Borrar
Bai horixe

Gezurraren gezurrak

Nork bere buruari esandakoak dira gezurrik ugarienak eta antzematen zailenak

Lunes, 9 de septiembre 2024, 02:00

Txikitan irakatsi ziguten gezurra bekatu zela, arina edo larria, gogoratzen ez dudan irizpidearen arabera. Irakatsi ziguten gezurra ez zela, soilik, errealitatearekin bat ez zetorren zerbait. Ez, gezurrak, izen hori mereziko badu, beste norbait engainatzeko intentzioa behar duela esan ziguten. Hitzez hitz, «con intención de engañar», memoriak esaten didanez. Alegia, ikasi genuen derrigorrezkoa zela bestea engainatzeko asmoa, hori gabe hutsegitea izan zitekeela, oker bat besterik ez.

Ez dakit definizio hori indarrean ote dagoen gaur egungo dotrinan, baina, horrela balitz, «gezur» kategoriak ez luke balio nork bere buruari kontatzen dion zerbaitentzat, ezta memoriak kontatzen digunarentzat ere. Ekarri gogora aspaldiko edozein gertakizun bertan esku hartu zuen norbaitekin batera eta berehala egiaztatuko duzu ez duzuela gertakizun bera modu berdinean gogoratzen. Gehitu kontakizunari beste lekuko bat eta, seguruenik, hirugarren bertsio bat lortuko duzu. Eta gerta daiteke inork ez izatea norbait engaina-tzeko asmorik.

Bizitzak irakatsi dit nork bere buruari esandakoak direla gezurrik ugarienak eta antzematen zailenak. Ez dakit zenbat aldiz errepikatu behar diozun egia borobila ez den zerbait zure baitari, gezurrak egiaren mozorroa jantz dezan, baina jakin badakit guztiok lortzen dugula, halako batean, gure niak behar zuena eta gehienetan sinetsi egiten ditugula memoriak kontatzen diguna, gutxitan hobesten dugula bestearen bertsioa.

Baina lurra laua dela defenditzen duena gezurretan ari da, sobera frogatu baitu zientziak, oso aspalditik, lurra borobila dela? Edo erlijio honek edo besteak fededunari sinetsarazten dizkion kontuak sinesten dituena gezurretan ari da, gezurretan metaforarik aldrebesenak egia borobiltzat hartzen dituena? Guztiok gara sinesbera, nor bere mailan, noski.

Gainera, nola antzeman, nola igarri norbaitek gu engainatzeko asmoa duen ala ez? Hamaika dira gorputz hizkerari erreparatzea gomendatzen dutenak, dela eskuen mugimenduari, dela begiradaren norabide aldaketari, dela kopetaren zimurrei. Baina, onar dezagun, gezurren kontra eraikitako hesi guztiek dituzte zirrikituak.

Ez da atsegina, baina iruditzen zait onartu behar dugula ez dagoela gezurren aurkako erabateko defentsarik. Are gehiago, egiaz mozorrotutako gezur arinak bekatu dira beti edo, egoera batzuetan, hobe gezur txiki bat egia handi bat baino?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gezurraren gezurrak