Borrar
Bai horixe

Irakasle onak

Lanean, baina ikasleak errespetatuz, ikasleak gutxietsi gabe

Lunes, 16 de septiembre 2024, 02:00

Hezkuntza maila desberdinetako irakasleekin egoteko aukera izan dut uda honetan. Esan dezadan betidanik miretsi izan dudala lanbide hori eta agian horregatik ez naiz sekula irakasle izatera ausartu. Aitzakia eta guzti aurkitu dut aukera hori izan dudan gutxitan ezetz esateko. «Asko dut ikasteko, gutxi irakasteko» edo antzeko zerbait.

Izango nituen nik, eskola garaian, irakasle onak, baina ez dut gogoan halako marka utzi zidan irakaslerik, ez, behin- tzat, mojen artean ibili nintzen bitartean. Ezagutzen ditut bizitzan hartu duten bidea irakasleren bati eskertzen dioten pertsonak, baina tamalez ez da nire kasua.

Uda honetan aurrez aurre izan ditudan irakasleak adin guztietakoak izan dira, gizon eta emakume, hasiberriak eta erretirotik oso hurbil daudenak. Gehienak, ordea, nerabeekin lan egiten duten irakasleak izan dira. Eta, noski, entzun ditut kexa batzuk, nola ez baina, oro har, beste zerbaitek miretsi nau, hain zuzen, lanbidearekiko duten maitasunak hunkitu nau, nork bere lana hobetzeko egiten duen ahalegina.

Entzun ditut ikasle zehatzak aipatzen, zailenak gehienetan, eta entzun dut nola trukatzen dituzten esperientziak. Nik izan nuen horrelako ikasle bat eta modu honetan egin nien aurre oztopoei, edo nik beste bide bat hartu nuen, agian oker nengoen... Eta oporretan zeuden, orduan urruti zirudien ikasturte berriaren hasiera. Gainera, guztiak ziren sistema publikoan lanean ari diren pertsonak.

Hori guztia ikasleak errespetatuz, ikasleak gutxietsi gabe. Behin baino gehiagotan pentsatu nuen agian elkarrizketak gehiago zuela nahi zutenetik ikusten zutenetik baino, baina seguru ez zirela gezurretan ari. Enbidia eta guzti eman zidan ez zitzaidalako niri horrelako irakaslerik suertatu haurtzaro osoan.

Kexarik bitxiena unibertsitateko irakasleak bota zuen. Kontatu zuen eskolak ematen ari zela bere aurrean ikasleren bat mugikorrari begira ikusten bazuen, baikor izateko ahaleginak egiten zituela, esaten ziola bere buruari agian berak esandako zerbaiten hari batetik tiraka ari zela ikaslea. Beste zerbait gertatzen omen zaio jasanezina: neskak etengabe ilearekin bueltaka jarduten dutela, mototsa lotu, askatu, ilea aurpegitik kendu, aurpegira zuzendu, orain ezkerretara, orain eskuinera, orain bizkarrera. Horrelakoetan, esan zuen irakasleak, munduko pazientzia guztia ez zait aski.

Ze zaila den irakasle ona izatea eta ze errespetu eskasa eskaintzen dien halakoei gizarteak. Arrazoi nuen irakasle izateari uko egin nionean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Irakasle onak