Borrar
Bai Horixe

Ni, neu, niretzat, nirekiko

Orain nire burua da munduaren zilborra, ardatza, heldu da nire txanda

Lunes, 5 de agosto 2024, 02:00

Taberna batean garagardo bat edo freskagarri bat hartzen dugunean, ez zaigu axola ze baldintzatan egiten duen lan zerbitzariak. Hotel batean gaudenean ez zaigu axola gela garbitzen dutenen egoera. Supermerkatuan erosten ari garenean ez diogu erreparatzen langileen lan ordu gehiegizkoei. Inguruko norbait zahar egoitza batera eramaten dugunean, ez dugu aintzat hartzen langileen lanaldia. Anbulatorioan edo ospitalean sartzen garenean ez gaitu kezkatzen bertako langileen lanpostuen finkotasunak.

Eta, halere, jarraitzen dugu pentsatzen orohar pertsona zintzoak garela eta, nola ez, zerbitzurik hoberena merezi dugula, edozein egoeratan eroso egotea dela lehen legea. Telebistan azaltzen den iragarki batean esaten den bezala, hori eta gehiago merezi dugulako. Inor gutxik esango dizu ni neurekoia naiz.

Nork berea defenda dezala da lelo nagusia eta ni esatetik gu esaterako pausoa ematen dugunean ere gu horrek zabalera eskasa izan ohi du, bizpahiru pertsonetara heltzen da gehienetan. Traineruak iragana dira, errealitatea bakarkako ontziz josia dago, gehienez, batel txikiak.

Gero errepikatuko ditugu gu horri buruzko esaldi borobilak, horren beharra sentitzen dugunean. Bakarka ezer gutxi gara, taldean dago indarra eta antzekoak. Itsasontzi berean goaz guztiok eta norabide berean egin behar dugu arraunean. Hitzok, ordea, ez dute errealitatea aldatuko, gehienez jota ere, ezkutatu egingo dute, mozorrotu, apaindu, itxuraldatu.

Eta hori tradizioaren arabera guztien ongia lehenesten jakin izan duen gizarte batean. Hain zen garrantzitsua gure gizarte tradizionalean taldearen zeregina, ze euskarak duen hitz ederrenetako bat asmatu behar izan baitzuten adigai hori adierazteko: auzolana. Baina gaur tradizioa aipatzen denean, gehienetan, iraganeko irudi gozoa, folkloretik hurbil dagoen zerbait seinalatzen da, ez talde jokaera bat.

Gu ere ni-aren zurrunbilo horretan erori gara eta kosta egingo zaigu bertatik irtetea. Okerrago, joera hori ez da, soilik, gizarte tradizionala ezagutzen ez duten gazteengan nabarmentzen. Ez, zaharrongana ere heldu da. Nahikoa egin nuen gaztetan eta helduaroan, nahikoa eta gehiago. Orain nire burua da munduaren zilborra, nire txanda heldu da.

Eta bai, badaude, oraindik erresistentziak, badaude ni-aren uholdeari kontra egiten diotenak, gu-a lehenesten dutenak, gazte, heldu zahar. Ez dira nabarmentzen, ez daude modan, baina egon, badaude.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ni, neu, niretzat, nirekiko