Secciones
Servicios
Destacamos
Dirudienez, festek bereizten gaituzte beste guztiengandik, nola bizi ditugun, nola antolatzen ditugun, horren bila omen datoz sarritan kanpotarrak. Eta festak, film hartako bizikletak bezalaxe, udarako dira, donostiarren baimenarekin. Beraz, atarian gaude, laster festaz festa herriz herri ibiltzeko sasoia izango dugu.
Eta horrek, hemen eta orain, oraindik arazo den kontua jartzen du lehen mailan: nola bizi festak berdintasunean, nola onartu emakumeok ere festa eskubidea dugula, batzuetan gose bilakatzen den eskubidea. Hori izan zen lehen pausoa, aspalditxoan eman zena, baina oraindik orokortu ez dena. Hain aurrerakoitzat dugun Euskal Herri honetan emakume batzuk debekatua dute festen erpina den eginkizunetan parte hartzea.
Mantso, nekez, baina gizon eta emakumeon arteko berdintasuna aurrera doa esparru gehienetan. Mantso, asko direlako, oraindik, berdintasun horretan arriskua ikusten duten gizonak, festetan emakumeak bai, baina haien zerbitzura, haien nahiak asetzeko prest, ez beste ezertarako. Nekez, ez direlako gutxi gauden puntuan eroso bizi diren emakumeak, gauden horretatik pasa nahi ez dutenak, festetan parte hartu bai, baina ez berdintasunean, espaloitik, gizonak txalotzen.
Irunen, adibidez, duela urte batzuk abiatu ziren atzerabide zaila duen norabidean, bi Alarde, bakoitza bere bidetik, lerro paraleloak nola, elkartu ezinean. Hondarribian, berriz, urruti dago batzuk irtenbidetzat hartzen duten bide bikoitz hori, neskak neskekin, mutilak mutilekin, beltzak beltzekin, zuriak zuriekin.
Gurean paralelo zaleek tradizioa aipatzen zuten lehen beraien jarrera zuritzeko. Horrela izan da aspalditik eta horrela jarraitu nahi dugu, aldaketak egin dira, aspaldian nahiz atzo, baina festaren muinari kalte egiten ez dioten aldaketak dira. Orain, poliki-poliki, beste argudio bat plazaratzen dute: eskubideena, guk gurea gauzatzeko eskubidea dugu, Madrilen pandemia garaian garagardoak hartzeko eskubidea aldarrikatzen zuten bezala, libre gara, are beste emakumeekiko debekua inposatzeko orduan.
Nola bizi festak berdintasunean, nola ezkondu gutako bakoitzak askatasun hitza aipatzerakoan barruan gordetzen duena. Eskubide batek, askatasunaren kontzeptu batek beste iritzi batekin talka egiten duenean, talka hori esparru publikoan gertatzen bada, legeak erabakitzen du zerk duen lehentasuna.
Zertarako? Besteak beste, desberdin direnak elkartzeko, besterik ez bada ere, urtean behin.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.