Borrar
Bai horixe

Aurpegiak ezagutu

Ezin uka aurpegi ederrak daudela helduaroan, baita zahartzaroan ere

Lunes, 26 de agosto 2024, 02:00

Gutxienez egunean behin zure aurpegia ispiluan ikusteak ez dizu uzten zeure itxurarekin gertatzen dena antzematen. Gehienetan, argazki zaharrak begiratzerakoan ikusten duzu desberdintasuna, argazkiek laguntzen dizute zinen haren eta zaren honen arteko lotura egiten. Oraingo argazkiekin, berriz, gauza bitxi bat gertatzen zaigu, ikusten duzu zeure burua atzo egindako argazki batean eta irizten diozu gaizki atera zarela, baino hemendik bost urtetara argazki hori ikusterakoan irudituko zaizu ondo zeundela.

Hori guztia suertatu zaigun aurpegiari kirurgiarik egin ez diogunon artean, tarteka aurpegiari orraztaldiren bat egiten diotenak beste kategoria batean sartzen baitira. Estatistikek esaten dute gero eta gehiago direla aurpegia tarteka eraldatzen dutenak, baina asko izanda ere ez da hori kalean ikusten dugun errealitatea.

Egiten duzu topo kalean aspaldiko ezagun batekin edo maite izan duzun norbaitekin eta sarritan kosta egiten zaizu aurpegi hori zeukanarekin lotzea. Begi bistan duzun horrek begiak betiko kolorekoak ditu, baina lan bat egin behar duzu zen hura den honetan aurkitzeko, zizelatu egin behar dituzu irudimenarekin urtetan algarek eta malkoek landutako zimurrak.

Egia da ez dudala nik horretarako aparteko gaitasunik, aspaldi ahaztu nituela eskolakideak eta haurtzaroko bizilagunak. Agian aurpegiren bat salbatu da ezabapenetik, edo izen-abizen batzuk gelditu dira burmuinaren zimur batean ezkutaturik, baina inguruan dudan batzuen trebetasunak ezerezean uzten ditu arrasto horiek.

Nor den ulertzen dudanean, batzuetan iruditzen zait iraganetik etorri zaidan hori, urtetan aurrera egin ondoren ere, ederragoa dela orain sasoi urrun hartan baino. Ez zait iruditzen ezer zizelatu behar dudanik, memorian nuen aurpegi horri asko falta zitzaiola gaurko edertasunera heltzeko.

Adiskide batek esaten du zahartzeak egiten duen mina baretu nahi duen asmakizuna dela hori, edonor dela ederrago umetan edo gaztetan. Izan daiteke, baina edertasuna gazteriarekin lotzen duenak ere teoria bati ematen dio amore. Ezin uka aurpegi ederrak daudela helduaroan, baita zahartzaroan ere. Ez denak, baina bai batzuk.

Beste kontu bat da zer axola duen edertasunak, ze garrantzi ematen diogun itxurari guztiok, bereziki emakumeok. Baina iruditzen zait gaztetako edertasuna inolako merezimendurik gabeko dohain bat dela. Zahartzarora eder heldu den horrek, ordea, meritu handia du.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aurpegiak ezagutu