Ai ene, beste hauteskunde batzuk zerumugan, oraingoan Europako legebiltzarrerako. Madril urruti geratzen bazaigu, are Gasteiz, zeresanik ez Bruselari dagokionez. Estratosfera. Ia berrogei urte Europar Batasunaren kide egin gintuztenetik eta oraindik ez dugu ulertu/onartu zenbaterainoko garrantzia duten Brusela lainotsu hartan hartzen diren erabakiek gure egunerokoan, ... nola behartzen gaituzten han onartzen diren legeek.

Publicidad

Zer gertatzen da Europan, galdetzen du kazetariak edo estariak, gu Europa ez bagina bezala. Europan ez dago horrelakorik, esaten du gutako edonork, Europa atzerria balitz bezala. Europarrak ez dira hau edo bestea, ez gara hau edo bestea esan beharrean. Zer pentsatzen dute europarrek, europarrok esan beharrean.

Bitartean, gure arrantzaleek ezin dute nahi dutena nahi duten lekuan arrantzatu, gure baserritarrek Bruselatik datorren legedia errespetatu behar dute ekoiztutakoa saltzerakoan, gure garraiolariak indarrean dauden legeen menpe zeharkatu behar dituzte errepideak, pasaporte bertsua dugu guztiok eta arraroa egiten zaigu Europako herrialde batean gure euroek balio ez dutela jakindakoan.

Harantz, Europarantz begiratzen genuen, enbidiaz, garairik ilunenetan eta orduan bai jakin bagenekiela gu ez ginela han gertatzen zenaren parte. Orduan bai, orduan gauza bat zen Europa eta beste bat gu, eta etxeko kateetatik libre sentitzen ginen Behobiako muga zeharkatu bezain laster. Han erosten genituen hemen debekatuak zeuden liburuak, diskoak, are arropa eta hainbat janari, han miresten genituen ikurrinak, airean zabalik.

Publicidad

Orain, batzuentzat amets hura amesgaizto bilakatu da eta gehienongan axolagabekeria besterik ez du eragiten. Horregatik izan ohi da hain txikia hautesle kopurua hauteskunde hauetan, nagiak hartzen gaituelako. Total, zer da boto bakarra milioika botoren artean, zer aldatuko du hondar ale batek.

Eta, halere, axola zaigu, batez ere, nahi ala ez, Bruselako funtzionarioak eta bozkaz aukeratutako diputatuak bezain europar garelako. Eztabaida dezakegu nondik ekarri dizkigun haizeak zerua laino beltzez estaltzen duten muturreko eskuinaren indarrak. Zer nahi den, hemen ditugu eta haiei bai axola zaiela Bruselak esango duena, barra-barra joango dira bozkatzera, oldartsu, banderak zabalik.

Publicidad

Egun gutxi dituzte alderdi politikoek gure nagia bazterrarazteko eta hautesleria gogorik gabe dago, botoa ematea izugarrizko lana balitz bezala.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad