Secciones
Servicios
Destacamos
Franco hil zenetik berrogeita hamar urte betetzen diren honetan, berriz asaldatu zaizkigu horretaz hitz egin nahi ez dutenak. Zehazkiago, Francoren izenaren atzean gordetzen den guztia ezkutatu nahi luketenek igo egin dute asalduraren tamaina. Lelo zaharrari eutsi diote oraingoan ere, ez omen dira zauria zaharrak berrireki behar. Ulertzen dut: beraien zauriak, egotekotan, atzamar arinak dira eta ez dituzte gogoan beste batzuoi hezurretaraino heldu zitzaizkigun zauri zornatuak. Horiek ez dira itxi, ezikusiarena egiteak ez ditu sendatu.
Ez dakite edo ez dute jakin nahi nire belaunaldiko askok eta askok trauma erantsi bat duela, gutako bakoitzaren bizitza pertsonaletik haratago doana. Noski, gutako bakoitzak bere trauma propioak ditu, bizitzak eragindako zauriak. Nork bere traumak, nola ez, baina gure kasuan frankismoa trauma izatera ere heldu da, bereziki familia galtzaile eta kaltetu batean sortu ginenontzat. Eta ez gara gutxi oraindik bizirik gaudenok. Zauri horiek ez zaizkigu batzuoi itxi.
Hil ziren gerran parte hartu zuten gehienak, haurtzaroan gerra bizi izan zuten asko ere ez dira gelditzen. Argia da estrategia: beste hamarraldi gutxitan frankismoaren trauma dugunok ere hilko gara eta hor konpon, Marianton, hortik aurrera inork ez du gogoratuko frankismoaren aldekoek askori egindako zauriak. Berdin izango da Franco aipatu edo Boabdil. Urrutiegi biak ala biak, ez bada historiagileentzat.
Iskanbila errepikakor honetan gauza bat gertatu zait deigarria. Alegia, nola azpimarratzen den Franco ohean hil zela, horrek antifrankiston arrazoiak baliogabetuko balitu bezala. Bere ohean, esaten dute batzuetan, ospitaleko ohean hil bazen ere. Non hil behar zuen ba diktadoreak, aurkakoek arrazoi zutela frogatzeko? Ez bazara heriotze zigorraren aldekoa, pentsatu behar zenuke edonork ohean hiltzeko eskubidea duela, berean nahiz ospitalekoan. Franco atentatu batean hil izan balitz, pisu handiagoa lukete antifrankiston argudioek, borrokek, minak?
Diktaduraren garaian asko eta asko bizi zen lasai baino lasaiago: diktaduratik zenbat eta hurbilago, orduan eta erosoago. Ez ziren ere gutxi Francoren babesean aberastu zirenak edo galtzaileei zuten guztia lapurtu ondoren estuasunik gabe bizi izan zirenak. Tartean estatu espainola bera, naziek Parisen lapurtutako eraikinaren jabe bihurtua. PP-koentzat, Gestapok zuen arrazoia, ez Parisko eraikinaren legezko jabeek.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.