteko.

Literatura gauza serioa da, gutaz hitz egiten baitu: nor garen eta zer sentitzen dugun esaten du, modu jantzi eta dotorean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Literatur ibilbideak