Borrar
Bai horixe

Diruaren hotsa

Prezioen gorakada katagorriaren abiaduran, beherakoan dortokarenean

Lunes, 7 de octubre 2024, 02:00

Harrigarria baino hunkigarriago iruditu zait zeinen arin heldu zaion etxean erosten dugun ogiari BEZaren aldaketa. Urriaren lehen egunean bertan, goizeko bederatzietarako, prezio berria prest. Premiazko elikagai batzuen BEZak behera egin zuenean ez zen hain arin heldu aldaketa, batzuetan ez zen inoiz heldu.

Prezioen gorakada katagorriaren abiaduran, beherakoan dortokarenean. Eta esaldi hori gehiegizkoa iruditzen bazaizu, begiratu zer gertatzen den gasolinarekin petrolioak merkatu orokorrean gora edo behera egiten duenean: askotan beherapena bidean galtzen da, merkatuak irensten du, baina gorakoan automatikoa da gasolindegietako prezioetan aldaketakak duen eragina.

Inguruko helduen hitzak ulertzen hasi nintzenetik entzun dut lelo hori, prezioen berezko joera gorakoa dela, behintzat eguneroko bizitzari dagokionez, hau igo da, hura ere bai. Noski, ikusi dut produktu batzuk hasieran garesti eta ondoren merkeago bilakatzen direla, teknologiaren kasuan zehazki. Baina hori araua baieztatzen duen salbuespena besterik ez da.

Ados, badakit diruaz hitz egitea ez dela dotorea, ez garela iparramerikarrak. Diruaren inguruko hitzak dotoreak dira kopuru izugarrien inguruan jardun ezkero, makro esaten zaion neurrian. Mikroan, berriz, gutako edozeinen diruaren inguruan, dotoreagoa omen da isiltasuna. Azken batean, xentimo batzuen igoera besterik ez du izan ogiak eta beste elikagai batzuk berdintsu eta xentimo gorrixka horien txanponak bazterretan galtzen dira. Dotorea da, jantzia, milioiak aipatzea, ez xentimoak.

Tarteka, oso noizean behin, zerbait erosterakoan euroaren aurretik pezetetan zuen prezioa orain ordaintzen ditudan euroekin alderatzen dut, masokismoak jota: hirurehun pezetatik gora egunkaria, ia beste hainbeste taberna xume hartan hartutako kafea? Orduan zorabio batek itzularazten nau zentzu onera, kirol hori arriskutsuegia delako, kaltegarria oso osasunarentzat.

Ez ditut hemen aipatuko benetako diru eskasian bizi direnentzat asmatu diren esaldi kontsolagarriak, horiek ere xentimoak baitira. Dirua milioika kontatzen dutenentzat ez dago horrelakorik. Agian horregatik tematzen dira pilatutakoa biderkatzen, mugarik gabe, irrika aseezinaz.

Antza, marmarrean protesta egitea besterik ez zaigu gelditzen erositakoa ordaintzerakoan. «Es el mercado, amigo», diru arazorik ez duen norbaiten hitzetan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Diruaren hotsa